Nire mundua iruditanMay 30, 2005 10:19 pm
Asteburu honetan Festimaden egon naiz, eta gauza batzuk esan nitzake.

Esan nezake zeozer asteburuan pairatu dudan beroaren gainean, eta garagardo litroak edan arren mozkortu ez naizela.

Esan nezake nire lagun batek jembé bat erosi zuela goizeko hiruretan, eta jendea batzen zitzaigula hura jotzeko.

Esan nezake kebab, patata frijituez eta zerbezaz elikatu naizela, eta nire urdailak nahiko ondo aguantatu duela erronka.

Esan nezake gotikoen rolloa ulertzeko gai ez naizela izan, saiatu naizen arren, eta nire lagunek ere antzera ibili direla, teoriarik eraiki ezinean.

Esan nezake Urtziren liburua ez dudala amaitu, eta ez hori bakarrik, baita ere parrafo bi baino ez ditudala irakurri, eta ez oso ondo, gainera.

Esan nezake dutxak nire gorputzari zerion ur beltza irentsi zuela, eta batzuek 3 orduko ilara egin zutela 2 minutuko dutxa bat hartzeko.

Esan nezake kotxe bat 5 metrotik behera zelan botatzen zuten ikusi nuela, eta ez zidala batere penarik eman.

Esan nezake txosna bateko barran ondoan egokitu zitzaidan giputz batekin bat etorri nintzela erabat, eta neuk ere eskasa baino gehiago malamuertekue iritzi niola hango zerbitzuari.

Esan nezake pena hartu nuela maskarilla bat ez eroateagatik, eta gaur goizean ere hautsa kendu dudala belarri barrutik.

Hori guztia esan nezake, batez ere hautsarena.

Baina utziko diot eguzkiari hitz egiten, burua ez daukat-eta berbaldi potoloetarako.

egunsentia

Diñot nikMay 25, 2005 8:24 am
Ziutateaz

Atzo “Auzoak” liburua erosi nuen ingeleseko eskolara joan aurretik. Gehienetan egun arrunt batean astirik ez dudanez Bilbotik liburutan ibiltzeko, tarte horretan erosten ditut nik liburuak. Moyuan metrotik irten eta Urretxindorrara joaten naiz, eta jakina, beti, huts egin barik, berandu heltzen naiz klasera. Lehenengo narrazioa Iparragirre kalean irakurri nuen, oinez nabilela ( gizonezkook gauza bi aldi berean egiteko gai ez garen ustearen aurka). Gustatu egin zitzaidan. Gero, ezin izan nion tentazioari eutsi eta klasean bertan ere bizpahiru begirada arin eman nizkion bigarrenari. Metroan etxera bidean amaitu nuen bigarrena, eta beste bost ere ipuin irentsi nituen ohean nire mobilak duen linterna txikiaren laguntzaz.

Aukeratu behar izan nuen.”Al este del Edén” liburuaren argitalpen mardul bat neukan mahaitxoaren gainean, amaitzeko orri gutxi batzuk faltan, baina atsedena eman nion, Bilbo irakurtzeko gogoa nuelako, eta seguru aski, Steinbeckena astuntxoa delako etzanda irakurtzeko. Beti amaitzen dut sorbaldako minagaz.

Auzoak, hiri baten erretratua jendearen istorio txikien bidez marraztua. Liburu hau eta beste batzuk irakurrita, eta baita liburuak ez diren beste hainbat kontu ere, Bilbok euskal idazle gazte askorengan duen eragin berezia sumatu dut. Idazkera eta tematika urbanoa nagusitzeari ez deritzot arraroa, azken batean, ulertzekoa da jendez eta istorioz betetako inguru batek zuhaitz eta baserriz beteta dagoenak baino material gehiago (ez diot hobea) ematea, baina hala ere, deigarria egiten zait. Nik neuk ere, idazlea izan barik idazmenaren atzaparretan jausi berritan egonda, igartzen dut magia hori: Bilbon nagoenean burua bueltaka ibiltzen dut, gauzak apuntatzen ditut koadernoan, halako ideia bat etortzen zait eta etxera bueltan ordenagailua piztu eta wordeko pantaila zuria zikintzen dut. Gainera, ez dute zertan Bilbogaz zuzenean lotutako istorioak izan, beste edozein kontu ere izan daiteke. Espaloi jendetsuetan edo autobusaren zain nagoela hiriko giza-paisaiari begira baino ez datozkit burura, ostera. Bilbozentrismoa izango da, beharbada, bilbotarra ez den baten bilbonzentrismo gaizki ulertua, akaso.

