Azken hilabetekoak amesgaiztorik gabeko gauak izan dira Eñautentzat. Are gehiago, amets goxoetan barrena eman ditu, gau luzeak eta gau laburrak, alegiazko mundu horretatik alde egiteko alfrekeriaz, beldurrez, ikaraz. Egun argiz bestelako mundua ezagutu behar izan du, beste aukerarik ez du izan.

Gaur ere berdintsu esnatu da, beste egunen antzera, buruan etengabe zilipurdika ibiltzen duen euli itxurako pentsamendu hori aldendu ezinean.

Eñautek eguneroko paisaia bera antzeman du begiak zabaldu dituenean, armairuko ateak aurrez-aurre ditu, -ezkerretara, beti-beti hara begira egiten baitu lo- liburu bat dago ohearen oinetan eta eguzki-izpi beldurtiak pertsianak uzten dituen zirrikituetatik sartzen ari dira, hauts zurrunbiloak argituz. Etorri zaio burura gaur ere, baina hala ere pentsatu du okerragoa izan zitekeela eguzki-izpiak barik, neguan sartzen den farolaren argi sasilaranja hori sartuko balitz lehiotik, eta horrek apur bat poztu egin du Eñaut. Apur bat.

Iruditu zaio oraindik Oihanaren hatzamarren balizko arrastoa nabari ditzakeela eskuan, eta esango luke bere lurrinaren puska txikiak dituela sudurtzuloetako ileetan itsatsirik; baina berehala arnasarekin irentsi ditu eta logelako usain astunak hartu du euren lekua. Kolpe batez sakatu du iratzargailu gisa erabiltzen duen irratiaren botoi borobila: “zazpiak hamar gutxi, Eñaut, altxatzeko ordua” esan dio irratiak zenbaki gorri distiratsuetan. Zapatila barik egin du logelatik bainugelarako bidea. Dutxa hartu ostean kola kaoa mikrondasean berotu du eta eroskiko gaileta batzuk jan ditu likido marroian bigunduta. Ogia egon izan balitz lehengo moduan jango lituzkeen tostada batzuk, baina denbora luzetxo da soberako ogirik ez duela goizetan topatzen. Radio Euskadiko meteorologoari ohiko tonu dardartiaz ulertu dio laino gutxi ekarriko duela maiatzeko egun honek. Ez dio garrantzi handirik eman.

Hortzak garbitu, ohea atondu, jantzi, eta, jateko tuperra atzo arratsaldean prestatu zuenez, beste batzuetan baino lehenago gurutzatu du etxeko atea, izaren artean bizitako zoriontasun penagarria atzean utzirik.

Lehen, Oihanak utzi aurreko sasoi horretan, Eñautek metroa hartzen zuen goizero unibertsitatera joateko, edo bestela autobusa, eta batzuetan Oihanarekin geratzen zen ohean musuka, zeren oro har, horiexek baitziren eurentzat laztan eta musurik zaporetsuenak, unerik usaintsuenak: goizekoak, sarri askotan siesta ordukoekin lehia bizian bazeuden ere. Orain, berriz, etxetik ziztu bizian irten eta autoa hartu du, denbora gehiegi emango bailuke bestela metro eta autobus transbordoak egiten. Beti entzuten du irratsaio berbera kotxean doala, eta goizeroko auto-pilaketa amaigabea baliatzen du justu-justu entzun nahi dituen tarteak harrapatzeko, pozik-edo, metroan lehen irratia ezin zuelako entzun,han lurpean ez delako ezer entzuten interferentzien soinuaz aparte. Lantokian, ordenagailuaren aurrean edo lankideekin berbetan eman dituen orduak izan dira ametsgaiztoaren ordurik arinenak gaurkoan ere. Ordu lasaiak izan dira, ez dio inork deitu, ez dio inork trabarik egin, bere gauzetan murgildu da eta buruko euliari ez dio jaramonik ere egin, ez du Oihanaren izena paper zatitxo batean letra borobilez eta bihotz itxurako bokalekin idatzi.

Lanetik atera da, ohi baino berandutxoago, eta kotxean sartu denean aldi batez geratu da arrankatu barik,jesarrita, hausanarrean. Pentsatu du berak badakiela bulego bateko lau hormen artean giltzapean egoteko jaio ez dena, baina era berean, bitxia den arren, han baino lasaiago inon ez dagoena. Kontresana, antza, baina bere bizitza azken boladan horixe baino ez da izan, kontraesana, anabasa, komeni ez diren sentimenduak. Pentsatu du nazkatuta dagoela lastima emateaz, kokoteraino dagoela arratsaldetan “o”ak bihotz itxurarekin marrazteaz, eta zerbait egin behar duela udaberriak negu tankera har ez dezan. Pentsatu du Oihana orain harekin ibiliko dela musuka, agian, eta amorrua eman dio hori pentsatzeak berak ere, eta saiatu da ostikoa ematen, ostikoak ematen trebea ez den arren. Pentsatu du, azken batean. Gehiegi pentsatzen du.

Giltzari eragin dio eta motorrak zarata lasaia atera du.

Zelan ez daki, baina kontua da kotxeak beste norabide bat hartu diola errepideari, bidegurutze batean eskumatara egin duela eta Eñaut etxe parera eraman beharrean hondartza zabal baten ondora eraman duela, eta hondarrez inguratuta dagoen harri koskor baten gainean jesarrita utzi duela.

Jende gutxi dabil hondartza horretan, oraindik hondartzak asteazken iluntzetan ere jendez lepora egoten diren sasoia heldu ez delako seguru aski. Hondartza txikia ere ez da, baina ez dauka herririk atzealdean eta pinu arteko bidexkari jarraituz dagoen kanpina oraindik itxita dago maiatzean. Hantxe geratu da ordu betez edo, noiz eguzkiaren azken ahaleginek urari eta olatuen zipiztrinei ateratzen dizkien tonu kromatiko eta diztirei so, noiz emakume lodi bat imitatu nahian dabilen laino zurixkari begira, udaberriko zeru garbian dagoen laino bakarrari. Eguzkia bere azken izpi ausarten azazkalekin mendebaldeko mendiei helduta geratu delarik, Eñaut altxatu egin da, arropa guztiak erantzi ditu, eta, astiro, ur ertzera hurreratu da, uraren laztana oin-puntetan igarri duen arte.

Eguzkia erabat izkutatu denean, isilik sartu da uretan, hotzaren ziztadak hanketan, barrabiletan, sabelpean, besoetan, sakonago sentitzearren, eta hantxe geratu da zutunik, gauetako amets goxoak esna dagoela ere bisitan etorri eta amesgaiztoa uxatuko dutelakoan.