KontariAugust 30, 2005 3:43 pm
Duela hiru egun eskas metroan nindoan, zapatu gaua eta domeka goizaren artean dauden ordu miresgarrietan. Aurreko asteko bidaia frenetikoan pilatutako nekeak eta hegazkin surrealista batean egindako hamaika orduek ez zidaten kendu Aste Nagusia sikieran apur bat dastatzeko gogoa, eta zapatak eta praken beheko aldea jaiaren lekuekoez bustita nituen zeharo. Hantxe nengoen, beraz, etxera bidean, mamu baten moduan. Bost minutu itxaron, bagoian sartu, atetik hur jesarri, eta burua ia nahi gabe metalezko horman pausatu nuen. Artean azken garagardoaren zapore igartzen nuen mihian. Berehala, begiak itxi zitzaizikidan eta loa eta errealitatearen arteko mundu berezi horretan murgiltzen hasi nintzen. Banekien geltokia konturatu barik pasatzeko aukera handiak neuzkana, baina horrelakoetan gorputzaren beharrizanak indartsuagoak suertatzen dira eta ahaleginak alferrikakoak.

Halako batean, zarata bat entzun nuen ezkerretan, eta sumatu nuen norbait zegoela han nire ondoan zutunik. Ez nituen begiak ireki, entzule jarraitu nuen. Negar txikiak ziren, zotin ugari, eta lantzean behin hasperen suaberen bat. Emakume bat neukan ondoan, eta argi zegoen eta triste zegoela, zeozer gertatzen zitzaiola. Apurka-apurka begiak zabalduz joan nintzen eta ezkerretara so egin nuen burua gehiegi mugitu gabe. Neska gaztea zen, hogei bat urtekoa esango nuke. Behera begira zegoen. Eskua aurpegiaren aurrean zeukan, bere tristura izkutatu nahian-edo, alboetatik jausten zitzaion ile luzearen laguntzaz. Ez zitzaidan neska motza begitandu, ilea eta eskuekin eraikia zuen aterpeak erabat aurpegia erabat ondo ikustea galerazten zidan arren.

Pena handia eman zidan jaiaren zurrunbilo alaia bizi osteko tristura horrek. Kontatu nezake zapi bat eskaini niola eta eskertu egin zidala, ahapeka, zotina apur bat baretu zitzaionean, eta esan zidala zeharo lotsatuta zegoela horrela jende aurrean negarrez ibiltzearren, baina ezin ziola eutsi. Izan ere, mutil-lagunarekin geratua zegoen Bilbon gau horretan jaiaz elkarrekin gozatzeko bera hilabete bi Inglaterran beharrean eman ondoren eta oso oso pozik zegoen horregatik, baina gauzak ez ziren atera berak uste bezala. Mutil-laguna urduri sumatu zuen hasieratik, eta susmagarri iruditu zitzaion. Susmoak egia bihurtu ziren asko sentitzen zuela eta barkamen eske hasi zenean. Beste beska batekin zebilen, hilabete puta bi ere ez zituen agoantatu eta beste batekin hasi zen. Telefonoz esatera ez zen ausartu eta Aste Nagusia hautatu zuen albistea emateko. Normala. Kontatu nezake berbetan ibili ginela bagoian harik eta geltokia tokatu zitzaigunean, eta nik animoak eman nizkiola, eta berriz ere eskerrak eman zizkidala zapiagatik eta arretagatik, on egin zion-eta norbaitekin hitz egiteak. Edo ez.

Kontatu nezake, baina gezurretan ibiliko nintzateke, zapi bat eskaintzera ere ez bainintzen ausartu. Neska ni jaitsi nintzen geltoki berean atera zen lurrazpitik eta negarrez jarraitu zuen eskaileretan, eta kalean, eta pausu arinekin hartu zuen etxerako bidea. Nik elkartasuna adierazi nahi zuen begirada bat zuzendu nion. Horixe besterik ez. Ez ninduen ikusi.

Begiak erne izateko zailtasun handiekin etxe atariraino heldu nintzen, ohean sartu eta metroan negarrez nindoala egin nuen amets.
Nire mundua iruditanAugust 28, 2005 10:26 pm
Gaua oraindik ere iluna da leku batzuetan. Gero eta leku gutxiagotan, hori bai. Han ere gaua galduz doa, eta badira argi artifizialeko uharte batzuk. Uharteok, benetako gauak inguratuta, distiratsuak dira, Europako gau faltsua baino askoz distiratsuagoak.

Nire mundua iruditanAugust 24, 2005 8:24 pm
Kalean sua da.

