Atzo, Gorostitzatik entrenatzen nenbilela, etxeetako balkoietan auopistaren aurkako kartelak ikusi eta orain dela hilabete batzuk idatzi nuen artikulu bat etorri zitzaidan burura:

gorostitza

Hilabete batzuk pasa dira “Supersur” proiektua aurrera egingo zuela entzun genuenetik, eta oraintsu jakin dugu aurten bertan Aldundiak Bilbo eta inguruotan dagoen trafiko eta merkantzia garraio arazoa konponduko ei duen errepide magikoa eraikitzeko asmoarekin dabilela. Esan eta egin, 2010. urterako zabalik egongo dela nabarmendu dute. Eman ditzagun datu batzuk proiektu honen inguruan zertaz ari garen hobeto jakitearren:

Lehenengo eta behin, esan beharra dago bidesariko errepidea izango dela, hau da, ordaindu egin beharko da izango dituen 36 kilometroak erabiltzeagatik. Ezkerralde osoa inguratuko du, hasi Muskizen eta Arrigorriagaraino (edo Galdakaoraino, oraindik ez zait batere argi geratu eta) neurri handi batean lurpeko ibilbidea eginez Triano, Sasiburu eta Ganeta-Pagasarri mendien azpitik; honek esan gura du zubibide edo biaduktu erraldoi bi eraiki beharko direla, bata Barakaldon, Mespelerrekako haranean, Gorostitza gainetik, eta bestea Alonsotegin, Sasiburutik Ganekogortaraino. Irudimen asko eduki barik ere pentsa dezake edonork zer nolako lan itzela den hau, eta zelako eragina izan dezakeen paisaian eta ingurunean hainbeste kilometro tunel eta biaduktu egin behar izateak: larrialdiko irteerak, airebideak, zutabe erraldoiak,… Gainera, “zorioneko” proiektu hau duela legegintzaldi bi atzera bota zen Aldundian, antza, “faraonikoa” zelako, gehiegizkoa, garestiegia. Hala eta guztiz ere, ematen du urte batzuk pasa ostean beste aukerarik ez dagoela trafikoaren auziari ganorazko irtenbidea emateko. Bukatzeko, beste datu txiki bat: Jose Luis Bilbaok Ahaldun Nagusiak berak aitortu du inbertituko diren 1120 miloi euro gure seme eta ilobek ere ordainduko dutela. Baina ahalegina merezi du….ala ez?

Beste aukerarik ez dagoela aitzakia hutsa da, eta txarra gainera, izan ere Aldunditik ez baita mahai gainean eta jendaurrean jarri trafikoa eta garraioa kudeatzeko beste proposamenik, eztabaidarako abagune txiki bat besterik ez bada, halako eragin handia duen proiektu bat plazaratu eta onartu baino lehen. Ezer ez; irentsi egin behar dugula baino ez digute esan. Inork ezin dezake ukatu trafiko arazo handiak daudela Bilbon eta Ezkerraldean edo A8 autobideak gainezka egin duela aspaldian, Txorierriko korridoreak egoera hobetu duen arren eta beste hiri handietan dituzten arazoekin alderatuta hutsalak diren arren; baina Supersurra den azken aukera honetara, muturrera, ez da ezelan ere ailegatu behar, badagoelako mundua eta lurraldea antolatzeko beste modu bat. Bizkaiko Foru Aldundiak sarritan “garapen jasangarriaz”, “naturarekiko begiruneaz”, “Garbiguneez” eta “birziklaiaz” betetzen du ahoa lotsa barik, baina bere egin beharrekoak, alegia, garraio publikoa eta alternatiboaren erabilera sustatzea, eginda dauden bideak hobetzea, trena merkantzia garraio gisa bultzatzea, eta batez ere, jendea autoa ez erabiltzeko konbentzitze hori bigarren plano batean utzi ditu oraingoan, horretarako politika eragingarriak egiteko ahalmena duen arren. Megaproiektu txikitzaile honek ez du gure oniritzi isila jaso behar, ezta hurrik eman ere.