Urtziren liburua asteburuan Madrilen amaituko dut, ia handik hartzen den inpresioa zelangoa den.
Diñot nikMay 23, 2005 3:17 pm
Ematen zuen luzerako joko zuela berdinketak, baina ez, arratiarrak bere burua bidetik kendu du eta… habemus mahaiam. Emakume bat izango da gainera, Bermeokoa hain zuzen, jakin ahal izan dugunez alderdikidelogian ezjakinak garenok. Nik, egia esan behar badut, ez dut aparteko interesik aspaldi honetan politikeria kontuetan, eta zirkoa nahiko hotz jarraitu izan dut egunokaz, baina hala ere badira komentatzeko beste ematen duten bitxikeria batzuk: EHAK mahatik kanpo geratu da (EAJ-k mesede bat baino gehiago zor izango omen dio Madrazori, antza) eta gure Legebiltzarrak beste zaplasteko txiki bat eman dio euskarari: mahaiko kideetatik bakarrak, presidenteak, daki euskaraz.

Julenek aipatzen zuen nik lehengo egunean ekarritako testu baten harira euskaldunok gure hizkuntza modernitatean hankamotz ikusten dugula, eta hala da, gure hizkuntza hankamotz dabil mundu modernoan, eta horrela, militantziaren esku utzi behar dugu lan guztia, eta militantzia soilak noiz edo noiz amore ematen du. Tristeena da, dena dela, ikustea zelan hizkuntza kontuetan eredugarri izan beharko luketen “esfera” horietan euskara hutsaren parekotzat jotzen den. Parlamentukoa beste adibide bat baino ez da, egoera lotsagarri baten azala. Duela hilabete batzuk Legebiltzarreko itzulpen buruak egoeraren berri eman zuen prentsaren bidez, eta han plazaratu zituen datuak alarma gorrikoak ziren (batzuontzako, jakina, herritar arruntak honetaz tutik ere ez daki), ez bakarrik euskara gutxi erabiltzen delako hitzaldietan eta barne lanetan, ez bada orain dela 15 urte baino gutxiago erabiltzen delako. Non eta Eusko Legebiltzarrean. Parlamentuko talde guztiek, batek izan ezik, erdara hutsean funtzionatzen zuten aurreko legegintzaldian.

Oraingoan ere, kontuak ateratzen hasita, bakarra izango delakoan nago. Talde bakarra gehi legebiltzarkide bakarra, guztira, hamar: 75/10. Horrela ikusita bostetatik batekoa ez da horren emaitza txarra. Zelako kontsolamendua.

Hori bai, gizonezko bakarra. Euskara legebiltzarrean emakumeen esku.

Maitasuna?
KontariMay 19, 2005 11:38 am
Esaten da denborarekin ahaztu egiten dela, baina sinestu eizue, hori gezur handia da. Emango dizuet proba bat:

Euskaldunak Ameriketara zeozer hoberen bila joaten ziren garai horretan (norantzak inbertitu dira azken aldian, dakizuenez) Lezamako mutiko bat Argentinara joan zen, ilusioz beterik. Amari esan ei zion itzuli egingo zela, eta ez kezkatzeko, eta idazten ikasiko zuela gutunen bat bidaltzeko. Urte luzeak eman zituen han, baina baserrian ez zuten gutunik jaso.

Ama semearen promesa beteko ez zela pentsatzen hasia zegoenean agertu zen baserriaren aurrean dotore jantzitako gizon bat auto eder batean. Semearen begiak eta sudurra ikusi zituen amak kapela luzearen azpian eta iruditu zitzaion hura zela, azkenik etxera buletatu zela Ameriketara joandako semea. Baina kapeladunak erderaz egin zion berba, eta andra gizajoak zekien erdera apurrarekin ulertu ahal izan zion euskera ahaztua zeukala semeak: “ama, se me ha olvidado el vascuence, así que ahora tendremos que hablar en castellano” esaten zion. “Zelan ba? hori ezin lei izan!” eta semeak “Pues si, y no te creas que me da ninguna pena”. Azken hori amak ez zuen ulertu, eta begitandu zitzaion kanpoztar hori ezin zela bere semea izan.

