2000 izan zen koadrilakook Pirinioetara denok batera joan ginen aurreneko urtea. Mendizale ibili ginen, gogotsu gainera: Ezkaurren, Auñamendin, Hiru Erregeen Mahaian… Ordutik hona bost urte igaro dira, eta batean baino ez dugu hutsik egin udako gure mendi oporralditxoan. Burua etorri zait hau dena, zeren uztailaren 28 hartan Lintzatik Hiru Erregeen Mahaira doan bidexkan nengoen lagunekin, eguzkipean izerditan, eta mutil batek albiste bat eman zigulako.

Mutu geratu ginen uztaileko goiz argitsu hartan: Felix Iñurrategi hila zen Gasherbrumen. Alberto anaiarekin zebilen gailurra zapaldu ostean jaisten eta jausi egin zen, hango izotzen artean betiko galduz. Geu ere mendian egoteak esangura berezia, zapore mikatzagoa eman zion berriari.

Nik ez nuen Felix ezagutzen, baina uste dut euskaldun gehienok, eta batez euskal zein mundu zabaleko mendizaleok, samina sentitu genuela egun horretan.

Doala txoko xume honetatik omenaldi txiki bat mendi zurien artean atseden hartzen dagoen atxabaltarrarentzat. Nola edo hala, beti egongo baita bizirik.

felix