Bilbok halako maitasun-gorroto sentimendu bat sortzen dit normalean, herria zer den ere badakidalako agian, badakidalako zer den arratsaldeko seietan kale zeharo hutsetan zehar ibiltzea. Bilbo, hiria, ezberdina da; orain, azaroko egun euritsuetan dena da aterki eta pausu arinak, Bilbo aterki erraldoi bihurtzen da, elkarren kontra jotzen duten euritako oihan bat. norbatek pentsa lezake euriek eta hotzek jendea beldurtu eta etxe barruko goxotasunaz gozatzeko gomendioa emango diotela, baina ez da hala, antza, eta kaleak ez du bere biztasuna galtzen.

Sarritan semaforoetan aurrez-aurre dudan jendearekin kontuz ibili behar izatea gogaikarria egiten zait, baina aitortu behar dut beste zenbaitzutan atsegina egiten zaidala hiriaren bizi berezi hori inguruan sumatzea, alde zaharreko taberna eta dendetan jendea berbetan ikustea edota Gran Vian dauden soinulari errumaniarren doinuak hiriaren beste soinu horiekin batera entzutea, sinfonia bitxia osotuz.