KontariNovember 16, 2004 11:34 am
Bilbok halako maitasun-gorroto sentimendu bat sortzen dit normalean, herria zer den ere badakidalako agian, badakidalako zer den arratsaldeko seietan kale zeharo hutsetan zehar ibiltzea. Bilbo, hiria, ezberdina da; orain, azaroko egun euritsuetan dena da aterki eta pausu arinak, Bilbo aterki erraldoi bihurtzen da, elkarren kontra jotzen duten euritako oihan bat. norbatek pentsa lezake euriek eta hotzek jendea beldurtu eta etxe barruko goxotasunaz gozatzeko gomendioa emango diotela, baina ez da hala, antza, eta kaleak ez du bere biztasuna galtzen.

Sarritan semaforoetan aurrez-aurre dudan jendearekin kontuz ibili behar izatea gogaikarria egiten zait, baina aitortu behar dut beste zenbaitzutan atsegina egiten zaidala hiriaren bizi berezi hori inguruan sumatzea, alde zaharreko taberna eta dendetan jendea berbetan ikustea edota Gran Vian dauden soinulari errumaniarren doinuak hiriaren beste soinu horiekin batera entzutea, sinfonia bitxia osotuz.
Nire mundua iruditanNovember 8, 2004 11:09 pm
Ez, sentitzen dut baina hori berba hori ez zait gustatu, eta erabaki dut nik hanketan (agian ipurdian esan beharko nuke) daukadana agujetak direla. Elhuyarrek gomendatzen duen moduan “hanketako mina” ere esan nezake beharbada, baina ez, ez, hori ere ez da, ze “mina” beste edozerk eragin ahal dizu, jausi eta mina hartzen duzu, eta niri atzoko martxak eragin dit hanketako zera hau. Kobata pasatu eta pista horretatik ibili ginenean igarri nuen izterrean zeozer txarto neukala, eta ja Mendeikara kaminotik joan ginenean ba pentsa eizu. Baina bueno, osterantzean ondo. Egia esan 45 kilometro egiteko orduan beldurtu eta ibilaldi txikia egin genuen, baina pozik. Eta gehiago esango nuke: ausartak izan ginen. Lau ordu lo egin, altxatu eta Amurriora goizeko 8etan domeka baten oinez 28 kilometro egiteko.

Angulo, Kobata, Eskutxi, Menerdiga, Iturrigorri… Aiara eta Losa, Euskal Herria eta Gaztela banatzen eta aldi berean elkartzen dituzten paraje eta mendietatik barna.

Txaula, laino, inarra, atx eta pago artean.

Argazkiak

BerbakNovember 4, 2004 3:23 pm
Artziniegako euskara batzordea sortu zenetik hona, ezin dezeket esan arrakasta handiko ibilbidea egin dugunik, sortzea bera arrakasta txikitzat jo daitekeen arren, kontu askotarako basamortu kulturala den udal batez berbetan gabiltzala kontuan harturik. Beste gai askoren artean, herriko toponimiaren inguruan hausnarketa bat baino gehiago egin izan genuen bere garaian eta udalak ez zuen ardura handirik hartu. Azken aldian, arlo honetan aurrera egin gurean edo, kale-izendegia hartu dugu aztergai batzordetik kanpo Albertok (Aiarako euskara teknikaria) eta biok, Euskaltzaindiko Mikel Gorrotxategirekin batera (berak ematen digu laguntzarik handiena, nola ez), helburu oso argi batekin: izendegia normalizatu, zuzendu eta euskalduntzea.

Gaur egun kaleen izen ofiziala gaztelaniazkoa baino ez da, 20 urtetik hona nahiko zabal ibili diren arren euskarazko bertsioak (Goiko Plaza, Jauregia, Artea…). Argi dago elebiduna izan behar duela (hizkuntza ofizial bi dauden neurrian), baina elebidunaz gain, zuzena izan behar du, eta Artziniegan kale eta auzo batzuei modu ez-ofizialean zein ofizialean jarri zaien izen euskalduna batzuetan ez da oso zuzena izan, irizpide barik egin delako. Hala nola, 2000, urtean “plan partzialean” izendatu ziren kaleak.

Honetarako, Euskaltzaindiak txosten bat egin eta udalaren esku utziko du, izendegiaren kale bakoitzerako proposamen bat eginez. Txosten horretan “polemikoak” gerta daitezkeen aldaketa batzuk proposatzen dira, baina dokumentazioa eta zientzia gure alde dugula, beti ere. Ikus ditzagun adibiderik deigarrienak:

  • Alde zaharreko kaleen izenak: Erdaraz, Abajo, En Medio eta Arriba izenez ezgutzen ditugun kaleak euskaraz Goiko Kalea, Erdiko Kalea eta Beheko Kalea dira plaketan, eta hala esaten diegu euskaraz herrian, nahiko onartu dugu izendapen hori. Ez dut esango izen okerra denik, baina bada euskaraz Erdi Aroko egitura hau duten kaleak izendatzeko modu jator-jatorra: Barrenkale, Artekale eta Goienkale (adibideak ugariak dira Bizkaian eta Araban). Euskaltziandiak hauexek proposatuko ditu, baina badakit beharbada udalak eta auzokoek onartzea ez dena erraza izango. Ikusiko dugu.


Artekale?

  • Puerta de la Villaren kasurako, alde batetik euskarazko izena proposatuko da (Hiriko Atea), eta bestetik “calle” edo “kalea”-rik ez agertzea ere iradokiko da.


  • El Soto izeneko kale bat dago, eta hantxe dagoen toponimo batetik hartzen du izena. Dokumentazioan arakatuz gero, toponimo honen euskarazko bertsioa izan daitekeenarekin egiten dugu topo: Zaldua. Leku izen hay Lopez de Gereñuk ahoz jaso zuen, eta honetaz gain dokumentu zaharretan agertzen da. Beraz, Euskaltzaindiaren proposamena Zaldua/El Soto forma izango da.

  • San Antonio auzoaren kasuan proposatuko dena ere polemikoa izan daiteke, izan ere, izen hori XIX. mendean eraiki zen Paduako San Antonioren ohorezko ermitatik datorkio, eta lehengo izena Barratxi zen (gaur egun leku eta zubi baten izena da hau). Euskaltzaindiak soilik euskarazko izen zaharra ofizializatzea gomendatuko du.

Izango dira, noski, gomendio eta proposamen gehiago txostenean, baina susmoa dut kasu gehienetan ez dutela arazo handirik emango, edo hala espero dut, behintzat. Beste kontu bat da gai honi heltzeko borondaterik duen, edo, betiko moduan, traba baino ez den gertatzen. Azken batean, zoro batzuoi izan ezik, nori interesatzen zaio toponimiarekin ganoraz jokatzea?