Nire mundua iruditanJune 30, 2005 9:26 pm
oderiaga

Domekan mendian egon nintzen, Orozkon. Argazki batzuk egin nituen laino trinkotik irten eta udako eguzki distiratsu batek argitu ninduenean. Ordenadorera deskargatu ditudanean konturatu naiz objetiboa ez zela ondo zabaldu eta den-denak eskumako goiko partean orban baltz batekin atera nituela.

Hori kontuan hartzen ez bada, irudian ikusten dena Odoriaga mendia dela esan daiteke. Hantxe, gure Jaurlatxirla maiteak parke eoliko luze bat ipini gura du, Gorbeiaganeko gurutzetik 3 kilometrora eta parke natural baten barruan.

Zelako ideia mundialak dauzkan gure Jaulatxirlak.
Zer ete da hau? 6:20 am
putapulserita

Aste honetan bertan ospitale batean egin dut errenta-aitorpena.

BBKtik hara bidali ninduten ondo heltzeko azalpenak eman ostean. Sartu nintzen nire paperekin ate nagusitik, txiri-txiri. Bero egiten zuen barruan. Igogailuak dagozen tokiraino joan nintzen eta han eskumatara eginda antzinean maternidadeko sarrera nagusia zegoen lekurantz joan nintzen. Sentsazio arraro bat neukan buruan bueltaka, zeren normalean errenta aitorpena baino are zakarragoak diren kontuetera joaten naiz (oso gutxitan, zorionez). Pasiloaren amaieran, hantxe, Rentaneten kartel bat topatu nuen, itxarongela izandako gela handi baten atean. Burua sartu nuen barrura, gorputza kanpoaldean utzita. Hura hustasunaren metafora zen: erdi-erdian mahai bat zegoen, eta mahaiaren gainean ordenagailu bat, eta ordenagailuaren aurrean mutil bat, nire adinekoa-edo, errentekin jo eta ke. Horixe besterik ez gela osoan.

Itxaroteko esan zidan, eta itxaron behar izan nuen, non eta itxarongela izandako gelatik kanpo, zutunik.

Han, lekuz kanpo sentitu nintzen erabat, emakume baten telefonozko konbertsazioa entzunez. Kanpotarra zen, Gaztela hegoaldekoa edo, suposatu nuen, eseak ahoskatzeko moduagatik. Buruan tumore bat zuen alaba txikiaz ari zen berbetan: neskatoa hobeto ei zegoela, buruan aurreko egunetan baino min gutxiago zuela, bero itzela egiten zuela gelan…. animoso, indartsu zegoen ama, edo niri behintzat horixe iruditu zitzaidan. Ni, bitartean, Rentanet jaunaren zain jarraitzen nuen kristalezko ate zaharkituari begira, tarteka horrelako egoera batean dagoen umearen kemenean pentsatuz, eta tarteka ospitalaren estetika bereziaz hausnarrean. Izan ere, adabaki modernoz estalitako eraikin frankista baita Gurutzetako ospitalea, azken hamarkadetako Osakidetzaren Looka hartu ezinean dabilen dinosauro sanatoriologikoa. Itxarongela ez zen itxarongela horretako atea adibide ezin hobea zen.

Azkenean, sartu nintzen barrura, paperak atera nituen eta bost minututan bake santuan negoen foru ogasunarekin. Ordaintzekoa atera zen. Gutxigatik baina ordaindu behar diot res publikoari.

Opari txikia izan nuen, ostera, zeren irten nuenean lurrean zerbait berdea eta biribila ikusi nuen. Orain hain modan dagozen pulsera horietako bat zen, Amstrongek modan jarri zituen horiek, baina beste lelo batekin. Gorroto ditut pulsera horiek, benetan, ez ditut agoantatzen. Momentu honetan pulsera horiek eta reggaeton madarikatua dira gehien gorrotatzen ditudan gauzak. Baina hartu egin nuen eta hementxe daukat aurrean zorroko poltsikoan. Jantzi ez dut egingo, baina, huraxe da errenta-aitorpena ospitale batean egin nueneko oroitzapen fisiko bakarra. Probarik eduki ezean beharbada jendeak sinetsiko ez du eta.
Diñot nikJune 28, 2005 7:32 pm
Portugalete, ekainak 28, kafetegi bateko terraza. Eguzkipean egun ederra dago, aurrekoak baino freskotxoagoa, agian. Itsasoko printzak dakarren brisa atsegina dabil. Mostoarekin eman didaten olibatxoa daukat aho barruan. Ohiko eszena bat ikusi dut mahai batzuk harago: hogei bat urteko mutil beltz bat CD eta DVDak saltzen. Pentsatu dut beharbada baten bat erosiko dudala, zeren orain zinemetan dauden pelikulak edukitzen dituzte, eta aurreko udatik hona ez naizenez zinemara joaten, batere, ba huraxe nire aukera. Poltsikora eraman dut eskua eta gogoratu naiz atzoko bakeroetan ahaztu ditudala txaponak zein bileteak. Beti gertatzen zait gauza bera diruarekin, askorik ez daukat, eta gainera, edukiko ez banu bezala.

