putapulserita

Aste honetan bertan ospitale batean egin dut errenta-aitorpena.

BBKtik hara bidali ninduten ondo heltzeko azalpenak eman ostean. Sartu nintzen nire paperekin ate nagusitik, txiri-txiri. Bero egiten zuen barruan. Igogailuak dagozen tokiraino joan nintzen eta han eskumatara eginda antzinean maternidadeko sarrera nagusia zegoen lekurantz joan nintzen. Sentsazio arraro bat neukan buruan bueltaka, zeren normalean errenta aitorpena baino are zakarragoak diren kontuetera joaten naiz (oso gutxitan, zorionez). Pasiloaren amaieran, hantxe, Rentaneten kartel bat topatu nuen, itxarongela izandako gela handi baten atean. Burua sartu nuen barrura, gorputza kanpoaldean utzita. Hura hustasunaren metafora zen: erdi-erdian mahai bat zegoen, eta mahaiaren gainean ordenagailu bat, eta ordenagailuaren aurrean mutil bat, nire adinekoa-edo, errentekin jo eta ke. Horixe besterik ez gela osoan.

Itxaroteko esan zidan, eta itxaron behar izan nuen, non eta itxarongela izandako gelatik kanpo, zutunik.

Han, lekuz kanpo sentitu nintzen erabat, emakume baten telefonozko konbertsazioa entzunez. Kanpotarra zen, Gaztela hegoaldekoa edo, suposatu nuen, eseak ahoskatzeko moduagatik. Buruan tumore bat zuen alaba txikiaz ari zen berbetan: neskatoa hobeto ei zegoela, buruan aurreko egunetan baino min gutxiago zuela, bero itzela egiten zuela gelan…. animoso, indartsu zegoen ama, edo niri behintzat horixe iruditu zitzaidan. Ni, bitartean, Rentanet jaunaren zain jarraitzen nuen kristalezko ate zaharkituari begira, tarteka horrelako egoera batean dagoen umearen kemenean pentsatuz, eta tarteka ospitalaren estetika bereziaz hausnarrean. Izan ere, adabaki modernoz estalitako eraikin frankista baita Gurutzetako ospitalea, azken hamarkadetako Osakidetzaren Looka hartu ezinean dabilen dinosauro sanatoriologikoa. Itxarongela ez zen itxarongela horretako atea adibide ezin hobea zen.

Azkenean, sartu nintzen barrura, paperak atera nituen eta bost minututan bake santuan negoen foru ogasunarekin. Ordaintzekoa atera zen. Gutxigatik baina ordaindu behar diot res publikoari.

Opari txikia izan nuen, ostera, zeren irten nuenean lurrean zerbait berdea eta biribila ikusi nuen. Orain hain modan dagozen pulsera horietako bat zen, Amstrongek modan jarri zituen horiek, baina beste lelo batekin. Gorroto ditut pulsera horiek, benetan, ez ditut agoantatzen. Momentu honetan pulsera horiek eta reggaeton madarikatua dira gehien gorrotatzen ditudan gauzak. Baina hartu egin nuen eta hementxe daukat aurrean zorroko poltsikoan. Jantzi ez dut egingo, baina, huraxe da errenta-aitorpena ospitale batean egin nueneko oroitzapen fisiko bakarra. Probarik eduki ezean beharbada jendeak sinetsiko ez du eta.