Blogean idazten hasi nintzenetik inoiz ez diot ekarpenik egin ohiko lekuetatik kanpo (etxea, lana…), eta horregatik ilusio berezia egiten dit urruneko txoko galdu (niretzat sikieran, gaur egun leku galduak bi izango badira ere, gehienez) honetan ordenadore aurrean jarri eta hangotzat neukan nire aterpe horretan zerbait idaztea, eta konprobatzea aterpea inongoa eta leku guztietakoa delako, unean gura dudan leku horretakoa, izan litekeela jordaniarra, euskalduna edo txinoa. Gaurko mundu puta honen marabillak.

Ilusioa egingo zidan, seguru, blogari azken egunotan kameraz atzeman ditudan bitxietako bat ere eskaintzea, begietan pilatuz joan naizen sentsazioak modu errazago batean aurkeztearren beharbada.

Baina natorren harira. Kalean sua dela esan dut. Sua, inoiz jipoitu nauen berorik zakarrena, surtzuloak eta eztarria kupida barik sikatzen dituen horietarikoa. Akaban nago, Itsaso Gorriaren ertzean, Jordanian, eta hemen beroa ezin liteke basamortutik etorri, handik natorrelako, han beroa bero zelako eta ez su kiskalia. Ez naiz kexatzen hala ere, gustura nago, sentsazio berezia da deshidratazioaren laztana hain modu efektibo eta bizkorrean igartzea. Nork esango zidan niri berozale bihurtuko nintzela.

Ez daukat luzaroan jarduteko astirik, berandu delako, nekatuta nagoelako eta harrerako morroiari beste dinar bi ordaintzeko gogorik ez daukadalako. Jatorra da, baina ez beste dinar bi oparitzeko beste. Beraz, ez naiz astuna izango, eta berba pare bat (edo pare batzuk) besterik ez ditut tekleatuko ikusi eta gozatu berri ditudan lekuetaz, Jordaniako iparraldetik hegoalderantz egindako bidaia express hau deskribatzeko-edo.

Aireportura abiatu baino lehenago esan zidan norbaitek leku ezezagun eta berri batera bidaiatzen duzunean denborak beste osagai batzuk bereganatu eta modu ezberdinean pasatzen dela, eta gertatzen dela zuretzat igual hilabete igarotzea eta etxean gelditu direnentzat bost edo sei egun. Oraindik ez naiz etxera itzuli, baina susmatzen dut oraingoan ere denbora bihurri portatuko dela eta horrelako jokoekin barreak botako dituela gure kontura. Izan ere, nik duela aste bi inguru utzi nuen atzean Bilboko euri freskoa, egutegiaren arabera bost egun eskas pasatu diren arren, eta Ammaneko gotorlekutik entzun genuen ilunabar islamiko-kaotikoa aspaldi gertatu zela. Petran ere errealitateak dinoen baino denbora gehiago egon naiz hango mendi eta zintzurretan ateak, eskulturak eta tenpluak deskubrituz, eta Wadi Rumen gau ederrak bizi ditudala izarrei begira. Baieztatuko dut etxeratutakoan, baina uste dut kontua hortik ibiliko dela eta denborak nirekin, gurekin, jolastuko duela.

Ederto jolastu gainera.

Ederra delako Jordania. Ederra da hondar gorria eta bero kiskalia, eta basamortuan galdutako hiri arrosak. Ederra da egun batzuetan behintzat atzeko kezka, aje eta kaka guztia atzean uztea eta beste zerbait ezagutzea, beste zerbait, beste norbait izatea.

Uste dut ohituko nintzatekeela hilabete batzuk honela ematen eta lantzean behin nire sareko aterpe errarian zerbait idazten.
Diñot nikAugust 18, 2005 3:31 pm
Bidaiez idatziko dut berriro, egindakoez eta frustrazioez. Udaren errua da, seguru aski. Ez bada ere, berari egotziko diogu.

Nire txikitako oroitzapenak nahiko lausoak dira, nahiko bakanak eta difuminatuak, baina bada zehaztasunez gogoratzen dudan momentu bat, edo momentu bat momentu anitz bilakaturik, hobe esanda:

Baneukan ohe ondoko horman mapamundi handi bat txintxetaz itsatsirik, eta izaren azpiko aterpetik orduak ematen nituen hari begira, herrialdeen izenak deskubrituz, hirien izenen atzeko errealitate bat irudikatuz. Batzuetan atlasa edo entziklopedia hartu eta mapamundiko izenei buruzko kontuak irakurtzen nituen, harik eta buru barruan nire mapamundi irudidun propioa eraiki nuen arte. Etengabe nenbilen mapamundi propio hori osotzen, zeuzkan hutsuneak betetzen, den-denak betetzea inoiz lortu ez nuen arren eta akatsez beterik zegoen arren; akatsak zituen propioa zelako, hain zuzen ere.

Bidaiak ere egiten nituen, batzuetan begiak itxita eta beste batzuetan begiak zabal-zabal nituela mapamundiaren aurrean. Irudimenari hegan egiten uzten nion eta urruneko lekuetara (edo hurbilekoetara, egia esan exotikotasuna ez zen nire lehentasunetako bat) bidaiatzen nuen ohetik oinak atera barik. Banituen, jakina, nire leku kutuneneak, eta horietara joaten nintzen sarrien. Esate baterako izugarri gustatzen zitzaidan Baikal lakua, munduko lakurik sakonena Siberiako bihotzean, munduko taigarik zabalenak inguraturik. Hara joaten nintzenean beldur apur bat sentitzen nuen, sekula ez naizelako izan ur sakon eta ilunen lagun, baina hala ere, lekuaren xarma indartsuagoa zen eta askotan bisitatzen nuen. Ponpeia zen, agian, txikitako nire bigarren leku kutuna, eta hara ere askotan joaten nintzen, justu Vesubio mendiak hiria garretan jarri baino lehenagoko orduetan, eta gutxigatik libratzen nintzen, ez pentsa, lehen errauts euria jausten hasterakoan egiten nuelako alde. Beste egun batzuetan Itsaso Hilan bainatzen nintzen, mundu osoan itsas mailatik beheren dagoen leku gazi horretan, eta flotatzen egoten nintzen, nekatu barik, lasai-lasai, alboetako lur sikuei so. Mendi eta inguru elurtuak ere gustatzen zitzaizkidan eta lantzean behin hurbiltzen nintzen Andeetara edo Kaukasora, edo Murmaksera… Tira, hobe lekuen zerrendarekin ez luzatzea.

Urteekin, utzi egin nion doako bidaia berezi horiek egiteari. Mapamundia osatzeari ez, ordea, zeren sekula ez baitut galdu munduko geografiarekiko jakinmina, lekuak ezagutzeko irrika hori. Baina kontua da arantza bat daukadala sartuta, benetako bidaiak egiteko aukera edo ausardia gutxi izan dudalako orain arte. Inbidiaz begiratu izan diet beti mundua ezagutzeko parada izan duten ezagunei, nik horrelakorik egiteko gai izango ez banintz bezala. Esan liteke trauma txiki bat izan dela niretzat, nire buru barruko mapamundia benetakoarekin alderatzeko ezintasun hori. Horrek ez du esan nahi etxetik irten barik edo udaro Laredora joaten ibili naizenik urte luzetan, ez horixe, baina gehiagoren beharrak halako frustrazio txiki baten zapore mikatza utzi dit mihiaren atzealdean, eztarritik hur.

Azken urtebete honetan askotan pentsatu izan dut egin beharko nukeela motxila bat, koadernoa, boligrafoa eta lentillak hartu eta betikotasunetik urrun denboralditxo bat eman, lanean edo dena delakoan, gaztea naizen bitartean. Koldarra naiz horretarako, ostera, sustraiak eta segurtasunarekin apurtzeko potroak falta zaizkit, eta potroak eduki bitartean gauza xumeagoekin konformatu behar dut. Zapatuan Jordaniara joango naiz oporraldiarren hondarra ahalik eta ondoen aprobetxatzearren. Hegazkin batera igoko naizen lehengo aldia izango da.

Blogak egingo du horretaz berba, Itsaso Hilan flotatzen nagoela, lur siku eta samindu hari so.
Nire mundua iruditanAugust 16, 2005 5:50 pm
Itsaso batzuk bare-bareak izaten dira. Hala ere, jende askok ez dakien arren, aspaldian ez ziren horrelakoak, ekaitzek gogor astintzen zituzten eta mendien pareko olatuak altxarazi.

Egun batean hori guztia amaitu egin zen, bat-batean, instant batean, amenjesus batean, eta olatu erraldoi horietako batzuek ez zuten itsaso azalera itzultzeko astirik izan. Hantxe diraute gaurdaino, tinko, zutunik, harrigarri.

Bada, oraindik ere, olatuok berpiztuko diren beldur denik, eta egurrezko hesiaren atzean ostentzen denik, hesi makal hori olatuek nekatu barik birrinduko luketen arren.