Nire mundua iruditanSeptember 30, 2005 6:53 pm
Gaur, blogaren eskumako barrari begiratutakoan, konturatu naiz duela hilabete etorri nintzela Jordaniatik Aste Nagusiaren zurrunbilora; ikusi dut orduan, erdi harrituta, hilabete hori ez zaidala laburra egin. Egia da denbora pasatu ondoren beti daukadala -eta daukagula- gauzak atzo gertatu ziren inpresioa, baina esango nuke hilabete hau luzetxoagoa izan dela beste batzuk baino, beste material batez eginda egon dela, udaren azken hasperenak alde ez egiteko ahalegin neketsu eta alferrikako bat egiten aritu izan balira bezala.

Konturatu orduko beste argi bat dago, iraila badoa, zapatek ihintz freskoa edaten dute goizetan, sandaliak armairuaren txoko batean sartuta dauzkat eta bihar-etzitan hasiko dira gabonetako argi hortera horiek hirietan eskegitzen, mortalok zeozer erosi behar dugula ahaztu ez dezagun.

Berandu baino lehen, beraz, Jordaniako zenbait izpi eta begi.

jerash
Diñot nikSeptember 23, 2005 7:03 am
Artxandako tunela poltsikoko txanpon galduez ordaindu ostean zeharkatzen nuen bitartean gauza bi etorri zitzaizkidan burura: lehenengoa, argiak isiotu barik neuzkala (sarritan gertatzen zait tuneletan), eta bigarrena noiz eta nazioarteko Kotxe Bako Egunean zuzen-zuzenean sartzen nenbilela nire kotxearekin hiri barrura. Argiena segituan konpondu nuen, ezkerreko eskuaz bueltatxo bat mandoari eta listo, baina besteak, une batez, errudun sentiarazi ninduen. Zelan ez ote nintzen ba goizean gogoratu? Kasualitatea da justu horrelako egun batean Bilbora joan behar izatea, eta gogoratu izan banintz beharbada planak beste modu batera egingo nituzkeen, ze ni normalean garraio publikozale amorratu eta herritar zintzoa naiz baina….. zer egingo diogu ba.

trafiko

Deustuan (edo Deustun, edo Deuston, bezeroaren arabera) aparkatu nuen eta berriz ere poltsikoko txanpon galduen bila hasi nintzen, TAOko teklatudun makina elikatze aldera. Gose zen eta erruki barik irentsi zituen. Kotxeak makina horiei gustatu behar zaizkie derrigor. Lasai joan nintzen unibertsitateraino, han eginbehar batzuk bete nituen eta ondoren 10a hartu nuen (Bilbobusa, noski) Indautxurantza joateko. Adi jarri nintzen kristal atzetik begira eta ez nuen beste edozein egunekin alderik igarri, kotxeak eta kotxeak, ilararik ez baina trafiko normala, eta kale nagusiak zabalik. Autobus barruan ere betiko moduan, estuasunik ez. Geldirik geratu zen Deustuko zubia igaro ostean eta tarte horretan ume txiki bat Zubiarteri “aguuuu Suiateeee” esaten aritu zen, algaraka. Ondoren, ondoko kotxe guztietako gidariei esan zien “aguuuu” eskuaz eta ahoaz. Bidaiari bakartion ezpainetan irri samur bat azaldu zen, ze, badakizue, umeen ahalmen bereziak dauzkate. Eta orduan pentsatu nuen suertea izan zuela umeak, noiz eta Kotxe Bako Egunean autobusaren ondoan hainbeste kotxe topatu zituelako bere agurtzeko grina asetzeko.

Artean egun argia zela egin nuen alde Bilbotik, Deustutik Euskalduna zubia pasatuz eta Sabino Aranatik ihesean, kotxe artean, batzuetan geldi, besteetan astiro. Irratian Julia Madrazo berbetan zebilen Kotxe Bako Egunaren arrakastaz-eta. “Oso ondo joan da dena eta Bilbobusean inoiz baino jende gehiago ibili da.” Ai ze pozik! Jada ez nintzen hain errudun sentitzen, ze kotxea eroan arren garraio publikoan ere, zu, ibili nintzen, eta gainera beste dozenaka kotxeen elkartasuna neukan Bihotz Sakratuko rotonda barruan ezin irtenda. Ez nintzen gaizkile bakarra. Ze polita den Kotxe Bako Eguna!

