Nire mundua iruditanJanuary 30, 2006 8:40 am
edurra

Astegoien honetan, Artziniegako kaleek soineko zuria jantzi dute.

KontariJanuary 25, 2006 4:25 pm
Urduñako eskolako ipuingintza ikastaroan proposatutako joko batetik ia nahi gabe sortu den istoriotxoa.
bestemundu

Amaigabea dirudien lautada idor bat aurrez aurre duela, Amaia konturatu da oroitzapen batzuk doi-doi gordetzen dituela burmuineko azken bazterrean: goizeko kafearen gozotasun mikatza, kotxeko irratiaren ahots mekanikoak edota iratzargailuaren distiraren kolore gorrixka. Horrelakoak. Orain beste irudi trinkoagoak dauzka kopetan joka: fresko, koloretsu. Irudi-zurrunbilo bat. Pentsatu du horiek denak beste mundu bateko gauzak direla orain, edo agian beste aro geologiko batekoak, kanbriarrekoak edo, batik bat egunerokotasun usaineko ateak, gelak, umeak, gurasoak… iruditzen zaizkio beste pertsona batek bizitako kontuak, baita bollo egunetan menditik zetorren haize zorrotza ere.

Egun argiko beroa ihesean dabil, presa baleuka bezala, arrakalaz josiriko landen haragoko zeruertzean ostentzen den eguzkiarekin bat. Amaia soinean luze jantzita daroan txilaban bildu da une batez, haimara itzultzeko nagitasun puntu batekin. Gustura dago benetako basamortua hasten den leku horretan, azken palmondoaren azpian. Beroaren atzetik hotza dator bidean ia konturatzeko paradarik eman barik. Ez da hotz arrunta, ostera, Afrikan baino ezin sentitu daitekeen sentsazio bat da, gure hotzetik hur dago baina beste izan bat beharko luke, ziur aski. Amaiak ebatzi du Azizi galdetuko diola gerotxoago zelan esaten zaion gauez dagoen sentsazioari, eta horrela esango diola aurrerantzean, hotz normaletik bereizteko.

Altxatu egin da, horrela, zutunik, eguzkiak alde egin baino lehenagoko azken unean egiten duen argizko marrari azken begirada bat botatzeko. Orduan, mundu nabar horri bizkarra eman eta palmondoen azpiko haiman murgildu da atzera ere, berotasunaren bila. Tearen usain gozoak egin dio harrera. Haimako zorua alfonbra handi batek estaltzen du. Erdi-erdian mahaitxo bat dago, eta bazterretan diban batzuk eta kuxin ugari. Fatma, Azizen ama, tea prestatzen dabil mahaiaren ondoan belauniko. Zerbait esan dio Amaiari, ea tea gura duen, edo agian ea hotzagatik –edo beste izen bateko horregatik- sartu ote den haimara. Ez dio ulertu, hiru egunetan zaila da-eta hizkuntza bat ikastea, baina hotzari buruz galdetzen diolakoan “Bai, hotza edo, gauez hemen hotz handia duzue eta!” erantzun dio. Azizek barre egin duenean jakin du Amaiak hotz konturik ez zegoela amaren itaunean, eta te-kikara seinalatuz baiezko keinu bat egin dio keinu baten zain dagoen andreari. Te beroa bota dio tazatxo batera.

Amaia kuxin biren gainean jarri da, erdi jesarrita, erdi etzanda, Azizen ondoan baina amaren aurrean maitasun keinurik egitera ausartu gabe. Gozoa da tea, Azizek Bilbon zeudenean prestatzen zionaren antzerakoa, are gozoagoa beharbada. Mutilak berbetan ibili da amarekin istant batez eta otzara txiki bat eskaini dio neskalagunari; “Hartu Amaia, hauek munduko gozokirik goxoenak dira”. Begi zuri handiekin esan dio eta neskak zeharo sinetsi du esandakoa: horiek dira munduko gauzarik goxoena, ez dagoelako beste aukerarik. Badira.

Gozokia jan ahala, behinolako oroitzapenak are lausoago bihurtzen zaizkio Amaiari, beste mundu batetik etorritako neskari. Orain tean, palmondoetan, landa ihartuetan eta Azizengan baino ez du pentsatzen, bai eta hango gauen hotz bereziaren balizko izenean ere. Itzuliko da inoiz iratzargailu ondora, umeen zalapartara, ikusiko du berriz ere bolloa mendi goietan, baina gordeko ditu egunok barruan, eta betiko izango ditu alboan, Azizen begi zurietan, haren azal ilunean marrazturik.

Nire mundua iruditanJanuary 10, 2006 5:51 pm
Txikitan misterio handia zen niretzat han barruan ostentzen zena. Eta ez bakarrik misterioa, baita altxorra ere, hain preziatua zenak nolabaiteko altxorra izan behar zuelako. Inoiz ez zitzaidan tokatu, ostera, eta urteekin zeharo galdu nuen altxorra aurkitzeko, nik neuk misterioa argitzeko itxaropena. Suerte txarra euki dut betidanik horrelako kontuetarako.

Lehengo egunean ere etorri zen roskoa etxera. Belu, armozua pasatu ostean, baina etorri zen. Arratsaldean hurreratu nintzaion, kutxilloa eskuan, altxorra neuk topatuko nuelakoan… baina ez, hantxe zegoen altxorra plateraren ondoan, topatua ordurako, plastikotxoan bildurik artean. Aurkitzaileari ez ei zitzaion iruditu nahikoa baliotsu eta jaramonik ere ez nion egin.