Harro joaten ei zen amerikanoa Lezamatik, esaten jadanik euskeraz ez zekiela, eta askoz gusturago zegoela horrela, eta amak ere ikasiko zuela espainolez zaharra izan arren, zeren euskerak, azken batean, ezer gutxirako balio du.

Amerikanoak eraiki gura zuen etxe-palazio itzela proiektua baino ez zen bitartean baserrian bizi behar zuen, eta baserriko beharretan lagundu. Espainolez, noski. Goiz batean kortan sartu zen amarekin behiak jeztera, berak aurreko egunean lurrean utzitako sardea ikusi ez, zapaldu egin zuen eta kolpe itzela eman zion sardearen kirtenak aurpegian, bete-betean. Garrasika hasi zen, eta gero purrustadaka, haserre, esanez: Ama! nork imini ete dok hau hemen! .

Amak orduan ezagutu zuen semea, azkenik.
Diñot nikMay 18, 2005 8:24 am
Kuriosoa da unean-uneko gertakariek aspaldiko kontuak zelan ekartzen dizkiguten gogora. Adibidez, atzoko uriola saiakerak (benetako uholdea izatera ez zelako heldu) orain dela 22 urteko bizipenak biziberritu ditu. Julenek ere gaur bere bere blogean oso istorio polita dakar horren harira. Ni artean nahiko ume moko despistaua nintzen 83ko uriolak gertatu zirenean, eta euri artean gurasoen eskuei helduta Bilbotik ziztu bizian alde egin behar izan nuen arren, ez dut ezer gogoratzen. Hala ere, beti heltzen zaizu istorio bitxiren bat jendearen ahotik, edo irakurrita. Esate baterako gure herria errepidez isolaturik geratu zen, autoak heldu ezinean, eta halako helikoptero itzel batek lur hartu zuen futbol zelai zaharrean (artean “zaharra” ez zenean) lau emakumek haurra izan behar zutelako. Ikertu beharko dut nortzuk diren “uholdearen seme-alabak”.

Laudion ere gogora etorri ei zaie egun horietan sentitutakoa. Gentza Belaustegigoitiak, Federiko Belaustegigoitia Laudioko euskal idazlearen semeak, Aunia aldizkarian kontatu zuen zelan berak gorriak ikusi zituen, larregi ausartu eta geltokiaren aurrean dagoen zubia zeharkatzea erabaki zuenean, Nerbioko ura sorbaldaren parean eukita ere. Triskantza handia egin zuen Nerbioi ibaiak Laudion 1983. urtean, eta berehala erabaki zen kanalizatu egin behar zela. Istorio hau ez baneki, pentsatuko nuke nik ibai horri ikusi diodan itxura zibilizatuegia betikoa dela, baina ez, sasoi batean Laudion Nerbioi ibaia ez zen Corintoko kanalaren kopia txar bat. Gizakion zorionerako eta edertasunaren kalterako jadanik ez da halan. Eskerrak.

laudio urpean
Nire mundua iruditanMay 16, 2005 7:35 pm
Atzoko kilometroak hanketan ditut jolasten oraindino, baina agujeta lasaiak dira, hori bai, gehiegi oldartzen ez diren horietarikoak. Egia esan, eskerrak eman beharra dizkiet hankei, uste baino askoz hobeto egin zutelako euren lana. Uste dut eurekin gero eta gusturago nagoela , ez zait aldatzeko ezelako tentazinorik sortzen, ez horixe.

Agian norbaitek, aurreiritzi matxistaz beterik, esan lezake neskato bik jarritako erritmoari jarraitzeko ez dela beste munduko hankarik behar, baina zu, ez gabiltza edozelako neskatoren gainean berbetan, hauek kastako txirrundulariak dira, eta beraien entrenamendu lasai bateko erritmoari eutsi ahal izateak, aurten egin ditudan kilometro gutxi horiek kontuan hartuta, niretzat behintzat meritua dauka, ze demontre. Berba egiteari utzi barik joateak ere akaso lagunduko zuen kilometroen luzera gutxitzen. Ez dut uste irakurriko dutenik, baina… Naiara eta Maitane, fenomeno!

Gauza bat argi badago lasterketa honen filosofiaren barruan, hori da irabazlerik ez dagoela, sailkapenik ez dagoela, parte hartzen duen guztiak irabazten duela, neurri berberean. Bat nator, zeharo, baina dena dela, nik ipiniko nuke irabazleren bat atzokoa ikusita. Ez naiz nitaz ari, harrokeria puntu batekin egin nezakeen arren, oso gustura geratu nintzelako. Baina ez, beste pertsona bi nabarmenduko nituzke.Herriko plaza jadanik txirrindulari barik eta traste guztiak batuta zeudenean agertu ziren, gainera.

