Aurten ingeleseko eskolara joaten hasi naiz, eta, pozarren, konprobatu dut ez duela bakarrik balio gramatika kontuak ikasteko edo koadernoaren azken orrietan ideiak apuntatzeko, ez, beste gauza jakin beharreko batzuk ere ikasi egiten dira. Aurreko ostegunean, ezkontzak gora eta ezkontzak behera ari ginela, enteratu nintzen Inglaterran eta, ezkonberriek, gurasoek, aitapunteko eta enparauek “speecha” bota behar dutela eztegu bazkarian. Nahi eta nahi ez, tradizioa da eta aurrera egin behar. Denoi eskerrak eman, etorkizunerako asmo onak agertu, ezkonberriak zoriondu, senarra edo emaztea laudatu… hau da, jendaurren berbetan ez dakienarentzat itzelezko lana.

Orduan ikusi nuen nire burua Liverpoolen, ez, barkatu, Leedsen, nire lagun Richarden ezkontza egunean. Pentsa, 200 gonbidatu euren pamela eta gorbatekin Richarden aitaren sermoia entzuteko prest. Tipoa estu eta larri, izerdi tantak bekokitik jausten zaizkiola. Ematen du alkandorako lepokoak ito egin behar duela. Beste trago bat ematen dio ardau basoari eta sermoiarekin hasten da. Trabatu egiten da papera irakurri ahala, baina tira, ulertu egiten zaio: poz-pozik daude bera eta emaztea semea bide onera etorri delako, bla, bla, bla… Ai, zeuk bazeneki! Beharbada badaki, baina formak formak dira, eta gorde egin behar.

Richarden txanda, eguneko izarra, Melodieren ondoan zoriontasuna aurkitu dut, nire bizi osorako magal beroa, nire ibilbidean lagun izango dudan emakumea… Neuk ere tragu bat eman behar izan diot whiskyari huskeria sorta horri zelan edo halan eutsi ahal izateko. Beste herrialdeetan ere diskurtsoen txotxolokeria hau egingo ote dute?

Richard etorri zait bazkalostean agurtzera eta zeozer hartu dugu elkarrekin. Jatorra da tipoa, baina aspalditik ezagutzen dugu elkar eta badakit ahobero hutsa dena. Oraindik zaila egiten zait ulertzea zelan demontre heldu den puntu honetaraino, senar bihurtzeraino. Hala ere, segiduan erantzi du kareta:

- Mickey! ez duk sinistuko. Ezetz igarri zer pasatu den.
- Esan ba, zurekin edozer sinistuko nikek.
- Txo, ba hori, lehen komunera joan naizenean Melodieren lehengusinari, horri, rubiari, sekulakoa bota zioat.
- Jode Richard, mesedez! despedidan egin huana tira, ulertu ahal diat urdanga horrekin egun horretan larrutan ibiltzea, azken batean hire despedida duk. Baina gaur….
- Bere errua izan duk benetan, berak berotu nauk eta!
- Hi seguru hago egin duanaz? ezkontzeaz esan nahi diat.
- Egongo ez nauk ba!

Jakingo balu Richardek Melodiek eta biok jatetxeko biltegian egin duguna eta zelako irrintziak botatzen zituen, ez zen horren harro ibiliko.

Sasi guztien artetik eta speech guztien gainetik.