“Sigue buscando” esan zidan tximinoak bere triziklotik.
Diñot nikDecember 21, 2005 10:51 am
“Legutiano Aldeko Euskara” liburua nire eskuetara heldu zenetik banenbilen blogean erreferentzia edo komentarioren bat egiteko asmoz. Gaur arte, hala ere, ez dut egin, eta tartean beste blog batean hartu didate aurrea. Horrela deskubritu dut Frai Koldoren txokoa (Patxi Lurrak Arabaz eta euskaraz idatzi zuen mezu bati esker). Bitakora interesgarria da Frai Koldorena, rara avis bat gure blogosferan. Ez dut esango, beraz, jadanik esan ez den askorik.

legutiano

Imanol Garcia Uriartek eta Iganacio M. Carrerak idatzi duten liburua garrantzitsua begitantzen zait Arabako behinolako euskalduntasuna gaurkotu egiten duelako. Ez da asmo akademiko hutsagatik egindako argitalpen bat, ezpada Araban bertan oraindino bizirik dagoen euskalki bat ezagutzera emateko gogoz egindako dibulgazio-lana. Zeren askok Arabako jatorrizko euskara iragan urruneko kontutzat daukaten arren, kontua oso bestelakoa da, gure hizkuntzak bizirik iraun baitu Gasteizeko ateetan bertan duela urte gutxira arte. Izan ere, Billerle, Elosu edo Urrunaga Arabako lautadatik oso hur daude, Gasteiztik 15 kilometro eskasera, eta han, egileek eurek aitortzen dutenez, uste baino euskaldun gehiago topatu dute, baita oso hiztun onak ere. Beste inguru batzuetara ez gara garaiz heldu eta ezin izan da bertako euskara jaso (Zigoitia, Arratzu-Ubarrundia, Zuia, Aiara…), baina Legutiokoak zantzuak ematen digu pasa den mendera arte Lautadan egiten zen euskara deskubritzeko, zirrikitu batetik begiratzeko. Hortxe dago liburuaren garrantzia: Arabako euskalduntasunaren memoria eta oraina berresten du gaur egungo arabar euskaldunen gogoan. Horren zaharra ez den memoria bat.

Euskalduntzearen bidean beste pausotxo bat da. Azken urteotan asmo horrekin, oroimena berreskuratzea, idatzitako beste liburu batzuk plazaratu dira. Hala nola K. Zuazok Arabarrak Euskararen Herrian idatzi zuen eta Jabi Otsoa de Aldak Arabako Euskal Hotsak. Azken hori erakusketa ibiltaria ere izan zen eta herrialdeko herrietan barrena historian zehar gure hizkuntzaren gaineko izan diren testigantzak ezagutzera emanez.

Azken batean, oroimena behar da-eta geroa jorratzeko. Beste gauza asko ere bai, jakina, baina oroimena bazterrean utzi barik.
KontariDecember 16, 2005 12:59 pm

Duela hilabete batzuk idatzi nuen ipuin baten bertsio laburtua eta arteztua.

Normalean aurpegi bertsuak ikusten ditu egunero. Harantz eta honantz dabiltzan aurpegiak, beti nonbaitetik nonbaitera bidean. Baten bat, oso noizbehinka, bere parean edo aurrean geratzen da, eta begiratu egiten dio. Geratzen ez direnetako batzuek ere begiratzen diote, egia esan, lepoaren mugimendu arin batez-edo. Horrela ikasi du –urte batzuk kostatu zaion arren- pertsonen begiradetako ñabardurak bereizten eta sailkatzen.

Hasieran, dena hasi zenean, denak berdinak begitantzen zitzaizkion, ez zen gai begiradak ezberdintzeko, nahiz eta den-denak, salbuespen barik, mingarriak izan. Denborarekin, hala ere, detaileak igartzeko gaitasuna hartu du, begirada bakoitzari kolore bat antzemateko boterea, asmo ezkutu bat barruntatzeko. Horrela sortua du bere Katalogoa, katalogo zabala. Belztasun ilunetik zuririk zurienerako doazen begiradak bilduta dauzka, tonu kromatiko guztietakoak: tonu beigeak asko dira, errukiz beterikoak, leunak: laranjak ere ez dira falta, aupada bat eman gurean-edo jaurtitzen diren begirada horienak. Urdinak, fuksiak, marroi berdexkak… kolore-sorta ugaria da, ugariegia agian, begiraden koloreak baino ez dauzkalako, berben itxura eta tonua inon agertzen ez delako. Burua mugituz bideratzen diren begiradak arinak ia inoiz ez dira berba bihurtzen.

Urte asko dira bizitza Arkupetatik ikusten zuela eta salbuespenak ezkerreko eskuaren atzamarrekin zenbatu litzake. Eskumakoekin ez, ze eskuman bi falta dituen eta horiek ez dira atzamar nahiko. Edozelan ere, salbuespen horietako bat sarritan errepikatzen da. Astean birritan gertatzen zen, zehatzago esateko. Orduan Señora Hortensia joaten zaio-eta Arkupetara bisitan.