Gutxien espero genuenean hara non agertzen diren bata bestearen atzetik “Irabazle” izena (edo abizena) merezi zuten bakarrak:


- Lehenengo irabazlea ezkerretakoa duzue, eta bai, atzean agertzen den bizkleta erdi marziano hori berea da. Tipoa holandarra zen - kilometro bateko distantziatik ere “holandarra naiz!” oihukatzen zuen ahoa zabaldu barik- Pertsona bitxia zela esaten badut labur geratzen naiz. Tipoak, antza, hiru aste zeramatzan Bilbon ez dakit non lanean, ez nion ulertu, dakidan gauza bakarra da Diputaziotik hurbil zegoela lekua, eta handik kasulitate hutsez kartel bat ikusi eta atzo bizikleta izugarri horretan etorri zen Artziniegaraino. Bueno, kontua da ibiltzen hasi eta nahiko atzean zebilenez, lasterketa Artzentalesetik pasatu zenean Sopuertako bidea hartu beharrean Karrantzara egin zuela. Galdu egin zen, eta azkenean bide zuzenari heldu zion arren, berandu egin zitzaion.

Atzo bertan itzuli behar zuen Holandara. Txorizo apur bat jan eta bizkleta hartuta joan zen berriro Bilboraino. Beharbada baten batek ikusiko zuen arratsaldean Biriatuko muga zeharkatzen, nik edozer sinistuko nuke. Horregatik izendatu dut irabazle, eta betaurrekoengatik.

- Bigarren irabazleak ez dauka, holandarrak bezala, betaurreko biseradunik (beti harritu izan naute betaurreko horiek), baina hala ere, ezin nezake sari barik utzi bizkleta gainean hain kementsu eta alai dabilen laurogei urte inguruko gizon hori. Gasteizkoa zen, eta uste dut Jesus Ibisate zuela izena. Bera ere galdu egin zen, Sopuertan Umarango kaminoa hartu ordez Muskizekoa hartu eta hondartzaraino iritsi zen; hantxe buelta eman eta apurka apurka joan zen Artziniegaraino. Irribarre batekin agurtu gintuen frontoian holandarrarekin berbetan geundenongana hurreratu ahala.

Susmoa dut ilusioa egiten ziola itsasoa ikusteak.

Diñot nikMay 14, 2005 6:25 pm
Bloga exhibizionismoa dela sarritan entzun dut azken aldian, oso sarritan, eta baten baino gehiagoren ahotan. Nik suposatu nahi dut exhibizionismo hutsa ez beste arrazoi asko egon daitekeela eta badaudela blog publiko bat idazteko erabakia hartzen denean, eta adibideak egon badaude: Batzuk saiakera literarioak dira, beste batzuetan gai zehatz baten inguruko kontuak plazaratzen dira, beste batzuk argazkien bidez komunikatzen dute esan nahi dutena, beste batzuk kolektiboak dira…. Ez hori bakarrik, anonimotasunaren aukera hartzea ere badago, eta horren barruan maila diferenteko anonimotasuna. Ni egia esan erabat harrituta nago Internetek ekarri duen komunikatzeko iraultzarekin.

Zertara dator hau guztia? Ba kontua da urtebete egingo duela laster blogean idazten hasi nintzela, eta bitarte horretan oso jende gutxiri aipatu diodala. Halako sentimendu kontrajarriak izan ditut; alde batetik argi dago norbait irakurtzeko idatzi nahi nuela, baina bestetik lar pertsonalak begitantzen zitzaidan kontu batzuk holan publikoki zabaltzeko, euskal blogosfera txiki honetan bazen ere (zeren, egia esan, oraindik ere lagun koadrila baten neurriko blogosfera daukagu, ezta?). Lotsa izan daiteke, azken pausu hori emateko sasibeldurra, huskeriak azkenean, zeren patailaren aurrean egunean-egunean neurri batean edo bestean “biluzten” den jendea badago, eta nik neuk behintzat ez diet irakurtzen kuxkuxean ibiltzea gustuko dudalako, ez bada esateko duten hori zerbait aportatzen duelako, berezia delako, aberasgarria.

