Nire mundua iruditanFebruary 27, 2005 10:14 pm
Nekez egongo da eguraldia bezalako hizpide topikoagorik, hotza zein beroa izan. Gainera, inoiz ez gara egoten konforme eta albokoari esateko halako beharra sentitzen ei du jendeak, egun bi euri eginda jendea nekatu egiten da, eta beroa datorrenean berdintsu. Memoria meteorologiko eskasa daukagu, eta pazientzia gutxiago.

Aurten topikoa are topikoago bihurtu da, hotza ezin uxatuz gabiltzalako inguruotan, eta hotzaldiak bata bestearen atzetik datozelako. Antzinako moduan egin dau edurra. Neu pozik, zer esanik ez, elurrak niretzako beti euki duelako zeozer berezia, arrazoitu ezin dezakezu kontu horietariko bat da, eta gai naiz gau osoan leihoari adi egoteko elurra noiz jausiko zain.

Atzo eskiak jantzi nituen berriz ere eta honen moduko lekuei egin nien bisita.

urieta

Diñot nikFebruary 22, 2005 9:42 pm
Bizi garen herrian ere egoten dira inoiz ikusi ez ditugun txokoak, kale bat, etxalde bateko lorategi txikerra, espaloitik ikusten ez den bazter bat, hango etxera doan bidexka… Hirietan zer esanik ez, ez dut uste hiri normal bat bere osotasunean ezagutzen duen pertsonarik dagoenik. Bere osotasun osoan esan nahi dut. Gure bizitza oso leku konkretuetan pasatzen dugula da esan gurean nabilena. Boladak daude, noski, eta boladarik bolada zeure lekuak ere aldatu ditzakezu, baina bolada bakoitzean hamar leku zehatz horietatik nekez irtengo zara, ez bada aparteko zeozer gertatzen dela. Eta oro har pozik edo gehiegi hausnartu barik zapaltzen ditugu lekuok, etxeko ataritik irten, metroz joan handik hona eta hemendik hara, kotxez lanera, zapatuan betiko lekura traguak hartzen, zinera… den-dena aurretiaz, beste aldi batean, markatu ditugun pausuei jarraituz. Salbuespenak badira, derrigor egon behar, denetarako lehenengo aldi bat dagoelako, baina horren ostean bizitza halako joera du leku berberak bilatu eta aurkitzeko. Horregatik gustatzen zaigu horrenbeste agian –batzuoi- leku berriak ezagutzea, gure inguru biribilean eraikitzen dugun mundutik irteteko modu bat delako, edo, hobe esanda, gure mundu hori apur bat zabaltzeko modua. Ez gara leku txikiez ohartzen ostera, egunean-egunean hurrean ditugun lekuak neurri batean ez dira existitzen, beste pertsona batzuen munduen zatiak dira, ez gureak.

Bakoitzaren ondasunik hurbilenekoa da mundu hori, nork bere mundua du, mundu handiago, zabalago eta ezezagunago baten zatia. Gure zati hori hobetzen saiatuz bizi gara, edo bizi beharko genuke, handiagoa hobetuko bada.
Diñot nikFebruary 17, 2005 8:17 am
Beharbada espero zitekeen Internetek ekarri duen “iraultzaren” barruan halako gauza bat sortzea. Denbora kontua baino ez zen izango. Horixe gertatzen da fenomeno bihurtzen diren gauzekin, gutxi batzuek susmatzen dute etorriko dela, baina gero fenomenoaren parte bihurtzen direnak ez dira jabetzen harik eta fenomenoak berak harrapatu dituen arte.

Blogen kontuaz ari naiz, noski.

Nire kasuan, kuriosoa da, bizitzan inoiz jorratu gabeko esparruak bisitatzeko aukera eman dit. Idatzi nuen bere garaian, blogaren estraineko mezuan duela urte erdi inguru, saiakera bat zela, agian inora helduko ez zen une bateko kapritxoa, hortxe geratu zitekeena. Baina ez dakit bizitzako oso aldi zail batean harrapatu nauelako edo zergatik izan ote den hementxe nago tekleatzen. Hogeita bost urtetan fikziozko ezer idatzi gabe nengoen -idaztea bera egundo ere ez zait zaila egin, baina fikzioaren alderdian antzua nintzen erabat-, eta hara non apartamendu hau alokatzen dudan sarean eta bat-batean gauzak irteten hasten diren. Jakin badakit artista ez naizela, idazle ez naizela, baina deigarria egiten zait zelan honen moduko gauza puntual batek, bizitzaren une zehatz batean heldu eta deskubritu barik neukan lurralde baten atea zabaltzen didan.