Señora Hortensia ez da bakarrik joaten, gainera, aldean beti eroaten du tortilla puska bat tuper batean, hau da, patata, arrautza eta kipulako artelana, eta Jacinto izeneko gizon bat. Heldu eta esaten dio, lehenengo “Manuel, gura duzu tortilla puska bat? Hartu ba, gizon, ez izan kokoloa” eta gero, bera aurreneko haginkada ematen dabilela “Manuel, kontatu dizut inoiz Jacinto eta biok Canariasera joan ginenekoa?”. Kontatu dio, bai, baina ez du axola, eta Manuelek adi entzuten du zelan uda izan arren hamar egunetan euria egin zuen, eta zelan egon ziren Jacinto eta Hortensia hondartzan euripean paseatzen, edota zelan ihes egin zuen Jacintok kuarteletik Hortensia artean “señora” ez zenean ikustearren. Manuelek ere kontatzen dio zerbait tortilla amaitzen duenean, gehienetan eskumako eskuko atzamar biak zer dela eta galdu zituen. Beti ez da berdin, zeren egun batzuetan esaten dio herriko jaietan bolandera batek eskuan lehertu egin zitzaiola eta atzamarrak birrindu zizkiola eta beste egun batzuetan, berriz, gogoratzen da aita arotza zuela eta txikitan tailerrera sartu zela eta olgetan hasi zelan erremintekin. Biak benetakoak iruditzen zaizkio, biak jazo ziren- eta, atzamarrak noiz galdu zituen oso ondo ez badaki ere.

Gaur goizean ere Manuelek Hortensia ikusi du plaza zeharkatuz, merkaturako bidea apurka-apurka eginez, gurpildun karrotxo laukiduna aldean daroala. Ordu erdi inguruan atzera ere pasatu da etxera bueltan, eta Manuelek hantxe jarraitzen zuen -non bestela. Baina Hortensia ez da atarian sartu, ezkerretara egin du eta Manuelengana hurreratu da, astiro. “Manuel, gura duzu tortilla puska bat? Hartu ba, gizon, ez izan kokoloa”. Manuelek hartu egin du tuperra inoiz baino handiagoa begitandu zaio. Handiagoa da, duda barik, eta barruko tortilla ere bai. “Eta hau?”, “pentsatu dut biharko ere nahi izango zenuela, eta hau ere ekarri dizut” eta lukainka potolo eta luzea atera du karrotxo laukidunetik “egun batzuetarako eduki dezazun”. Orduan, buelta eman du eta etxera joateko keinua egin, “nora zoaz Hortensia? Gaur ez da Jacinto etorriko, ala?” Antiojuen atzetik begiratu dio, eta Manuel konturatu da kristal lodien osteko begirada hori dela katalogotik gehien gustatzen zaiona. Berde apala da, trinkoa eta leuna. “Ez, gaur ez da etorri. Semeak esan dit Jacinto ere erresidentzian dagoela. Hantxe dago, Manuel, semeak esan dit. Bestela ez nintzen joango, ez pentsa”.

Iluntzean hotz egin du. Iparrak inetasi apurrak ere nahastu ditu euriarekin. Manuel ez da jantoki sozialera joan, arkupetako txokoan jesarri da, kartoien gainean, eta bere mantarekin estali du gorputza, hotzetik babestearren. Hortensiaren tortilla osorik jan du, ase arte, eta labana hartuta lukainka xerra potoloetara bihurtu ditu. Gero, trago luze-luzea eman dio tetrabrikeko likido gorrixkari.

Inoizko begirada kolektiborik handiena izan du gaur, gaueko ordu batean, anbulantzien eta ertzaintzaren argipean bere gorpua errekatik atera dutenean. Ezin izan ditu, ostera, bere katalogoan sartu. Bazeuzkan eta.

begiak

Diñot nikDecember 12, 2005 7:22 pm
Oker dabiltza kirola pasio politikoetatik eta nortasun-sentimenduetatik bereizi nahi dutenak. Ez diot desiragarria ez litzatekeenik kirolaz bere soiltasun eta edertasunean gozatzea, kirol ez kutsatu bat lortzea, ez, baliteke hori polita izatea. Edo agian ez, auskalo. Nik honako hau baino ez dut esaten: utopia hutsa da, hori egitea gizartetik beretik bereiztea litzatekeelako, eta hori, ulertzekoa denez, oso gaitza da. Eta gainera ezinezkoa.

Adibide hurbilak ugariak ditugu. Gaur, lotura ukaezin hori berresten duen albiste batekin bazkaldu ditut eguerdiko indaba zuriak: Oleguer Presas ba ei doa kontzentrazio batera Espainiako selekzioak deituta. Eta ez hori bakarrik, Luis Aragonesek – egunetik egunera Floquet de Neu-ren antz handiagoa duen agure maitagarri horrek- txalo adiskidetsua eman dio aurpegian. Berriak ez luke izango ezer berezirik kontatuko Oleguer Presas Kataluniako ezker independentistako militantea ez balitz, gaurdaino behin baino gehiagotan esan izan ez balu ez zaiola grazia handirik egiten Espainiako kontu hori guztia edota azkenaldian Kataluniako selekzioen aldeko kanpaina bat burutzen arituko ez balitz.

Albisteak, noski, hautsak harrotu ditu independentisten artean. Batzuei euren kirol-idolo politikoak huts egin ei die, eta gaurdaino aitortu dioten koherentzia bat-batean desagertu da, beste botifler bat bihurtzeraino. Beste batzuek ez dira hain gogorrak Oleguerrek hartu duen erabakiarekin (kontzentrazio batera baino ez da joan, egia esan, ez du partidurik jokatu) eta justifikazioak bilatzen dituzte: ezpabere LFP-k isuna jarriko diola, bere karrerarako garrantzitsua dela uko ez egitea, diru asko duela jokoan, gertatzen dena gertatzen dela lan asko egiten duela bere ideien alde… Vicent Partal kazetariak ere artikulu labur bat idatzi du honen harira, esanez, besteak beste, ondokoaren moduko gauzak:

Oleguer azkenean badoa, ez dut ukatuko triste sentituko naizela. Baina ez ordea bere jarrerarengatik. Triste sentituko naiz bera bezalako pertsona batek, herriaren alde hainbestetan agertu den pertsona batek, nahi ez duen leku batera joatera behartuta ikusi duelako bere burua. Horixe da zorigaitza: aukeratu ahal ez izatea; jendeak hautatzeko ahalmena ez izatea, egin nahi ez lituzkeen gauzak egin behar izatea.

