Besaulkian jesarrita ikusten dut gaur ere ere, zigarroa eskuan, euskal telebistari begira, besterik ikusten ez zuelako. Sarritan isilik egoten zen, bere baitan. Hala ere, jakin banekien irudi horren atzetik zerbait bazegoela, amak eta amamak esanda banekien Aitite mendizale handia izana zela, eta neuk mendirik-mendi imajinatzen nuen, soka eta guzti. Ez nuen aukerarik galtzen, gainera, eskolan-eta, aititea mendizalea neukala esateko, bere balizko abenturen berri handirik ez nuen arren. Gerran ibilia zela ere entzuna neukan. Gerran, maiuskulaz, eta espetxean egon zela urtetan… Askotan beste pertsona batez ari zirela iruditzen zitzaidan, eta buruari bueltak ematen nizkion hor salako sofan jesarrita zegoen horren gorabeherak irudikatu nahian. Erderaz ere hamazortzi urterekin ikasi ei zuela entzuten nuen, eta hori Erdalerriaz inguraturik bizi zen ume batentzat sinestezina zen, mirakulua. Misterioz beteko arloa zen Aitite niretzako.
Berak ez ei zuen atsegin bizitzaren aldi konkretu batzuez berba egitea. Nik sekula ez nion hitzik entzun juduak itsasontzietan Palestinara eroaten jardun zuen garaiaz, ezta kartzelaz ere. Egun batean zerbait aipatu zidan telebistan Insbruckeko irudi batzuk agertu zirenean, horixe besterik ez, eta amari galdetuta jakin nuen handik juduei laguntzen ibili zela bigarren mundu gerraren ostean, bai eta ez zitzaiola gustatzen horretaz hitz egitea, eta eurek ere, alabek eta emazteak, ezer gutxi zekitela. Ondo zekiten gauza bakarra zen Barakaldon bukatu zuela magiaz edo kasualitatez, Carmen Rodriguezekin ezkondu zela, alaba bi izan zituela eta orduko gazte askorentzat eredu bihurtu zela, Burtzeñako Arroletza mendi taldea sortuz eta abertzaletasunaren garra oso urte gogorretan eta oso inguru zailean bizirik mantenduz.
Hil zenean ezagutu dugun Aitite bakarra joan zitzaigun, eta berarekin batera herri honen historiaren lekuko eta partaide xume bat, langile nekaezina, euskaldun zintzoa… mendizale sutsua. Arroletzako puntatik bota genituen errautsak airera, hegoalderantz, aurrean Ganekogorta mendia geneukala, berak hainbeste maite zuen lurrarekin berriz bat egin zezan. Burdinezko plaka bat ipini genuen bere omenez gailurreko harrietan.
Gaur amak esan dit apurtuta agertu dela Aititeren omenezko plaka, eta zerbait idatzi behar nuelakoan nengoen, sikieran hautsi duten putakumeek irabazi ez dezaten.