Mutila gugana etorri da. “Denda zabalik dago!” esan du. Horrela, euskeraz. Bueno, egia esan ez da izaten oso harritzekoa tabernetan saltzaile ibiltzen diren afrikarrek euskerazko berba batzuk jakitea. Horixe pentsatu dugu mahaian jesarrita egon garenok. “Zenbat balio du?” erantzun diot nik, eta bera “merke” esanez ekipajea hartu eta gure mahaira irribarretsu hurbildu eta gurekin jesarri da.

Ondorengo elkarrizketa guztia mahaian jesarrita geunden lau zurien eta mutil beltzaren artean euskera hutsean izan da. CDak erakutsi dizkigu, DVDak ere bai, baina horri guztiari baino gehiago berari begiratzen genion zeharo flipatuta. Kontatu digu lau hilabete daroazala Euskal Herrian eta “oso atsegin duela” hizkuntza, berba horiekin, “oso atsegin dut”. Zumaian eta Azpeitian ibili dela esan digu eta han den-denek euskeraz egiten ei dutela, batez ere Azpeitian, eta hantxe, kalean ikasi duela. Nik “Nongoa zara?” esan diot, eta berak, segurtasunez, “Senegalgoa naiz” erantzun. Susmatzen nuen, hangoak izaten dira eta kale-saltzaile ibiltzen diren gehienak. Baina gutxik egiten du euskeraz hain txukun, hain duin. Lau hilabetean. Bertendonako muturrandiekin gogoratu naiz.

Koaderno urdin bat erakutsi digu, hantxe apuntatzen ei dituelako euskerazko kontu guztiak. Eta egia da, hantxe dauka den-dena apuntaturik: esaldiak, hiztegia, berben esangura esaldiaren barruan, berbak ordenatzeko moduak… berak idatzitakoa eta jendeak azaldutako gauzak, hainbat letra ezberdinen zopa miresgarria orrialdeetan. Ikustekoa, benetan. Laster beste koaderno bat hasi beharko du.

Jonnhy The Dog pelikula erosi diot, eta beste bat Sahara izenekoa, Penelope Cruzen azken lana, antza (ez naiz zinefilo handia, ikusten denez). Eta ez dut prezioa negozioatzeko ahalegin handirik egin, aitzitik, eskatu duena ordaindu diot eta kito. Hamar euro? Hementxe dauzkazu. Eta pentsatu dut zenbaterainoko garrantzia duen beharrizanak eta borondate onak hizkuntza bat ikasteko orduan, eta ze txarto gabiltzan Euskara Herrian arlo bi horietan. Eta beharko genituzkeela Portugaleteko sengaldarraren moduko beste asko. Beltzak zein zuriak.
Diñot nik 2:28 pm
Urte asko, urte larregi pasatu behar izan da galiziar baten oinordekoa den beste galiziar bat boteretik botatzeko. Ez dakit Tourinho bezalako “talantista” bat Galizian gobernuburu izatea benetan pozteko modukoa den, egoera normal batean beharbada ez, baina batzuetan gauza gutxirekin konformatu behar dugu, eta onerako izango dela pentsatzea. Urte ilunen ondorengo argi txiki bat. On dagiela.

Doala hemendik nire omenaldia Fraga jaunarentzat.

Ex
Diñot nikJune 23, 2005 2:29 pm
Gaur, etxeko atetik irten eta berehala haize ufada bero-beroa nabari dut aurpegian. Gaztelatik zetorren, Salbadatik behera. Orduantxe etorri zait San Juan sua burura, gogoratu egin naiz, eta pentsatu dut ez bakarrik gaua, goiza ere apuntatu nahi zela suaren festara. Ondo apuntatu ere. Kiskali ditu bazterrak.