Adierazpenei erreparatzen hasita, bitxiak suertatu zaizkit Ernest Benach-ek egin dituenak. Izan ere, euskal erreferentziak ezin ziren alde batera utzi eta Kataluniako Parlamentuko Presidenteak gogoratu gura izan du “geroztik Herri Batasunan ardura politikoak (sic) izan zituztuen jokalariek ere Espainiako selekzioarekin jokatu zutela” eta beraz, ezin zaiola Oleguerri ezer leporatu. Suposatzen dut Benach jauna Jose Angel Iribarrez ari zela, nahiz eta ez nagoen batere ziur zarauztarrak inoiz izan duen “ardura politikorik” HBn. Egia da, dena den, gure artean inoiz ez dela jazo Oleguerrekin gertatutako gatazkaren antzekorik, eta aukera politikoen gainetik futbolari gehienak (eta gainontzeko kirolari gehienak, Aratz Gallastegi rugbylaria izan ezik, oker ez banago) txintxo-txintxo joan direla Espainiako selekzioetara. Ikusiko dugu Oleguerrek zer egiten duen. Kik, bitartean, bere alde esan behar dut inoiz ez dudala ikusi halako konpromiso politikoa kirolari batengan.

Topiko batekin amaituko dut hankabururik gabeko hausnarketa astelehenitikoa: Football is football (eta politika, baten baten zalantzarik baldin bazuen).

oleguer
Diñot nikDecember 5, 2005 3:47 pm
Arantzazun egin zen Euskararen Jatorriari buruzko kongresuaren harira iritziren bat entzun eta irakurri dugu hedabideetan, hala nola, Josu Naberanek GARAn ateratzen dituen artikulu luzeak. Aurreko astean, adibidez, Radio Euskadiko “La Casa de la Palabra” irratsaio ederrean agertu ziren kongresuko antolatzaile batzuk euren teoriak eta asmoak azaltzen: zer dela eta antolatu zuten biltzarra, zeintzuk diren asmoak, teoriak zertan diren… bai eta aipamenen bat egin biltzarra kontuan hartu ez zutenentzako. Zehazki, Josu Naberanek esan zuen oker dabiltzala euskara hizkuntza isolatua dela esaten duten horiek, eta arlo hori ikertu beharra dagoela.

Neurri batean ados nago horrekin, ez dago arlo hau alde batera ikertu barik utzi behar, horretarako interesa dutenek gogotsu ekin behar diote, gura izanez gero, eta debate filologikoa sortu -euskarak duen erronkarik garrantzitsuena begitantzen ez zaidan arren. Baina egitekotan ganoraz egin behar da, eta XIX. mendeko teoria sasi-mitologikoak alde batera utzita. Ezin dena egin da Naberan jaunak egin zuena esaldi bakar batean: lotu eta nahastu esaldi bakar batean ezelako beldur barik euskara, bereberea, etruskoa eta Ameriketako indigenen hizkuntzak, bestelako justifikaziorik eman gabe. Halako ustezko romanismo bat gainditu nahian, Naberan jaunak eta beste batzuek frogatu nahi dute euskara munduko ia hizkuntza guztien oinarrian dagoela eta orain arteko ustearen kontra, ez dela latina izan euskaran eragin handia izan duela, ezpada alderantziz, euskara izan dela latinaren sorreran protagonista. Zelan? Bada oso erraza, latinak hizkuntza etruskoaren eragin handia jasan zuen, eta etruskoa eta euskara ahaideak eta ia gauza bera direnez (inork ez dakien arren etruskoa zelakoa zen zehatz-mehatz), horra hor ondorioa: euskarak latinarekin komunean dituen hitzak ez dira latinaren maileguak, euskararenak baizik. Hori bota eta lasai-lasai geratzen dira batzuk.

Deigarriena da, gainera, teoria hauek espekulazio hutsean oinarritzen direla, normala den bezala, erro eta hizkuntza-forma batzuen interpretazio pertsonalean. Baina gero, ostera, egia zientifiko moduan azaltzen dituzte dena frogatutzat balego bezala eta agerikoa balitz bezala Europako toponimia osoa euskalduna dela, sumeriera euskareren ahaidea zela eta bestelako gauza gutxienez eztabaidagarri batzuk, nabajo edo etruskoena kasu.

Zientifikotasuna barik, zientzia fikzio nahikoa fiktizioa ikusten dut nik hor, baina tira, bejondeiela… Nabajoak euskaraz, zuk zergaitik ez?
Nire mundua iruditanNovember 26, 2005 8:04 pm
goardasolak2
Diñot nikNovember 21, 2005 8:20 pm
Uste dut betidanik egin diodala jaramon gehiago -edo behintzat parekoa- zelai berdearen inguruko paisaiari belar gaineko jokoari baino. Azkenaldian, halabeharrez-edo, are sarriago ibiltzen naiz horrela nire jesarleku gorritik, San Mamesera joaten naiz giza-paisaia ikuskatzera, aurpegiak, keinuak, erreakzioak jasotzera, interpretatzera. Aitortzen dut sasoi batean normalagoa nintzela eta futbolaren sukarrak hartzen ninduela, eta orduan nerbioak jota edo neurri bako poztasunak jota ematen nituen partiduak, beharrezkoa bazen arbitroari bereak eta bi esanez. Kuriosoa da gizakion bat-bateko aldaketa simiotikoa. Baina aspaldi baretu zitzaidan gaixotasun hori eta orain domeka arratsalde futboldunak beste modu batera bizi ditut, bizitzaren beste ikuspegi bat neureganatu dudalako beharbada. Eta eskerrak, bazterrak ez dabiltza eta nerbioetarako.

