
Ordunteren kasuan, berbarako, hemen gainean ikusten den balizko paisaia honen arduradun bakarra Jaurlaritza izango da, baldin eta aurrera egiten badute proiektuarekin. Jaurlaritza delako, azken batean, Eólicas de Euskadi izenaren atzean dagoena, eta Gamesaren interesei “baietz baietz” esaten diena. Ez daietzela saiatu energia berrien kontua saltzen, jendearen borondate onarekin jolasten dabiltza eta. Energia berriak sustatzeko asmo horren atzean diru-asmorik ez dagoela ez du inork sinesten, honek guzti honek norbaiten poltsikoa beteko ez balu arduradun politikoen apustua beste bat izango zen, zalantza barik. Baina kontua are larriagoa da, parke eolikoen egitasmo horretan hanka, buru eta ganora bako beste proiektu batzuk ere ageri direlako: Kolometakoa (Gorbeiako parke naturalaren barruan), Garobel-Salbadakoa, Ganekogortakoa… inguru, pasaia eta jasangarritasunaren aurkako benetako atentatuak. Eta bitartean beste energia eta aukera bidegarri batzuei ezelako arreta eskaini ez.
Ez dut inola ere oinarririk gabeko panfletoa egin nahi, erabat ados nagoelako energi-iturri berriak bilatu, ikerktu eta sustatu beharrarekin, zelan ez, baina iraina iruditzen zait agintariak herritarroi benetako motibazioak eta planak ostontzen ibiltzea. Menako jendearen haserrea ulertzen dut, hara nora doakien Baskongadetako gobernua euren larretan 50 metroko errotak ipintzera, euren baliorik handiena den mendiak puskatzera. Neu ere haserretuko nintzateke, eta haserretzen naiz egunen batean bizikleta hartu, Villasanarantza jo eta mendiak arestiko montajean legez ikusiko ditudala pentsatuz.

