Duela hiru egun eskas metroan nindoan, zapatu gaua eta domeka goizaren artean dauden ordu miresgarrietan. Aurreko asteko bidaia frenetikoan pilatutako nekeak eta hegazkin surrealista batean egindako hamaika orduek ez zidaten kendu Aste Nagusia sikieran apur bat dastatzeko gogoa, eta zapatak eta praken beheko aldea jaiaren lekuekoez bustita nituen zeharo. Hantxe nengoen, beraz, etxera bidean, mamu baten moduan. Bost minutu itxaron, bagoian sartu, atetik hur jesarri, eta burua ia nahi gabe metalezko horman pausatu nuen. Artean azken garagardoaren zapore igartzen nuen mihian. Berehala, begiak itxi zitzaizikidan eta loa eta errealitatearen arteko mundu berezi horretan murgiltzen hasi nintzen. Banekien geltokia konturatu barik pasatzeko aukera handiak neuzkana, baina horrelakoetan gorputzaren beharrizanak indartsuagoak suertatzen dira eta ahaleginak alferrikakoak.

Halako batean, zarata bat entzun nuen ezkerretan, eta sumatu nuen norbait zegoela han nire ondoan zutunik. Ez nituen begiak ireki, entzule jarraitu nuen. Negar txikiak ziren, zotin ugari, eta lantzean behin hasperen suaberen bat. Emakume bat neukan ondoan, eta argi zegoen eta triste zegoela, zeozer gertatzen zitzaiola. Apurka-apurka begiak zabalduz joan nintzen eta ezkerretara so egin nuen burua gehiegi mugitu gabe. Neska gaztea zen, hogei bat urtekoa esango nuke. Behera begira zegoen. Eskua aurpegiaren aurrean zeukan, bere tristura izkutatu nahian-edo, alboetatik jausten zitzaion ile luzearen laguntzaz. Ez zitzaidan neska motza begitandu, ilea eta eskuekin eraikia zuen aterpeak erabat aurpegia erabat ondo ikustea galerazten zidan arren.

Pena handia eman zidan jaiaren zurrunbilo alaia bizi osteko tristura horrek. Kontatu nezake zapi bat eskaini niola eta eskertu egin zidala, ahapeka, zotina apur bat baretu zitzaionean, eta esan zidala zeharo lotsatuta zegoela horrela jende aurrean negarrez ibiltzearren, baina ezin ziola eutsi. Izan ere, mutil-lagunarekin geratua zegoen Bilbon gau horretan jaiaz elkarrekin gozatzeko bera hilabete bi Inglaterran beharrean eman ondoren eta oso oso pozik zegoen horregatik, baina gauzak ez ziren atera berak uste bezala. Mutil-laguna urduri sumatu zuen hasieratik, eta susmagarri iruditu zitzaion. Susmoak egia bihurtu ziren asko sentitzen zuela eta barkamen eske hasi zenean. Beste beska batekin zebilen, hilabete puta bi ere ez zituen agoantatu eta beste batekin hasi zen. Telefonoz esatera ez zen ausartu eta Aste Nagusia hautatu zuen albistea emateko. Normala. Kontatu nezake berbetan ibili ginela bagoian harik eta geltokia tokatu zitzaigunean, eta nik animoak eman nizkiola, eta berriz ere eskerrak eman zizkidala zapiagatik eta arretagatik, on egin zion-eta norbaitekin hitz egiteak. Edo ez.

Kontatu nezake, baina gezurretan ibiliko nintzateke, zapi bat eskaintzera ere ez bainintzen ausartu. Neska ni jaitsi nintzen geltoki berean atera zen lurrazpitik eta negarrez jarraitu zuen eskaileretan, eta kalean, eta pausu arinekin hartu zuen etxerako bidea. Nik elkartasuna adierazi nahi zuen begirada bat zuzendu nion. Horixe besterik ez. Ez ninduen ikusi.

Begiak erne izateko zailtasun handiekin etxe atariraino heldu nintzen, ohean sartu eta metroan negarrez nindoala egin nuen amets.