Atzo horretan nenbilen, lasai-lasai Alaves gure Athletic sainduari egitean ari zitzaion triskantza ikuskatzen, ikusle aseptiko baten paperean sartu gurean-edo, azken partiduetan bezala. Egoerak ez zeukan festa aurpegirik, ez horixe, eta jendeak, ikusleek, ezer gutxi esan edo egiten zuten. Partiduak aurrera egin ahala, gainera, halako behelaino trinko bat barreiatu zen harmailetan eta zaleak isilik geratu ziren, gehienak mutututa, animo-oihu isolatu bat edota kexa ozenen bat gorabehera. Itxura antzekoa zeukaten aurpegiek. Ia beti gertatzen da horrela sentimendu bat kolektibo bihurtzen denean: poza denean negusi, jendearen aurpegietara begiratu eta irudituko zaizu denak direla senideartekoak, poz kolektiboak bisaiak berdintzen dituelako; eta haserre kolektiboak berdin, eta desesperantza kolektiboak beste horrenbeste. Atzokoa desesperantza zen, edo hori ez bazen orain burura (edo atzamarretara) ez datorkidan eremu bereko sentimenduren bat. A bai, etsipena, horixe zen. Aurpegi eta buruetatik gorakoak ere bazeukan berea: partidu hasieran aireak astintzen zituen bandaratzar zurigorriak geldirik zeuden, izozturik, eta fanfarre bien musika alaiak kontraste patetikoaz jantzen zuen dekoratua. Ustezko protagonistak, praka laburrekoak, ezinean, zaleak kao, eta fanfarreak etengabe “Antero Txaparrotia” eta “A por ellos, oe”. Absurdoaren jaia.

Orduantxe erdi patetikoa erdi barregarria zen antzezlan horretako batzuek hijo de puta esan zidaten. Tira, niri bakarrik ez, ezpada tribunetan jesarrita geunden guztioi, antza. Hasieran arraroa egin zitzaidan, baina gero argi heldu zitzaizkidan gaztelaniazko berba politok. Tribuneros hijos de puta. Ni más ni menos. Garrasilariak haserre ei zeuden “tribunakoek” ez zutelako animatzen, batek baino gehiagok alde egin zuelako Yestek penaltia huts egin zuenean, eta txistu bakanen bat dedikatu zitzaiolako taldeari. Ez zitzaidan gertatu bereziki mingarria, ez, are gehiago, orduan nintzen ikusle teorikoki aseptikoari elementu polita begitandu zitzaion dekoraturako, oraindik absurdoagoa, zaleak zaleari irainka.

Dena den, dekoratu kafkiarrarako halakoa begitandu arren -polita- uste dut, egia esan, irainaz erratu egin zirela, tribunakoak ez gara-eta putakumeak. Batzuk izango dira, baina kontrakoa demostratzen ez den bitartean, bego horretan. Ergelak, ostera, bagara, seguru aski bai. Ergelak gara irainka jardun zutenak bezalaxe, denok zirku horretako partaide aktiboak garen neurrian; eta, pentsatzen hasita, eurak baino gutxitxoago. Aurpegietan igarri nien atzokoan ergeltasun kolektiboaren errege horiei.

Partidu ostean lagun batekin hartu nituen zerbeza bi Pozasen, eta barreak egin genizkion kontu honi guztioni. Biok ikasita daukagu, tamalez edo zorionez, zer den bizitza honetan merezi duena eta zer ez.
Zer ete da hau?November 18, 2005 11:58 am
Kotxe barruan, sarritan, uneko erabaki batek auto-pilaketaren infernura eroan ahal zaitu. Niri hori ia beti gertatzen zait: kotxean sartu nonora joateko, bide posible bi egon, pentsatzen ibili nondik joango ote naizen -handik edo hemendik? ezkerretik edo eskumatik?- erabaki bat hartu, eta ordu laurden baten buruan geldi-geldirik egotea (neu eta kotxea). Momentu horietan mundua txiki bihurtzen da, estu-estua, ezer gutxi dago aurreko kotxearen matrikulaz harago. Denboraren pertzepzioa ere aldatu egiten da. Estuasun psikiko horretatik ihes egin nahian-edo, ideiarik absurdoenak pasatzen zaizkit burutik. Aurreko batean, adibidez, pentsatzen ibili nintzen zer gertatuko ote litzatekeen kotxeko kalefakzioak, airea bota beharrean, xurgatzen hasi eta kotxea bera xurgatuko balu, eta neu ere xurgatuko banindu. Pentsa noraino heltzen den auto pilaketen efektu sikotropikoa (ez, ez nindoan inolako drogaren efektuen menpe).