San Juan gaua. Donibane bezpera. Paganoen gaua, urteko gaurik luzeena eta argitsuena. Gustatu egiten zait gau hau. Gustatzen zitzaidan txikitan sutea pizteko erregai bila ibiltzen ginenean, baita nagusiagoetan ere, oporrak hartu berritan goizaldeko laurak arte geratzen nintzenean. Batzuetan garagardoak ikusmena lausotzen zidan, hurrengo eguneko kontuetan pentsatu beharrik ez neukalako, astelehen edo barikua izatea berdin zitzaidan. Urteak hori ere konpondu dute, langilearen bizimoduak paganismoaz gozatzeko aukera ostu dit eta. Behintzat bete-betean gozatzekoa.

Esaten da, huraxe da sinismena, gaur gauean gari edo arto solo batetik biluzik korrika egiten duena osasuntsu biziko dela urte osoan. Umea izan nahi duten emakumeak ere biluzik ibili behar dutela soloetatik. Antza denez, biluztea da gakoa. Nik oraindik ez dut San Juan bezperan emakume edo gizon biluzirik ikusi solo, kale edo landeetan, beharbada akelarreetara joaten ez naizelako. Gustatuko litzaidake, ikustea zein egitea, sua eta izarren argitan biluzik ibiltzea baino gauza paganorik ez dago eta.


San Juan bagilea
denpora ederrean
zapoak eta subeak erre
artoak eta gariek gorde


Horixe ba, zapoak eta subeak erre beitez.

sua
KontariJune 20, 2005 9:24 pm
Montanara

Trena mundua ikusteko modu polita da, ezberdina. Etxe ondoko trena ere bai, ez dago zertan urrunera joan. Goizero eta arratsaldero hartzen duten batzuek, beharbada, zapore mikatza aterako diote leihotik begira betiko paisaiari begira joateari. Edo agian ez, nik ezagutzen dut bat baino gehiago, baina batez ere bat, trenez joateaz inoiz aspertzen ez dena. Gainera, bada trenez joateaz bereziki atsegin dudan kontu bat: auto gidariok, lurpeko metrolariok edo autobusen morroiak garenok, trenez goazenean errepide eta bide arruntek izkutatzen dizkiguten herriak eta lekuak ikusten ditugula, hain zuzen. Etxeosteak deskubritzen ditugu, txatarraz beteriko biltegiak, jubilatuen ortuak… geografiari ifrentzua, atzeko aurpegia, antzematen diogu unetxo batez, eta hori, ezberdina delako besterik ez bada ere, polita da.

Udaberriaren azken eguna trenzalea suertatu zait. Goizean hasi da dena, hamarretan edo, Euskaltzaindiak Feverekin hitzarmena sinatu duela irakurri dudanean. Aurrerantzean Akademiak konpainia horrek Euskal Herrian dituen lineetan euskara ganoraz erabiltzen lagunduko dio; “azpikogonak”, “bihar eta berandu”-ak eta informazio elebakarrak sahiesteko-edo. “Azkenik!” pentsatu dut, zeren lantzean behin tokatzen zait tren horretan sartzea, Bilbon hasi eta Arangurenen bitan banatzen den linea hori. Hantxe, Enkarterriko bihotzean, ezkerretara eginda, bidaiariak Balmasedara doaz, eta ausartenak Arijaraino, edo Guardoraino, eta La Roblaraino ere gura izanez gero; eskumatara eginda, ostera, Karrantzarako bidea hartzen dute, eta ez badira aulkitik altxatzen Santanderrera, eta Praviara, eta Ribadeora, harik eta Europa amaitu arte. Duela urte batzuk -askotxo, dagoeneko- handik honantz, Ibaizabalaren ertzeraino, hainbat aurpegi eta beso etorri zen. Esperantzaz beterik etorri ziren, trenbide honek aspaldian zeuzkan egurrezko bagoietan, beste zerbait hoberen bila. Ordoki beilegi zabalak utzi zituzten atzean, neguan hilabeteak isolatuta ematen zituzten herrixkak, lainorik gabeko zeru amaigabeak…La Roblako trenak ikatzaren beltzetik burdinaren ugerrera ekarri zituen. Astiro.