En fin, azkenean exhibizionismoan sartu behar bada sartzea erabaki dut, eta Aurki.com atariko “iturrietan” gehitu dut nire sareko apartamendu hau, eta suposatzen dut tranpan jausiko dela hemendik aurrera lehen baino nabigatzaile gehiago. Eta beharbada batek baino gehiagok nik ditudan zalantza berberak izango ditu.

Honegaz enteratzean batek baino gehiagok esango dit: “zu, zer, urtebete blogean idazten eta ni enterau barik, ya te vale”. Ulertzen dut., baina txo, beldurra nion exhibizionismoari.

Diñot nikMay 13, 2005 8:22 am
Ez nuen eguazteneko partiduaz idatzi nahi. Topikoegia begitantzen zitzaidan horren moduko supergertakaria hartu eta egon zen giro itzela deskribatzeko berbak aukeratzen hastea, edo emozioaren aurpegien sailkapena egitea, edo jokalariak partidua amaitu eta lurrera zelan jausi ziren esatea. Hori guztia epikotasun erraza bilatzen duten kirol kazetarien esku uztea komeni da. Baina, hala ere, uste dut iritziz aldatu naizela eta badirela aipatu gurako nituzkeen gauza bi, detaile txiki bi.

BAT

Berandu heldu nintzen San Mamesera, arrapaladan, karraderan, izerditan, ia ia Altamiratik oinez jaitsi behar izan nuelako. Jesarri eta handik bost minutura ikusi nuen gaueko protagonista ezkutua berde artean hegoei gogo handi barik eragiten. Behin baino gehiagotan jaisten dira estadioko talaietan bizi diren usoak berdegunera jokalariak egonda ere, azken batean, eurak usoak hantxe bizi dira, eskubide osoa dute zelaiaz gozatzeko. Ez dakit zerk bultzatuko zuen usoa jaistera, baliteke nekaturik edo gaixorik egotea, bai, baina baliteke jokalariengandik hurbil geratzea gustu hutsagatik. Ezer gutxi dakit nik usoei buruz gauza ziurrik esateko. Kontua da ez zuela alde egin partiduak iraun bitartean, eta iraun luze iraun zuen.

Hainbeste tentsio artean une batez deskonektatu behar nuenean begira geratzen nintzaion, eta iruditzen zitzaidan ez zegoela inor San Mamesen bera bezain lasai, eta ni ere apur bat lasaitu egiten nintzen. Apur bat.

Uste dut penaltiak iritsi zirenean talaiara itzuli zela, orduan jarri zela artega. Neuk ere azkena ez nuen ikusi nahi izan.

BI

Irten nintzen atetik eta ez zuen euririk egiten. Baten batek zerbait esaten zuen ahopeka, beste batzuek aurpegiarekin esaten zuten dena, eta neu akaso holako aurpegia eukiko nuen, aurpegi adierazkorra-edo. Geratu nintzen apur batean geldi espaloian ikusleak estadiotik zelan atertazen ziren ikusteko, kale osoa jendez beterik egon zen arte, zurrumurruan partiduko sentsazioak usainduko nituelakoan. Baina ez zen zurrumurrurik egon, ez zen batere zaratarik ateratzen jende multzo horretatik, aireak beste konposizio bat hartu zuen bat-batean eta jendeari gaitz egiten zitzaion arnasa hartzea, uste dut.

Orduan konturatuko zen jendea eztarriak urratuak zituztela hainbeste animatzeagatik, eta erabaki zuten hobe zela isilik egotea. Sekula ez dut entzn holako isiltasun trinkorik.

Nire mundua iruditanMay 8, 2005 11:19 pm
Gutxien espero duzun domeka arratsalde horretan, argiaren magia eta naturaren edertasuna hatz-puntekin ikutzeko momentua aurkitu dezakezu, eta eskerrak eman behar dizkiezu telefonoa hartu eta zugaz gogoratzeko ideia izan duten lagunei, aspaldiko unerik politena izan delako. Eskerrik asko.