Atzo ostera pilaketaren zuloan jausteko zaletasun bitxi horrek su-etena eman zidan. Sondikan nengoen, kamino zaharrean erdi-geldituta, eta ikusi nuen kotxe batzuk eskumatara jo eta Txorierriko korridorerantza sartzen zirela. Nik ere hala egin nuen, puntu horretatik aurrera korridoreko trafikoa libreagoa egongo zelakoan, tarterik txarrena atzean egongo zelakoan. Baina autobidera sartzeko rotondara heldu nintzenean, bonbila piztu zitzaidan eta rotondari buelta osoa eman nion atzera ere. Urbanizazio berri batzuetatik sartu nintzen, kamioi baten atzetik, eta Asuan agertu nintzen berriz bide nagusira, eta handik Errontegira atoan. Korridorean hamabi kotxe zeuden bidea mozten, itzelezko istripua, tranpa hutsa. Batzuek hiru ordu ere eman zuten han sartuta. Baten bat ideia absurdoak sortzen, gehienak munduaren txikitasuna dastatzen.
Diñot nikNovember 10, 2005 2:53 pm
Espainiako estatuan 70ko hamarkadaren amaieran jazo zen transizio demokratikoaz asko idatzi, hitz egin eta eztabaidatu da. Askok ez genuen zuzenean bizi, nahiz eta batek baino gehiagok esango didan oraindik ere horretan gabiltzala, transizioan, transizio eternoan. Eta arrazoia izango du, sasoi nahasi horretako saltsak gaur egun ere pil-pilean daude-eta. Gurean zein beste toki eguzkitsuago batzuetan. Esaterako, Mediterraneo ertzeko toki lasai batean, Valentzian, garai nahasia izan zen nagusi trasizioan: sinboloen gerra puri-purian egon zen, hizkuntzaren izaera dela eta ika-mika galantak izan zituzten eta estatutua negoziatzeko saioak luzeak izan ziren. Indarkeria kasu batzuk ere gertatu ziren idazle eta politikoen kontra eta eskuinak kaleak hartu zituen zenbait momentutan.

Ordukoek bizirik diraute oraindik, gure begietara lur-zati hura Espainiako “Levante zoriontsua”, makailuaren ibilaldia eta Benidormeko jubilodromoa besterik ez bada ere. Badituzte euren kezkak hizkuntza eta naziotasunaren inguruan, euren debateak, euren mugimendu kultural eta abertzaleak, bai eta liskar galantak behinolako kontu berdinengatik: hizkuntza katalana ala valentziera ote den, senyerak urdina eroan behar ote duen edota katalanek Valentzia inbaditu behar ote duten ala ez… Pankatalanistak, Blavero espainolistak, tercerviistak, quartviistak, zubi zeharkatzaile linguistikoak… Luze joko luke PP eta PSOEz gaindiko fauna anitz eta soziologikoki interesgarria azaltzeak. Baina hau guztia tamalgarria ere bada, ze bitartean gero eta zailago daukate kastellanizazioaren kontrako borroka. Gatazka antzuetan galtzeko joera handia valentziar askorena, eta beste valentziar askorena, gehiagorena, pasotismo hutsa.

Valentziako Unibertsitateak horren guztiaren inguruko dokumentala egin du, Del Roig al Blau izenekoa (Gorritik Urdinera). Interneterako konexio arin bat valentziar-katalana ulertzeko ahalegin txiki bat egiteko gogoa badaukazue, egin klik Hemen edo irudiaren gainean. Merezi du.

DEL ROIG AL BLAU

roigalblau
IzerditanNovember 7, 2005 7:42 pm
Amurrio, azaroaren 6a, arratsaldeko ordu bata. Goizean goiz arineketan hasi direnak berrogei kilometro bete ostean hasi dira herrira heltzen. Atzean utzi dituzte ia 800 metroko desnibela, larreak, basoak, aldatsak, haitzak eta lokatzez beteriko bidexkak, bai eta jende ilara luzanga eta koloredun bat paisaia garbi baten babesean. Kontrol-puntuetan bete beharreko papertxoa aldean daramate, baina goizean jasotako moduan, hutsuneak zuri-zuri. Plazan paratutako karpara heldu ahala, zerbait edan, palmeratxoa bat ahoan sartu eta papera aurkezten dute oparia jasotzeko. Mendiko Lagunak taldekoek Gorobel Ibiladia amaitzen duten mendizaleentzat prestatu duten “oroigarria” ez da edozelakoa: sudadera dotore-dotore bana. Ez da gutxi, ez horixe, inskripzio merkea ordaindu (3 edo 5 euro) eta ordainean zer jaso? antolaketa aparta, leku ezin ederragoak eta, gainera, jatekoa eta opari polita. Dena ederto. Gehienontzat behintzat.

Oparia jasotzera paper zuriarekin joaten direnak, ostera, ez dira pozten. Kontrol-puntuetan bete bako txartela duenak ez du oparirik jasotzen, eta eurek igaro direnean kontrolak ez zeudenez prest, ezin da baieztatu ibilbidea bete duten ala ez. Orduan agertzen dira haserreak, oihuak eta korrikalarien kexa ustez gordinak. Antolatzaileen azalpena argia da: hau mendi-ibilaldi herrikoia da, ez mendi-lasterketa, eta betiko izpirituari eta izaera herrikoiari euste aldera gutxieneko denbora batzuk ezarri dira; zehatz-mehatz agertzen da arauetan. Halandaze, ibilaldia denbora horietatik behera egiten duenak badaki zer dagoen, ez dago arazorik ibilaldia horrela egiteko eta eskaintzen diren zerbitzuak erabiltzeko (masajeak, janaria, edaria…), baina oparirik ez. Horretan geratzen da kontua, batzuk kexaka (oparia halamoduzkoa zenean ez ziren kexatzen, total kamiseta zatar batengatik), eta ordutegi arruntaren barruan heltzen hasten garenok oparia lasai-lasai jasotzen.

