Gaur egun kaleen izen ofiziala gaztelaniazkoa baino ez da, 20 urtetik hona nahiko zabal ibili diren arren euskarazko bertsioak (Goiko Plaza, Jauregia, Artea…). Argi dago elebiduna izan behar duela (hizkuntza ofizial bi dauden neurrian), baina elebidunaz gain, zuzena izan behar du, eta Artziniegan kale eta auzo batzuei modu ez-ofizialean zein ofizialean jarri zaien izen euskalduna batzuetan ez da oso zuzena izan, irizpide barik egin delako. Hala nola, 2000, urtean “plan partzialean” izendatu ziren kaleak.
Honetarako, Euskaltzaindiak txosten bat egin eta udalaren esku utziko du, izendegiaren kale bakoitzerako proposamen bat eginez. Txosten horretan “polemikoak” gerta daitezkeen aldaketa batzuk proposatzen dira, baina dokumentazioa eta zientzia gure alde dugula, beti ere. Ikus ditzagun adibiderik deigarrienak:
- Alde zaharreko kaleen izenak: Erdaraz, Abajo, En Medio eta Arriba izenez ezgutzen ditugun kaleak euskaraz Goiko Kalea, Erdiko Kalea eta Beheko Kalea dira plaketan, eta hala esaten diegu euskaraz herrian, nahiko onartu dugu izendapen hori. Ez dut esango izen okerra denik, baina bada euskaraz Erdi Aroko egitura hau duten kaleak izendatzeko modu jator-jatorra: Barrenkale, Artekale eta Goienkale (adibideak ugariak dira Bizkaian eta Araban). Euskaltziandiak hauexek proposatuko ditu, baina badakit beharbada udalak eta auzokoek onartzea ez dena erraza izango. Ikusiko dugu.

Artekale?
- Puerta de la Villaren kasurako, alde batetik euskarazko izena proposatuko da (Hiriko Atea), eta bestetik “calle” edo “kalea”-rik ez agertzea ere iradokiko da.
- El Soto izeneko kale bat dago, eta hantxe dagoen toponimo batetik hartzen du izena. Dokumentazioan arakatuz gero, toponimo honen euskarazko bertsioa izan daitekeenarekin egiten dugu topo: Zaldua. Leku izen hay Lopez de Gereñuk ahoz jaso zuen, eta honetaz gain dokumentu zaharretan agertzen da. Beraz, Euskaltzaindiaren proposamena Zaldua/El Soto forma izango da.
- San Antonio auzoaren kasuan proposatuko dena ere polemikoa izan daiteke, izan ere, izen hori XIX. mendean eraiki zen Paduako San Antonioren ohorezko ermitatik datorkio, eta lehengo izena Barratxi zen (gaur egun leku eta zubi baten izena da hau). Euskaltzaindiak soilik euskarazko izen zaharra ofizializatzea gomendatuko du.
Izango dira, noski, gomendio eta proposamen gehiago txostenean, baina susmoa dut kasu gehienetan ez dutela arazo handirik emango, edo hala espero dut, behintzat. Beste kontu bat da gai honi heltzeko borondaterik duen, edo, betiko moduan, traba baino ez den gertatzen. Azken batean, zoro batzuoi izan ezik, nori interesatzen zaio toponimiarekin ganoraz jokatzea?