Izerditan 1:46 pm
Badaude halabeharrez sufritzen duten pertsonak, mina edo nekea saihestu ezin duen jende asko, eta horientzat txarto pasatzea ez da gutsuko kontua, inolaz ere. Baina sufritzaileen taldearen barruan bagaude afizioz-edo sufritzaile bihurtu garenok. Uste dut nork bere buruarekin izaten duen aurrera egiteko lehiaren parte bat besterik ez dela, nire kasuan behintzat halaxe da. Bizitzaren arlo askotan jar ditzakezu aurrera begirako erronkak, lanean, ikasketetan, garapen pertsonalean, eta zure muga fisikoak neurtu eta gainditzea da agian modurik-eta errazena, oinarrizkoena… “basatiena” esaten joan naiz baina igual larregizko berba da horretarako, ez dakit. Kontua da kirolean nahita eragiten den sufrimendu fisiko hori niretzat buru barrukoak garbitzeko tresna dela, gardenago sentitzen naiz lasterketa bat amaitu eta halako neke sakona jasan ostean, eta zure izena zerrendan apur bat gorago ikusten baduzu, goiz borobila. Ego-ari jaten ematea da, azken batean.

Iaztik honako aldaketak ikusteko beste aukera bat izan da gaurko duatloia: orain dela justu urtebete fresko nenbilen, indartsu, oso aurrean nire mailarako, arineketan itzel eta bizikletan taldetxoaren erritmoari jarraitzeko arazo barik. Gaur ez naiz gai izan talde biren gurpila hartzeko, hankak ez doaz, eta ulertzekoa da benetako entrenamenduak oooso lantzean eiten dituzunean. Esan diot aitari, ez, lasai, bizikletako zirkuitoa nahiko laua da, ez dago aldatsik apenas. Bai zera! iaz ez ziren egon, baina gaur zirkuito berean iruditu zait beste koska batzuk egin dizkiotela kaminoari, ia ia seguru nago. Hala ere, Gernikan baino hobeto, hori bai. Baina beste urte bat da, beste momentu oso desberdin bat.

sopela
KontariMay 6, 2005 6:01 pm
Azken hilabetekoak amesgaiztorik gabeko gauak izan dira Eñautentzat. Are gehiago, amets goxoetan barrena eman ditu, gau luzeak eta gau laburrak, alegiazko mundu horretatik alde egiteko alfrekeriaz, beldurrez, ikaraz. Egun argiz bestelako mundua ezagutu behar izan du, beste aukerarik ez du izan.

Gaur ere berdintsu esnatu da, beste egunen antzera, buruan etengabe zilipurdika ibiltzen duen euli itxurako pentsamendu hori aldendu ezinean.

Eñautek eguneroko paisaia bera antzeman du begiak zabaldu dituenean, armairuko ateak aurrez-aurre ditu, -ezkerretara, beti-beti hara begira egiten baitu lo- liburu bat dago ohearen oinetan eta eguzki-izpi beldurtiak pertsianak uzten dituen zirrikituetatik sartzen ari dira, hauts zurrunbiloak argituz. Etorri zaio burura gaur ere, baina hala ere pentsatu du okerragoa izan zitekeela eguzki-izpiak barik, neguan sartzen den farolaren argi sasilaranja hori sartuko balitz lehiotik, eta horrek apur bat poztu egin du Eñaut. Apur bat.

Iruditu zaio oraindik Oihanaren hatzamarren balizko arrastoa nabari ditzakeela eskuan, eta esango luke bere lurrinaren puska txikiak dituela sudurtzuloetako ileetan itsatsirik; baina berehala arnasarekin irentsi ditu eta logelako usain astunak hartu du euren lekua. Kolpe batez sakatu du iratzargailu gisa erabiltzen duen irratiaren botoi borobila: “zazpiak hamar gutxi, Eñaut, altxatzeko ordua” esan dio irratiak zenbaki gorri distiratsuetan. Zapatila barik egin du logelatik bainugelarako bidea. Dutxa hartu ostean kola kaoa mikrondasean berotu du eta eroskiko gaileta batzuk jan ditu likido marroian bigunduta. Ogia egon izan balitz lehengo moduan jango lituzkeen tostada batzuk, baina denbora luzetxo da soberako ogirik ez duela goizetan topatzen. Radio Euskadiko meteorologoari ohiko tonu dardartiaz ulertu dio laino gutxi ekarriko duela maiatzeko egun honek. Ez dio garrantzi handirik eman.

Hortzak garbitu, ohea atondu, jantzi, eta, jateko tuperra atzo arratsaldean prestatu zuenez, beste batzuetan baino lehenago gurutzatu du etxeko atea, izaren artean bizitako zoriontasun penagarria atzean utzirik.

