Hantxe dago, mahaian jesarrita kartetan jolasten, kontzentraturik, hurrengo jokaldiari aurrea hartu gurean, begiak erne eta adi. Kalkuluak egin eta… bai! lauko urrea kolkora! Arratsaldeko ordu biak dira eta tabernara jendea sartzen ari da, eta batzuk Nikori begira geratzen dira, “partida zelan amaituko den jakin-minez, beharbada” pentsatu du berak. Irabazi egin behar du, seguru, oraingoan ez du huts egin behar. Aurrez-aurre daukan bibotedun horrek aurreko partida biak irabazi dizkio baina orain mendekua hartu behar du. Ez daki zenbat aldiz jardun duen kartetan bibotedunarekin nor baino nor trebeagoa eskoban, baina denbora luzea da tabernako bazter horretako mahai txikian jesartzen dela, urte bi agian, edo gehiago. Eta hasieran kartetan jolastea atsegin ez bazuen ere, azken aldian kartazale amorratua bihurtu da, batez ere biboteduna bisitan datorkionetik. Biboteduna izan zen, gainera, kartena proposatu ziona. Aurretik, bolada luzea zeramaten filosofiaz eta politikaz arratsaldero eztabaidatzen, gehienetan Niko izaten zen gatazka zela eta zela eta bizitzaren xedea gora eta behera ibiltzen zena, eta biboteduna entzun egiten zuen, eta hitz gutxi esan. Nikok uste du ez zaiola larregi gustatzen berba egitea, gizon isila dela, eta denboraren poderioz (eta arerio dialektiko faltan) Niko ere isilzale bihurtu da. Jada ez zaio horrenbeste interesatzen bizitzaren xedea.

Hara! dezenteko karta sorta hartu bibotedunak (zelan izango ote du izena?), eskerrak urrerik ez duen hartu. Karta hartu behar du…. hirukoa! hiru gehi bost gehi zazpi, hamabost, zazpiko urrea zorrora. Gindisa, itzelezko karta. Bibotedunaren txanda eta kito partida, ea zer egiten duen.

Mutiko bat izerditan sartu da tabernara baso bat ur eske, besapean pilota bat duela, eta adi-adi geratu da begira bibote handi-handia duen gizon bati. Kartak dauzka eskuan eta mahai gainean, eta bat-batean altxatu eta aurreko aulkian jesarri da, hurrengo jokaldia prestatzearren, aurpegiko keinua aldatuta.