Gero, arratsaldean, zein eta gure mendebalde partikularrera doan tren huraxe berbera hartu behar izatea egokitu zait, kotxearen falta nola edo hala konpondu behar nuelako. Mendebalde partikularrera diot, bai, zeren trenak euskaldun gehienenetzat Montana bezain ezezaguna den eskualde batean sartzen gaitu. Enkarterri mugan bizi da, muga da, eta aldi berean zubi; hango eta hemengo printzez margotautako koadroa. Montanarako bidean, beraz, Basurtutik aurrera Kadagua ibaiaren ertzetik gora egin ahala, zapore berezia atera diot bidaiari, bidai xume bati egia esan. Huskeriari, esango nuke.

Ohituta nagoen ikuspuntua aldatu eta bolantearen atzetik ikusten direnak baino ederragoak begitandu zaizkit kristal osteko inguruak: Olabeaga, zeruaren goibelaren azpian goibelago, Kastrexanako keak eta ikatz hondarrak, Irauregiko mahastiak, Arroletzako eukaliptu zatarrak, Kadaguako autopistako lanak… Detaile txikiagoak harrapatzeko aukera ere izan dut hogei minutu eskaseko ibilbidean: Pertxetan, adineko gizon bat ikusi dut Barakaldora zihoan trenbide abandonatuan jesarrita, pentsakor; Arbuioko ijitoak erreka ondoan zeuden pilotan jolasten, La Quadrako pinudi batean beti nahiko harrigarria egin zaidan kotxe-hilerria ere ikusi dut. Horrelako bitxikeriak. Sodupeko geltokira heltzean, altxatu egin naiz eta zisne zuri bat ikusi dut Kadaguan, baina ez zait Kadagua iruditu, ezpada Pariseko edo Milaneko parke bateko zuhaitzez inguratutako urmaela. Montanako paisaiak eta koloreak hantxe amaitu dira, jaitsi behar izan dut trenetik.

Trena Lámbarrin geratuko zela esan du panel gorri batek, baina ez naiz hitzarmenaz gogoratu.

Arreba etorri zait bila eta kotxez eroan nau etxeraino. Larreak, dorretxeak ikusi ditut, zuhaitzak ere bai, eta erreka garbiagoak, baina betikoak begitandu zaizkit. Trenik ez dago gure herrian, ez dago kristal magikorik, Montanatik hur dagoen arren.
Diñot nikJune 13, 2005 8:18 am
Masoka berba eskolako patioan entzun nuen lehenengoz. Berba berri eta indartsuek duten indarrara zuelako gustatu egin zitzaidan. Ziur aski duen oihartzun japoniarrarengatik-edo izango zen, hasieran zehazki zer esan nahi zuen ulertu ez nuelako. Kontua da urteekin masokismoaren adibide praktikoa hurbilean ikusi dudala, ain zuzen ere euskaldun politikazale askok Espainiako komunikabide gogorrenekin bizkarra astintzeko dugun ohitura bitxian. Ni neu ere masoka intelektuala bihurtua nago, bai, aitortzen dut, LibertadDigital ia egunero irakurtzen duen pekataria naiz, eta are gehiago esango dut: PPren garaiko RNEko tertuliekin lokartzen nintzen, Curry Valenzuela parebakoak hurrengo perla noiz botako zain, irratia burukoaren pean ondo gordeta neukala. Suposatzen dut nork bere konbentzimenduei eusteko erregai ideologikoa behar duela.



Hala ere, ezin dut esan gozatu egiten dudala astakeriak entzunez edo irakurriz, ez da hori, baina edukibadauka halako xarma berezia belarrietan min ematen duten kontuak entzuteak. Horrela erantzunak bilatzen hasten naiz, esaldiak egiten, entzundakoari kontra egiteko buru barruko teoriak eraikitzen. Hau da, burmuinari lana ematen. Lan merkea, egia esan, astakerien aurkako argumentuak norberaren pentsakera modu errazean finkatzeko aukera baino ez dutelako ematen. Baina lana da, azken batean.

Gainera, zaletasun hau daukagunok ez gara egundo ere aspertzen. Gustavo Bueno filosofoak, adibidez, Asteburu honetan bertan zera bota du: «Una Constitución sin posibilidad de fusilar a Ibarretxe es difícil que se mantenga» . Eta ez dago “testuingurutik aterata”, ez horixe. Blog honetan aipatzea komeni ez den beste esaldi potolo asko ere bota zituen, denak ere Espainia zutela ardatz eta inspirazio.

