KontariJune 20, 2005 9:24 pm

Trena mundua ikusteko modu polita da, ezberdina. Etxe ondoko trena ere bai, ez dago zertan urrunera joan. Goizero eta arratsaldero hartzen duten batzuek, beharbada, zapore mikatza aterako diote leihotik begira betiko paisaiari begira joateari. Edo agian ez, nik ezagutzen dut bat baino gehiago, baina batez ere bat, trenez joateaz inoiz aspertzen ez dena. Gainera, bada trenez joateaz bereziki atsegin dudan kontu bat: auto gidariok, lurpeko metrolariok edo autobusen morroiak garenok, trenez goazenean errepide eta bide arruntek izkutatzen dizkiguten herriak eta lekuak ikusten ditugula, hain zuzen. Etxeosteak deskubritzen ditugu, txatarraz beteriko biltegiak, jubilatuen ortuak… geografiari ifrentzua, atzeko aurpegia, antzematen diogu unetxo batez, eta hori, ezberdina delako besterik ez bada ere, polita da.
Udaberriaren azken eguna trenzalea suertatu zait. Goizean hasi da dena, hamarretan edo, Euskaltzaindiak Feverekin hitzarmena sinatu duela irakurri dudanean. Aurrerantzean Akademiak konpainia horrek Euskal Herrian dituen lineetan euskara ganoraz erabiltzen lagunduko dio; “azpikogonak”, “bihar eta berandu”-ak eta informazio elebakarrak sahiesteko-edo. “Azkenik!” pentsatu dut, zeren lantzean behin tokatzen zait tren horretan sartzea, Bilbon hasi eta Arangurenen bitan banatzen den linea hori. Hantxe, Enkarterriko bihotzean, ezkerretara eginda, bidaiariak Balmasedara doaz, eta ausartenak Arijaraino, edo Guardoraino, eta La Roblaraino ere gura izanez gero; eskumatara eginda, ostera, Karrantzarako bidea hartzen dute, eta ez badira aulkitik altxatzen Santanderrera, eta Praviara, eta Ribadeora, harik eta Europa amaitu arte. Duela urte batzuk -askotxo, dagoeneko- handik honantz, Ibaizabalaren ertzeraino, hainbat aurpegi eta beso etorri zen. Esperantzaz beterik etorri ziren, trenbide honek aspaldian zeuzkan egurrezko bagoietan, beste zerbait hoberen bila. Ordoki beilegi zabalak utzi zituzten atzean, neguan hilabeteak isolatuta ematen zituzten herrixkak, lainorik gabeko zeru amaigabeak…La Roblako trenak ikatzaren beltzetik burdinaren ugerrera ekarri zituen. Astiro.
Gero, arratsaldean, zein eta gure mendebalde partikularrera doan tren huraxe berbera hartu behar izatea egokitu zait, kotxearen falta nola edo hala konpondu behar nuelako. Mendebalde partikularrera diot, bai, zeren trenak euskaldun gehienenetzat Montana bezain ezezaguna den eskualde batean sartzen gaitu. Enkarterri mugan bizi da, muga da, eta aldi berean zubi; hango eta hemengo printzez margotautako koadroa. Montanarako bidean, beraz, Basurtutik aurrera Kadagua ibaiaren ertzetik gora egin ahala, zapore berezia atera diot bidaiari, bidai xume bati egia esan. Huskeriari, esango nuke.
Ohituta nagoen ikuspuntua aldatu eta bolantearen atzetik ikusten direnak baino ederragoak begitandu zaizkit kristal osteko inguruak: Olabeaga, zeruaren goibelaren azpian goibelago, Kastrexanako keak eta ikatz hondarrak, Irauregiko mahastiak, Arroletzako eukaliptu zatarrak, Kadaguako autopistako lanak… Detaile txikiagoak harrapatzeko aukera ere izan dut hogei minutu eskaseko ibilbidean: Pertxetan, adineko gizon bat ikusi dut Barakaldora zihoan trenbide abandonatuan jesarrita, pentsakor; Arbuioko ijitoak erreka ondoan zeuden pilotan jolasten, La Quadrako pinudi batean beti nahiko harrigarria egin zaidan kotxe-hilerria ere ikusi dut. Horrelako bitxikeriak. Sodupeko geltokira heltzean, altxatu egin naiz eta zisne zuri bat ikusi dut Kadaguan, baina ez zait Kadagua iruditu, ezpada Pariseko edo Milaneko parke bateko zuhaitzez inguratutako urmaela. Montanako paisaiak eta koloreak hantxe amaitu dira, jaitsi behar izan dut trenetik.
Trena Lámbarrin geratuko zela esan du panel gorri batek, baina ez naiz hitzarmenaz gogoratu.
Arreba etorri zait bila eta kotxez eroan nau etxeraino. Larreak, dorretxeak ikusi ditut, zuhaitzak ere bai, eta erreka garbiagoak, baina betikoak begitandu zaizkit. Trenik ez dago gure herrian, ez dago kristal magikorik, Montanatik hur dagoen arren.

Roblako trena Euskal Herritik irteten den tren ibilbiderik ederrenetariko bat da. Zalantzarik gabe, asteburua igarotzeko plan ezinhobea Roblako trena hartu eta Leon-era joan-etorria egin.
Comment by Xabier — February 17, 2006 @ 6:06 pm