Sarritan pentsatzen dut zelakoa izango den urte batzuk barru atzera begiratzea eta bizitzan egindako bidea blogaren bitartez asmatzea, eta gero erradiografia benetakoarekin alderatu.

Atsegin izaten dut euskal unibertso zibernetikoan barna ibili eta ikusi fenomenoa zertan den, noraino ari den hedatzen. eibar.org-ekoak izan dira arlo honetan aitzindari, euren posta zerrenda historikoa abiapuntu hartuta, eta hantxe dauzakagu Luistxo Fernandezena bezalako puntako blogak, Xabier Mendiguren nekaezinarena edota azken aldian nire gogokoena den Julen Gabiria idazlearena. Honetaz gain, Julenek lehengo egunean bere blogean idazten zuen bezala, beste ipureterre gazte batzuk ari dira euren blogak sortzen, hala nola Josu Martinez, Jon Fernandez edo Katixa Agirre. Berriemaile.com-ek eskaintzen duen zerbitzua baliatzen dute askok, eta badira zerbitzu hau denon eskura eta doan jartzen duten beste webgune batzuk (www.blogger.com, www.bitacoras.com, www.blog.com…)

En fin, poztekoa dela gustuz, afizioz edo onanismo hutsez barruak pantailaren aurrean husteko beharra sentitzen duten beste batzuk ere badaudela hantxe, telefono linearen bestaldean.

Besterik ez gaurkoz.
KontariFebruary 15, 2005 9:17 pm
Aurten ingeleseko eskolara joaten hasi naiz, eta, pozarren, konprobatu dut ez duela bakarrik balio gramatika kontuak ikasteko edo koadernoaren azken orrietan ideiak apuntatzeko, ez, beste gauza jakin beharreko batzuk ere ikasi egiten dira. Aurreko ostegunean, ezkontzak gora eta ezkontzak behera ari ginela, enteratu nintzen Inglaterran eta, ezkonberriek, gurasoek, aitapunteko eta enparauek “speecha” bota behar dutela eztegu bazkarian. Nahi eta nahi ez, tradizioa da eta aurrera egin behar. Denoi eskerrak eman, etorkizunerako asmo onak agertu, ezkonberriak zoriondu, senarra edo emaztea laudatu… hau da, jendaurren berbetan ez dakienarentzat itzelezko lana.

Orduan ikusi nuen nire burua Liverpoolen, ez, barkatu, Leedsen, nire lagun Richarden ezkontza egunean. Pentsa, 200 gonbidatu euren pamela eta gorbatekin Richarden aitaren sermoia entzuteko prest. Tipoa estu eta larri, izerdi tantak bekokitik jausten zaizkiola. Ematen du alkandorako lepokoak ito egin behar duela. Beste trago bat ematen dio ardau basoari eta sermoiarekin hasten da. Trabatu egiten da papera irakurri ahala, baina tira, ulertu egiten zaio: poz-pozik daude bera eta emaztea semea bide onera etorri delako, bla, bla, bla… Ai, zeuk bazeneki! Beharbada badaki, baina formak formak dira, eta gorde egin behar.

Richarden txanda, eguneko izarra, Melodieren ondoan zoriontasuna aurkitu dut, nire bizi osorako magal beroa, nire ibilbidean lagun izango dudan emakumea… Neuk ere tragu bat eman behar izan diot whiskyari huskeria sorta horri zelan edo halan eutsi ahal izateko. Beste herrialdeetan ere diskurtsoen txotxolokeria hau egingo ote dute?

