Atzoko kilometroak hanketan ditut jolasten oraindino, baina agujeta lasaiak dira, hori bai, gehiegi oldartzen ez diren horietarikoak. Egia esan, eskerrak eman beharra dizkiet hankei, uste baino askoz hobeto egin zutelako euren lana. Uste dut eurekin gero eta gusturago nagoela , ez zait aldatzeko ezelako tentazinorik sortzen, ez horixe.

Agian norbaitek, aurreiritzi matxistaz beterik, esan lezake neskato bik jarritako erritmoari jarraitzeko ez dela beste munduko hankarik behar, baina zu, ez gabiltza edozelako neskatoren gainean berbetan, hauek kastako txirrundulariak dira, eta beraien entrenamendu lasai bateko erritmoari eutsi ahal izateak, aurten egin ditudan kilometro gutxi horiek kontuan hartuta, niretzat behintzat meritua dauka, ze demontre. Berba egiteari utzi barik joateak ere akaso lagunduko zuen kilometroen luzera gutxitzen. Ez dut uste irakurriko dutenik, baina… Naiara eta Maitane, fenomeno!

Gauza bat argi badago lasterketa honen filosofiaren barruan, hori da irabazlerik ez dagoela, sailkapenik ez dagoela, parte hartzen duen guztiak irabazten duela, neurri berberean. Bat nator, zeharo, baina dena dela, nik ipiniko nuke irabazleren bat atzokoa ikusita. Ez naiz nitaz ari, harrokeria puntu batekin egin nezakeen arren, oso gustura geratu nintzelako. Baina ez, beste pertsona bi nabarmenduko nituzke.Herriko plaza jadanik txirrindulari barik eta traste guztiak batuta zeudenean agertu ziren, gainera.

Gutxien espero genuenean hara non agertzen diren bata bestearen atzetik “Irabazle” izena (edo abizena) merezi zuten bakarrak:


- Lehenengo irabazlea ezkerretakoa duzue, eta bai, atzean agertzen den bizkleta erdi marziano hori berea da. Tipoa holandarra zen - kilometro bateko distantziatik ere “holandarra naiz!” oihukatzen zuen ahoa zabaldu barik- Pertsona bitxia zela esaten badut labur geratzen naiz. Tipoak, antza, hiru aste zeramatzan Bilbon ez dakit non lanean, ez nion ulertu, dakidan gauza bakarra da Diputaziotik hurbil zegoela lekua, eta handik kasulitate hutsez kartel bat ikusi eta atzo bizikleta izugarri horretan etorri zen Artziniegaraino. Bueno, kontua da ibiltzen hasi eta nahiko atzean zebilenez, lasterketa Artzentalesetik pasatu zenean Sopuertako bidea hartu beharrean Karrantzara egin zuela. Galdu egin zen, eta azkenean bide zuzenari heldu zion arren, berandu egin zitzaion.

Atzo bertan itzuli behar zuen Holandara. Txorizo apur bat jan eta bizkleta hartuta joan zen berriro Bilboraino. Beharbada baten batek ikusiko zuen arratsaldean Biriatuko muga zeharkatzen, nik edozer sinistuko nuke. Horregatik izendatu dut irabazle, eta betaurrekoengatik.

- Bigarren irabazleak ez dauka, holandarrak bezala, betaurreko biseradunik (beti harritu izan naute betaurreko horiek), baina hala ere, ezin nezake sari barik utzi bizkleta gainean hain kementsu eta alai dabilen laurogei urte inguruko gizon hori. Gasteizkoa zen, eta uste dut Jesus Ibisate zuela izena. Bera ere galdu egin zen, Sopuertan Umarango kaminoa hartu ordez Muskizekoa hartu eta hondartzaraino iritsi zen; hantxe buelta eman eta apurka apurka joan zen Artziniegaraino. Irribarre batekin agurtu gintuen frontoian holandarrarekin berbetan geundenongana hurreratu ahala.

Susmoa dut ilusioa egiten ziola itsasoa ikusteak.