Atzo gertatu zen hau guztia, eta zer pentsatua eman dit mendi-ibilaldien izaera dela eta. Jende asko ikusi nuen atzo arineketan Gorobel Ibilaldian, asko, iaz baino gehiago eta seguru aski duela urte bi baino gehiago. Modan jartzen ari dira mendi-lasterketak eta oro har mendian korrika egitea. Ez nago kontra, are gehiago, susmoa dut ni neu ere tentaldian jaustear nagoela, mendiaz eta naturaz bete-betean gozatzeko modurik aproposena ez dela jakin arren. Mendian korrika ibiltzea erronka fisikoa da beste edozer baino gehiago, nork bere buruarekin duen lehia bizia, gure mendizaletasun tradizionalan baino markatuagoa. Horregatik, Gorobel Ibilaldia bezalako ekitaldien izaera beste bat da; erronka fisikoa ere izan daiteke, eta bada, baina horren gainetik daude giro mendizalea sortzea edota gure eskualdeko inguru eder hau ezagutzera ematea (eta beste toki batzuetan, tokatzen dena)… azken batean, lehia hutsetik urruntzen diren kontuak. Badago beren-beregi prestatutako mendi-lasterketen egutegi bat, bere arau eta oinarri bereziekin, eta amurriarrek hori argi daukate, ez dutela euren ibilaldia lasterketa bihurtu gura.

Gainera, ez ote du merezi atzokoaren moduko egun batean pausoa apur bat moteltzea, arnasa hartzea, eta baita jesartzea ere, honetaz patxadaz gozatzeko?

ungino
Argazkia: Arkaitz San Jose
Diñot nikOctober 26, 2005 8:05 am
Ohituta gaude bazter hauetan lantzean behin, hizkuntza eta hezkuntza direla eta, astakeriak eta gezurrak entzuten. Zorionez -edo tamalez, tamalgarria delako horrelakoak entzun behar izate hutsa- esaten dituztenak ez dira lar trebeak eta euren ustezko argumentu serioak desmuntatzea ume-jokoa da.

Zerrendako azkena Laudioko PPko zinegotzia izan da, Luis Miguel Urrechu edo Mikel Urretxu, onomastika egunaren arabera aldatuz doakion gizona. Gaur Urrechu da.

Bada Urrechu jauna kexu dabil herriko umeentzako ludotekan izena emateko B edo D ereduko ikaslea izan beharra dagoelako. Horrek, bere esanetan, A ereduko ikasleak baztertzen ditu, eta Urrechuk dinosku izena emateko oinarri horiek baztertzaileak eta antikostituzionalak direla (Konstituzio Saindua rides again). Ez hori bakarrik, gertatutakoa “gaztelera euskaltzaleen aldetik jasaten ari den jazarpenaren beste adibide bat da” eta argi uzten da horrela “euskal elebarkatasuna inposatu nahi dela”. Eurek elebitasunaren aldekoak dira, antza denez, eta besteok monolinguista arriskutsuak Eurena gaztelaniaz da, baina elebitasuna azken batean, ze demontre!

Urrechu jaunak esaten ez duena da Laudion gaur egun ez dagoela A ereduan ikasten duen umerik. Beharbada ez zaio garrantzizko datua begitantzen.

Ez da horretan geratzen kontua, zinegotzi ilustratu honek beste perla bat ere ematen digu opari. Hau jatorrizko hizkuntzan ekarriko dut, ondo ikusi dadin adierazpenaren balio ukaezina:

“el castellano nació en estas mismas tierras, en concreto en la zona ocupada por las tribus berdulas, y desde aquí se fue expandiendo hacia otros puntos de la península, y por tanto su uso es tan válido como el euskera”.

Historialari aparta, bai horixe. Beraz gaztelania Laudioko jatorrizko hizkuntza da, ez da kanpotik ekarritakoa. Nik ez dakit ziur zer ote diren tribu berdula horiek, barduloak bai, zerbait irakurri dut, baina horrela izanda ere Urrechu jaunak libururen bat zabaldu beharko luke, eta ikasi Laudion ez zirela barduloak, eta gaztelania Arabako hego-mendebaldean jaio bazen ere, bere herrian, XX. mendearen hasieran bertan barre egiten zietela herriko baserrietatik erdara jakin barik eskolara joaten ziren umeei. Ez dut ustez hizkuntza inperialaren sorrerarekin zerikusi handirik izango zutenik eurek eta euren arbasoek.

Argumentu historizista guztiak dira arriskutsuak, labangarriak, baina gauza batzuk agerikoak dira. Urrechu jaunak errespetu apur bat gehiago izan beharko lioke bere herriari eta bere herriaren historiari.

Hurrengo perlaren zain.
Zer ete da hau?October 19, 2005 9:12 pm
Atzo, Radio Euskadiko “La Casa de la Palabra” irratsaioa Ormaiztegitik ari ziren ematen, kulturen arteko topaketa batzuk zirela-eta. Hala uste dut, ez nago erabat ziur, izan ere ordenadorearen aurrean nenbilen idazten, bigarren planoan neukan irratiko hotsa. Dakizuenez, gauza bi aldi berean egitea ez da gizonon dohainik handiena.

