Bidaiez idatziko dut berriro, egindakoez eta frustrazioez. Udaren errua da, seguru aski. Ez bada ere, berari egotziko diogu.

Nire txikitako oroitzapenak nahiko lausoak dira, nahiko bakanak eta difuminatuak, baina bada zehaztasunez gogoratzen dudan momentu bat, edo momentu bat momentu anitz bilakaturik, hobe esanda:

Baneukan ohe ondoko horman mapamundi handi bat txintxetaz itsatsirik, eta izaren azpiko aterpetik orduak ematen nituen hari begira, herrialdeen izenak deskubrituz, hirien izenen atzeko errealitate bat irudikatuz. Batzuetan atlasa edo entziklopedia hartu eta mapamundiko izenei buruzko kontuak irakurtzen nituen, harik eta buru barruan nire mapamundi irudidun propioa eraiki nuen arte. Etengabe nenbilen mapamundi propio hori osotzen, zeuzkan hutsuneak betetzen, den-denak betetzea inoiz lortu ez nuen arren eta akatsez beterik zegoen arren; akatsak zituen propioa zelako, hain zuzen ere.

Bidaiak ere egiten nituen, batzuetan begiak itxita eta beste batzuetan begiak zabal-zabal nituela mapamundiaren aurrean. Irudimenari hegan egiten uzten nion eta urruneko lekuetara (edo hurbilekoetara, egia esan exotikotasuna ez zen nire lehentasunetako bat) bidaiatzen nuen ohetik oinak atera barik. Banituen, jakina, nire leku kutuneneak, eta horietara joaten nintzen sarrien. Esate baterako izugarri gustatzen zitzaidan Baikal lakua, munduko lakurik sakonena Siberiako bihotzean, munduko taigarik zabalenak inguraturik. Hara joaten nintzenean beldur apur bat sentitzen nuen, sekula ez naizelako izan ur sakon eta ilunen lagun, baina hala ere, lekuaren xarma indartsuagoa zen eta askotan bisitatzen nuen. Ponpeia zen, agian, txikitako nire bigarren leku kutuna, eta hara ere askotan joaten nintzen, justu Vesubio mendiak hiria garretan jarri baino lehenagoko orduetan, eta gutxigatik libratzen nintzen, ez pentsa, lehen errauts euria jausten hasterakoan egiten nuelako alde. Beste egun batzuetan Itsaso Hilan bainatzen nintzen, mundu osoan itsas mailatik beheren dagoen leku gazi horretan, eta flotatzen egoten nintzen, nekatu barik, lasai-lasai, alboetako lur sikuei so. Mendi eta inguru elurtuak ere gustatzen zitzaizkidan eta lantzean behin hurbiltzen nintzen Andeetara edo Kaukasora, edo Murmaksera… Tira, hobe lekuen zerrendarekin ez luzatzea.

Urteekin, utzi egin nion doako bidaia berezi horiek egiteari. Mapamundia osatzeari ez, ordea, zeren sekula ez baitut galdu munduko geografiarekiko jakinmina, lekuak ezagutzeko irrika hori. Baina kontua da arantza bat daukadala sartuta, benetako bidaiak egiteko aukera edo ausardia gutxi izan dudalako orain arte. Inbidiaz begiratu izan diet beti mundua ezagutzeko parada izan duten ezagunei, nik horrelakorik egiteko gai izango ez banintz bezala. Esan liteke trauma txiki bat izan dela niretzat, nire buru barruko mapamundia benetakoarekin alderatzeko ezintasun hori. Horrek ez du esan nahi etxetik irten barik edo udaro Laredora joaten ibili naizenik urte luzetan, ez horixe, baina gehiagoren beharrak halako frustrazio txiki baten zapore mikatza utzi dit mihiaren atzealdean, eztarritik hur.

Azken urtebete honetan askotan pentsatu izan dut egin beharko nukeela motxila bat, koadernoa, boligrafoa eta lentillak hartu eta betikotasunetik urrun denboralditxo bat eman, lanean edo dena delakoan, gaztea naizen bitartean. Koldarra naiz horretarako, ostera, sustraiak eta segurtasunarekin apurtzeko potroak falta zaizkit, eta potroak eduki bitartean gauza xumeagoekin konformatu behar dut. Zapatuan Jordaniara joango naiz oporraldiarren hondarra ahalik eta ondoen aprobetxatzearren. Hegazkin batera igoko naizen lehengo aldia izango da.

Blogak egingo du horretaz berba, Itsaso Hilan flotatzen nagoela, lur siku eta samindu hari so.