Lehen, Oihanak utzi aurreko sasoi horretan, Eñautek metroa hartzen zuen goizero unibertsitatera joateko, edo bestela autobusa, eta batzuetan Oihanarekin geratzen zen ohean musuka, zeren oro har, horiexek baitziren eurentzat laztan eta musurik zaporetsuenak, unerik usaintsuenak: goizekoak, sarri askotan siesta ordukoekin lehia bizian bazeuden ere. Orain, berriz, etxetik ziztu bizian irten eta autoa hartu du, denbora gehiegi emango bailuke bestela metro eta autobus transbordoak egiten. Beti entzuten du irratsaio berbera kotxean doala, eta goizeroko auto-pilaketa amaigabea baliatzen du justu-justu entzun nahi dituen tarteak harrapatzeko, pozik-edo, metroan lehen irratia ezin zuelako entzun,han lurpean ez delako ezer entzuten interferentzien soinuaz aparte. Lantokian, ordenagailuaren aurrean edo lankideekin berbetan eman dituen orduak izan dira ametsgaiztoaren ordurik arinenak gaurkoan ere. Ordu lasaiak izan dira, ez dio inork deitu, ez dio inork trabarik egin, bere gauzetan murgildu da eta buruko euliari ez dio jaramonik ere egin, ez du Oihanaren izena paper zatitxo batean letra borobilez eta bihotz itxurako bokalekin idatzi.

Lanetik atera da, ohi baino berandutxoago, eta kotxean sartu denean aldi batez geratu da arrankatu barik,jesarrita, hausanarrean. Pentsatu du berak badakiela bulego bateko lau hormen artean giltzapean egoteko jaio ez dena, baina era berean, bitxia den arren, han baino lasaiago inon ez dagoena. Kontresana, antza, baina bere bizitza azken boladan horixe baino ez da izan, kontraesana, anabasa, komeni ez diren sentimenduak. Pentsatu du nazkatuta dagoela lastima emateaz, kokoteraino dagoela arratsaldetan “o”ak bihotz itxurarekin marrazteaz, eta zerbait egin behar duela udaberriak negu tankera har ez dezan. Pentsatu du Oihana orain harekin ibiliko dela musuka, agian, eta amorrua eman dio hori pentsatzeak berak ere, eta saiatu da ostikoa ematen, ostikoak ematen trebea ez den arren. Pentsatu du, azken batean. Gehiegi pentsatzen du.

Giltzari eragin dio eta motorrak zarata lasaia atera du.

Zelan ez daki, baina kontua da kotxeak beste norabide bat hartu diola errepideari, bidegurutze batean eskumatara egin duela eta Eñaut etxe parera eraman beharrean hondartza zabal baten ondora eraman duela, eta hondarrez inguratuta dagoen harri koskor baten gainean jesarrita utzi duela.

Jende gutxi dabil hondartza horretan, oraindik hondartzak asteazken iluntzetan ere jendez lepora egoten diren sasoia heldu ez delako seguru aski. Hondartza txikia ere ez da, baina ez dauka herririk atzealdean eta pinu arteko bidexkari jarraituz dagoen kanpina oraindik itxita dago maiatzean. Hantxe geratu da ordu betez edo, noiz eguzkiaren azken ahaleginek urari eta olatuen zipiztrinei ateratzen dizkien tonu kromatiko eta diztirei so, noiz emakume lodi bat imitatu nahian dabilen laino zurixkari begira, udaberriko zeru garbian dagoen laino bakarrari. Eguzkia bere azken izpi ausarten azazkalekin mendebaldeko mendiei helduta geratu delarik, Eñaut altxatu egin da, arropa guztiak erantzi ditu, eta, astiro, ur ertzera hurreratu da, uraren laztana oin-puntetan igarri duen arte.

Eguzkia erabat izkutatu denean, isilik sartu da uretan, hotzaren ziztadak hanketan, barrabiletan, sabelpean, besoetan, sakonago sentitzearren, eta hantxe geratu da zutunik, gauetako amets goxoak esna dagoela ere bisitan etorri eta amesgaiztoa uxatuko dutelakoan.

Nire mundua iruditanMay 2, 2005 2:42 pm
Lurra, itsasora amiltzerakoan, izena galtzen hasten da, utzi egiten dio lur izateari, lehorreko izpirituari, eta urpean dagoenean jadanik ez da lurra. Leku batzuetan lasai onartzen du bere patua, xume, apal. Baina beste batzuetan aurre egiten dio, sutsuki oldartzen da eta kostaldea guda horren harrizko lekuko bilakatu.