Richard etorri zait bazkalostean agurtzera eta zeozer hartu dugu elkarrekin. Jatorra da tipoa, baina aspalditik ezagutzen dugu elkar eta badakit ahobero hutsa dena. Oraindik zaila egiten zait ulertzea zelan demontre heldu den puntu honetaraino, senar bihurtzeraino. Hala ere, segiduan erantzi du kareta:

- Mickey! ez duk sinistuko. Ezetz igarri zer pasatu den.
- Esan ba, zurekin edozer sinistuko nikek.
- Txo, ba hori, lehen komunera joan naizenean Melodieren lehengusinari, horri, rubiari, sekulakoa bota zioat.
- Jode Richard, mesedez! despedidan egin huana tira, ulertu ahal diat urdanga horrekin egun horretan larrutan ibiltzea, azken batean hire despedida duk. Baina gaur….
- Bere errua izan duk benetan, berak berotu nauk eta!
- Hi seguru hago egin duanaz? ezkontzeaz esan nahi diat.
- Egongo ez nauk ba!

Jakingo balu Richardek Melodiek eta biok jatetxeko biltegian egin duguna eta zelako irrintziak botatzen zituen, ez zen horren harro ibiliko.

Sasi guztien artetik eta speech guztien gainetik.
AldasgoraFebruary 14, 2005 5:03 pm
Hamazazpi lagun. Guiness Record. Mendiak bizkarra eman zigun, haizeak ia lurrera bota gintuen eta blai eginda heldu ginen kotxera, baina merezi izan zuen, zer esango dut nik ba. Jendea pozik eta apurka-apurka “taldea egiten” gabiltzan inpresioa hartzen dut. Aralarreko guardetxean jan genuenak kendu zizkigun hotzak, beheko su eder baten laguntzagaz.

Diñot nikFebruary 8, 2005 4:57 pm
Europako konstituzioa berresteko erreferenduma dela eta, baiezkoaren aldeko argumentuak bitxiak ari dira izaten egunokaz, hasi PNVk berak egiten dabiltzan akrobazia, jauzi eta biribilketetatik eta amaitu PPren jarrera bitxi horretan.

PSOEkoak, euren aldetik, baizekoaren alde sutsu dabiltza, baiezkozale amorratuak hi, Konstituzio hau progresismoaren gailurra ei delako, Europako baloreen gailurra, hiritarren garaipena. Ez digute esaten, ostera, itun horrek neoliberalismorik neoliberalearen oinarriak ezartzen dituela, zeharo kaltegarria dela beharginen interesetarako eta estatuen boterea bermatu eta indartzen duela. Hori ez digute esaten, baina demagogia egin egiten dute “sozialistek”, lotsa barik.

Els “amics” de les joventuts socialistes de Catalunya també es pujen al carro de les mentides i fan servir cartells com aquest que fico aquí abaix. Això és allò que s´en diu “embolicar la gent”. O al menys intentar-ho.

Nire mundua iruditanFebruary 3, 2005 9:55 pm
Azken aldian nahiko lasai nabilen arren, domekan kotxetik irten eta argazki makina pila barik zegoela konturatu nintzenean lurrera botatzeko zorian egon nintzen. Eskutxiko harrizko harresiak (erredundantzia galanta egin ez dut ba) hantxe goian zeuden, zuri-zuri, Alpeak imitatu nahian edo, norbaitek argazkia noiz aterako zain. Eta neu pila barik.

D-e-s-p-i-s-t-e m-a-d-a-r-i-k-a-t-u-a.

Egunen batean niri agortuko zaizkit pilak eta konturatu ere ez naiz egingo.

Dena dela, momentu bateko kontua izan zen besterik ez, gorantza egin eta edurra zapaltzen hastean alde egiten duen amorru txikia. Noski, gero askotan pentsatu dut zeinen ederra izango zen edurrez beteriko pagoen argazkiak edukitzea, sikieran be hemen ipintzeko, edota jendeari erakusteko metro batek edur zelan borobildu eta edertzen duen paisaia. Ez nigatik, jendeagatik baino: Kobata horrela ikusi eta gozatzean aho zabalik geratu nintzela esaten diedanean esan nahi dudana osorik ulertzen ez duten sentsazioa gertazen zaidalako.

Txabirik igoeraren argazki batzuk egin zituen, neuk eskiak hartu eta aurrera joan baino lehen. Baten bat eskaneatzen dudanean zin dagit hemen ipiniko dudala, mezu honetan bertan. Mezua biluzik dago, bestela.

Otsailak 15: Agindutakoa, zor. Hona hemen argazki xume bat: