Aurten lagun bat daukat etxe ondoko igerilekuan sokorrista, eta ahal dudanean bisitan joaten natzaio. Atzo berbetan egon ginen eta esan zidan aurrekoen moduko egun goibeletan orduak luze doazela, ia inor hurbiltzen ez delako bainua hartzera. Normala, ulertzekoa da, ze ni neu ere pistinazale amorratua izanda prakekin joaten naiz, eta toaila eta txanoa hartzeko tentazinorik ere ez dut izaten. Hala ere, bezero finko batzuk izaten ditu igerilekuak: oporretan igerilekura joatea betebehar moduan hartzen duten ume mokoak, eta hilabete bitan igeri astiro-astiro egiteagatik sasoiago egongo direla uste duten nagusitxoagoak (neu barne, beti nabilelako inoiz triatloi bat egitea ondo legokeela esaten, baina sekula ez dut benetako ahalegina egiten). Horiek biak ez joateko oso fresko edo euritsu egon behar da giroa. Beste erabiltzaile guztiak ez joateko nahikoa da eguzkia lainoen atzean izkutatzea. Ez dut esaten fresko egotea, ez, eguzkia bete-beetan ez agertzea dinot, nahiz eta lainoen azpiko mundu honetan 30 graduko sargoria egon.

Hala ere, eguraldi ona dagoen egunetan ere kontuak aldatuz doaz urteekin batera. Gogoan dut duela urte gutxi kuadrilla handia batzen ginela kanpoko landan toailekin, aldizkariak eroaten genituela, edo libururen bat, edo diskmana, eta orduak ematen genituela han, udan beste zereginik ez zegoelako-edo, edo behintzat beste zereginik ez geneukan asko geundelako. Baina horren arrastoa besterik ez da geratzen aurten, eta iaz ere, berdintsu. Badakit arrazoia agerikoa dena: urteak. Kuadrillako gehienok atzean uzten ari gara hamabost urteetatik hogeita bostetera doan hamarkada magikoa, eta bizitzaren legea da lehengo gauzak egiteari uztea, eta beste batzuk egitea, eta beste erantzukizun edo zaletasunak eukitzea.

Pena apur bat ematen du horrelako momentuei nostalgiaz begiratzeak. Zer egingo diogu, beharbada sirimiriarena da errua, eta eguzkia irtendakoan arrapaladan batuko gara toaila gainean. Ez dut uste, baina ni neu pistinara noa, ia sokorristak zer kontatzen didan.