Irratsaioan atzerrian ibilitako ormaiztegiarrak eta goierritarrak izan zituzten gonbidatu, tartean gure mundu txoko honetan nahiko ospetsu egin den Fatimeturen alaba euskal-saharauia, bai eta kooperante aritutako Ormaiztegiko neska bi. Beste bat mutil bat izan zen, eta halako batean haren ahotik Tierra del Fuego berba entzun nuen. Berehala jarri nintzen adiago irratiari pantailari baino. Tierra del Fuego izenak, berak bakarrik, erakarpen berezia du niretzat, argazkietan besterik ikusi ez ditudan paisai eta bakardade ederrak ekartzen dizkit gogora. Gonbidatua hegoalde hotz horretan ibili ei zen denbora luzez, eta hango azken indigenen ondorengoak ezagutzeko parada izan ei zuen, ona izeneko indigenak, Indiakoak ez diren “indio” batzuk. Kontu horrek arreta eman zidan, ez dakit non irakurria neukalako hango indigena guztiak galduak zirelako aspaldi, gaixotasunak eta sarraskien eraginez, eta ez nuelako susmatzen haien ondorengoek hala izateko kontzientziarik zeukatenik.

Orduan, jakinminak googlera eroan ninduen misterio horretaz gehiago jakitearren. “Indios Ona” tekleatu eta apurka-apurka, handik eta hemendik irakurriz, etnia baten galeraren koadroa osatuz joan nintzen, nahiko bitxikeria handiekin osatu ere, bere tristetasunean, gauak begiak nekatu eta lokartu zizkidan arte:

selknam

Onak, selknam euren hizkuntzan, lau mila ziren XIX. mendean, baina estantziero europarrek nahiko ondo ordaintzen ei zuten hildako indio bakoitzeko, eta 1994an lau baino ez ziren geratzen. (dena den, ohar gisa esan behar da gaur egun badirela indigena horien ondorengo direnak, batzuk antolatuta daudela eta ona hizkuntzari eta ohiturei eusteko eta berreskuratzeko ahaleginak egiten dituztela). Istorio tristeak, heriotzen istoriak daude, esan bezala, galera luze horren azken hatsak deskribatzen dituztenak, azken ona “garbia” izan zen Virginia Choinquitelena kasu. Virginia, txikia zela, gurasoen altzotik hartu eta Buenos Airesera eroan zuten lanera. Han eman zuen bere bizitza osoa, zer eta nor zen ahaztuta, harik eta 1989an kasualitatez topatu zuten arte. Orduan ponpa handirekin itzuli zen Rio Grandera, “Ciudadana Ilustre” izendatuta. Handik hamar urtera alkohol botila artean hil zen, bakarrik.

Baina bada beste istorio bitxiago bat, ez hain goibela, protagonista odolez indigena oso-osoa ez bada ere. Enriqueta du izena eta egurrezko figuratxoak eta eskulturak egiten ditu. Egiten zituen. Enriquetaren ama bazen ona etniakoa, garbia, baina aitaren partetik… tira, aitaren partetik ere indigena kutsua zeukan, baina asagokoa (berarentzat, ez guretzat). Enriquetak Gastelumendi zuen abizena eta 1916an jaio zen Viamonte Estantzian. Urte gutxi zituela hil zitzaion aita, Ramon, eta handik aurrera txarto pasatu zuen, bai indigena zelako, bai senarrak jo egiten zuelako, bai ama bere sufrimenduaren konplize ei zelako. Horrek guztiak, hondoratu beharrean, indartsuago bihurtu zuen Enriqueta, eta bere mundu propioa sortzeko bidea eman, artearen bitartez, egurra landuz, bere arbasoen memorian barrena bidaiatuz. Ez zuen amore eman suizidiaren tentazioaren aurrean eta 2004. urtean hil zen, artean argi, artean artista eta artean ona.

gastelumendi

Virginia eta Enriquetaren izenekin, euren hondarrekin, kultur etxe bi eraiki dituzte, Rio Granden eta Ushuaian. Behintzat hantxe daude bizirik, nola edo hala. Han eta selknamen ondorengoen gogoan.

Gaztelumenditarrak ez ei dagoz horren galduta.
Diñot nikOctober 18, 2005 8:31 am
Ez daukat ezer berezirik Unamunoren aurka. Guztiok dakigu sekulakoak eta bi esan zituena bere garaian euskara zela-eta, museoan sartu behar zela, ez zela hizkuntza modernoa… baina tira, Unamunoren beraren obrak eta pentsakerak ez dit nazka berezirik ematen, pertsona argia zen, eta idazle ona. Guztiok dauzkagu gure traumak eta ni ez naiz inor Unamuno juzkatzeko, elementuak eta ezagupenak ere falta ditut-eta.

Beraz, Unamuno ez, baina bada beste pertsona bat nire pazientzia eta lasai hausnartzeko gaitasunaren mugak gainditzen dituena. Gainditu baino gehiago, leherrarazten dituena. Ez da zaila asmatzen. Gizon hau, literaturarekin zerikusia duen edozein ekitalditan Unamunorekin gogoratzen da, Unamuno aipatzen du, gurtzen du, berbaz “laztantzen” du (edo berak behintzat horixe uste du), Ematen du Unamunorekin korritzen dela, berbaren zentzu orgasmikoan. Bai, Azkuna jaunaz ari naiz.

Lehengo egunean Blas de Oteroren eskultura bat inauguratu zen Egaña kalean, eta hara atera zen Bilboko Alkate Jaun Txit Demagogikoa honako hau esaten: “Blas de otero era bilbaino en el sentido unamuniano de la palabra”. Beste idazle baten eskultura inauguratzean ere Unamuno agertu behar.

Suposatzen dut ez dela osorik bere errua izango, politikoei diskurtsoak idazten dizkietelako, baina hainbeste unamunismo merkearekin, nik, bera ez ezik, Unamuno ez agoantatzea lortu du.

Eskerrik asko, Iñaki.

azk