Deigarria da zelan ezkerrekoak eta munduko hiritar peto-petoak ei diren asko dardarka hasten diren euren aberri sakrosantuaren batasun ukiezina zalantzatan jartzen denean. Edonork espero dezake horrelako jarrera bat faxisten oinordeko finak direnengandik, baina ustezko ezkertiarren kontua konplikatuagoa da, ezkerrari beste sentsibilitate bat suposatzen zaiolako. Jakina, ezkertiar hauei ez zaizkie mugak gustatzen, batere, euren hiritarrarengan eta libertatean sinisten dutelako. Hori bai, Pirinioak zeharkatzen dituena ez dadila handik mugitu.

Jakobinismo kaskar horren beste adibide baten berri izan dugu azken egunetan: Catalunyan “nazionalismoaren” kontra dauden intelektual batzuek, Albert Boadella tartean dela, manifestua plazaratu dute. Han, ezkerreko alderdi españolista bat sortzeko asmotan dabiltza intelektualok, PSC-k, nonbait, engainatu dituelako eta Catalunya amildegi independentistara eroan gura duelako.

Bueno eta Boadella jaunak bezalaxe beste intelektual eta kazetari espaniar asko dabil azken aldian Espainia desagertuko ote den beldurrez, sozialistek nazioa separatistei saldu dietela esanez. Beharbada halaxe da, beharbada estatuaren desintegrazioaren bezperan gagoz; negarrez ere ez naiz hasiko halakorik gertatzen bada, baina ez dut uste suerte hori izango dugunik.

Luzerako daukagu masokismoa, tamalez, edo zorionez…
Munduko bazter batenJune 10, 2005 5:54 pm
Artziniegan urte luzetan egon da erreka ondoko ibarreko solo batean, geldirik, itzelezko autobus handia. Ez txarto aparkatuta edo ahazturik, ezpada ortuko tresnak eta klase guztietako gauzak barruan gordetzeko jarrita, biltegi moduan edo. Hango inguruko paisaia nahiko bukolikoa da: hiri zaharreko etxeak eta harresia (geratzen den apurra) ibarra gaineko muinoan dagoz, apur bat beherago Lastrako zubi zaharra dago zuhaitzez inguratutako errekaren gainean, eta Soxogutirantza dagoen mendian, haritzez, askarrez eta gorostiz betetako basotxo bat. Huraxe da, gainera, mundu bazter santu honetan sortu den sukar urbanistikoaz libratuko ei den gure herriko txoko bakarrenetariko bat. Adosatu eta rotonden arteko oasia.

Hantxe erdian zegoen autobusa, paisaiako harri eta berdearen arteko harmonia hautsiz, burdinezko eskultura baten antzera. Pintura zuriaren artean herdoil orbain zabalak zituen azkenerako, eta kristal bat edo beste arrakalaz betea. Paisaia polit horri nortasuna ematen zion, beste puntu bat, zeren bestela, autobusarengatik izan ez balitz, ez zen pasatuko beste pasaia polit batzuen parekoa izatetik. Eta horrelakoak hainbeste dagoz hemen hurbilean.

Autobusa lagun bati erosi ondoren han aparkatu zuenak beste asmo batzuk zituen, adibidez, goitik behera konpontzea eta Hego Amerikan zehar bidaia luzeak egiteko prestatzea; ipiniko zuen sukalde bat, eta literak, eta Caracasera eramango zuen itsasontzi batean, handik lagun batzuekin Tepuiak eta yanomamiak ikustera joateko. Hori telebistan Nairobitarraren gaineko erreportai bat ikusi ostean otu zitzaion, baina etxekoek, tamalez, halako ideia zoroak atoan kendu zizkioten burutik.

Autobusak hantxe jarraitzen zuen erreka ondoan eta orduak ematen zituen hari begira ideia baten bila. Pentsatu zuen, handik gutxira, inguruetatik bidaiatzeko behintzat erabil zezakeela, herriko eskolako umeak hondartzara, Gernikako juntetxera eta Barriako monastegira eroateko, azken batean umeen irria baino gauza politagorik ez dagoelako. Baina lagun batek esan zion herrian bazegoela horretara dedikatzen zenik eta ez zela komenigarria halako konpetentzia egitea, herri txiki batean horrelakorik ezin dela egin, denok lagunak ei garelako azken batean.

Bitartean autobusari gurpilak hustu zitzaizkion eta faroak… goibeldu egin ziren faroak. Euri tantek pintura kentzen hasi zirenean aitzurrak gorde zituen jarlekuen artean, eta autobusari barik, indaba eta piperrei begira geratu zen.

Orain dela gutxi, autobusaz nekatu eta uger bako egurrezko txabola dotorea ipini du ortuaren ondoan, hozkailu, ohe, tximinia eta guzti. Gurpilik ez, ordea.

Faltan botatzen da zeozer, eliza ondoko harresiaren gainean jesarrita, hegoaldera begiratzen denean.

bus
Zer ete da hau?June 9, 2005 12:21 pm


La va trobar a una sala mig buida,
buscant un somni, fugint del dolor,
Entrant pels ulls va sentir mil espurnes,
Aquella història va canviar-li el món.

Va perdre-ho tot, la partida i la vida…

Letra hauek antzineko oroitzapenak ekarri dizkidate burura, orain dela sei, zazpi, zortzi urtekoak, Catalunyako musikaren printzak usaintzen hasi nintzenekoak. Orain ordu gutxi, Sare marabillosoak, doinua barru-barrura sartzen dizun kanta horietako bat berreskuratzen lagundu dit. Gauza hauek normalean gertatzen diren bezala, kasualitatez.

Inoiz entzun dudan kantarik politenetako bat:

El Far del Sud

Zer ete da hau?June 6, 2005 9:50 am
Azken egunotan lerro bi baino gehiago idazteko alfer-alfer eginda nabil.

Konponbide baten bila ibili naiz blogak bitarte antzu honetan eten luzeegia pairatu ez dezan, eta lagun batek bidali didan bideo batek argitu dit kopeta. Egin liteke, han ikusitakoaren arabera, filosofia merke apur bat uneko barreaz (edo gupidaz) haratago. Ez dut egingo, lasai egon.

Garaipena atzamar-puntekin ukitu nahi denean

Helmuga?
Diñot nikJune 1, 2005 8:44 am
El somni feixuc s’esgotà amb el soroll de la màquina pesada que, rera el mur de formigó, removia la terra de l’antic parc…

Bilbofiloaz gain, aspalditik naiz katalanofilo amorratua. Txikitan eta gaztetan han ematen nituen opor luzeak, kanpinean, olatu txikiko itsaso horretan igerian eta barrualdeko herriskak bizikletaz zeharkatuz. Uste dut hango paisaiek eta usainek arrasto handia utzi didatela barruan. Gainera, beti harritu izan nau han kultura ekoizpen eta hizkuntza kontuetan duten mailak, eta saiatu naiz katalana ikasten, mundu zabal hori eskuz ukitu hala izateko-edo.

Urte pare bat dira fisikoki Kataluniara joaten ez naizela, baina atsegin izaten dut Sarean barrena hango kontuak irakurtzea, historiaz, hizkuntzaz, politikaz…azken batean, bestelako bidaia txikiak egitea, benetakoaren hutsa zelan edo halan estaltzeko, eta, ze demontre, sarean begi soilekin ikusezinak diren gauza asko ikusteko (errealitatea eta fikzioa bereiztea zaila gertatzen den arren, sarri askotan).

Bada atzo arratsaldean, nire bidaietako batean nenbilela, arreta eman zidan leku bat aurkitu nuen: Relats en català izeneko webgunea. Atentzioa eman zidan webgunearen kontzeptuak berak, hau da, blog egitura eta itxurako orrialdea da, non erregistratutako erabiltzaileek euren idatziak bidali ditzaketen eta irakurleek iruzkinak eta iritziak bota. Ikusi ostean, konturatu nintzen gaztelaniaz antzeko zerbait ikusita neukala inoiz, baina ez niola garrantzirik eman, sasoi horretan saltsa hauei jaramon gutxi egiten nielako edo. Atzo erreparatu nion, ordea, katalanofiliak bultzatuta.

Relats en Català blog kolektibo baten antzekoa da, baina zabal-zabala. Dagoeneko milaka narrazio labur publikatu dituzte bertan, galtzeko moduko piloa dago, eta baita zoratzeko modukoa ere denak irakurtzen hasiz gero. Baina niri kontzeptua egiten zait interesgarria. Blogak, literatura, desliteratura eta idazlearen gainean Julenek aste honetan egindako hausnarketa interesgarriek bidea ematen dute eztabaida luze baterako, eta susmoa dut Relats en Català-k oraindik Euskal Herrian kontuan hartu ez den beste gauza bat dela, beste urrats bat.

Kontuan hartzekoa ote?