“Zirkuitorik ez” plataformako baten ahotsa atera kotxeko bozgorailuetatik Balmasedako irteera hartzen nuen unean. “Hipokresia hutsa da Udalak alde batetik Kotxe Bako Eguna sustatzea eta bestetik horren aurkakorik aurkakoena den World Series zirkuitoa Bilbon antolatzea. Ez dauka zentzurik.”. Kastrexanako gainetik ikusten den bailara estua ikusiaz batera Supersurraren biadukto erraldoien balizko irudiak kolpatu ninduen kopeta.

Goizean lagun batek esan zidan, derrepentean: “E, gaur Egun Bako Kotxea da, ezta?”. Kotzeptua berez zaila da ulertzeko, inposiblea, baina han Alonsotegin pilaketan sartuta Kotxe Bako Eguna baino sinesgarriagoa bihurtu zitzaidan, batez ere agintean dauden batzuen hipokrisia ikusita.

Diñot nikSeptember 19, 2005 9:18 am
Dagoeneko igaro dira urte batzuk unibertsitatean, 15:30etako informatika klasean, “aldea globala”, “hipertestua” eta “Informazioaren Gizartearen” berri izan nuenetik. Sasoi hartan ez nuen erabat neureganatu horren guztiaren esangura, estekak eta enparauak idazten ikasi, kredituak bete eta horrekin poz-pozik geratu nintzen. Nahikoa neukan nik neure gaztetasun inozoan etxera horren belu heltzearekin. Urteak aurrera egin ahala, ostera, azken orduko eskola horien benetako zentzua ulertuz joan nintzen eta gaur egun atzera begira jarri eta konturatzen naiz han esandakoak gaur egun berton dauzkagula, begien aurrean, bizirik. Informazioa izatea eta kudeatzea boterea zela esaten ziguten, eta laster iraultza gertatuko zela arlo horretan. Orain, 2005an, edonork ikusi dezake Informazioaren Gizartearen benetako zentzua, zenbaterainoko garrantzia duen Internet sareak informazioa sortu, maneiatu eta banatzeko orduan eta zenbat aldatu den komunikabideen esparrua.

Dena den, zilborrera begira jartzen naiz eta aditua izan barik ere begitantzen zait zurrunbilo honetan euskaldunok artean nahiko atzean gabiltzala. Badira geografikoki ondo kokatutako salbuespenak, jakina, euren esparruan aitzindari eta bide-jorraile izan direnak; horiengatik izango ez balitz, ziur aski, “nahiko atzean” barik “atzeneko bagoian” esan beharko nuke. Atzeneko bagoian batez ere sentimentalki eta fisikoki hurrean dauzkagun batzuekin alderatuz gero. Katalanei buruz ari naiz. Duela gutxi, Vicent Partal kazetariak sortu zuen Vilaweb webgunearen hamargarren urteurrena ospatu zen (mundutxo honetan hamar urte badira zerbait) eta hori adibide gisa adierazgarria izan daiteke berezko hedabide eta informazio-iturriak eskuratzea zer den ulertzeko. Besteak beste, lanabes informatikoen garapena eta kudeatzearen arloan Softcatala proiektu zabal eta indartsua ere aipatu beharra dago.

Esparru horretan lan handia egin dute eta zuhur ibili dira, bai informazio-sortzaile izateko lanetan, bai herri gisa aurrerapausoak emateko orduan ere (horretan ere Sareak zeresana dauka-eta). Zuhurtasun horren emaitza lortu berri duten .cat domeinua da.

Katalanak definitzeko berbak aukeratzekotan, beharbada pragmatikotasuna nabarmendu beharko litzateke. Hain zuzen ere bide pragmatiko horretatik hasi ziren duela sei bat urte domeinu propioa erdiesteko lanetan. Saiatu ziren hasieran lurralde-domeinua eskuratzen (hau da, .ct domeinu bat, Gibraltar edota Palestinak sasoi hartan lortu zuten antzera), baina horretarako estatu izan behar da edo estatu subirano batek baiezkoa eman behar dio. Beraz, aukera gutxi zegoela ikusita ICANNeko (Interneteko domeinuez arduratzen den erakundea) zuzendaritzan egon den katalan bakarrari, Amadeu Abril abokatuari, alternatiba berritzaile bat otu zitzaion: kultura-komunitateentzako kategoria berri bat sortu, lehen mailako domeinutzat har zitekeena (.org, .info, .aero eta abarren antzera). Hortik aurrera Puntcat plataforma osatu zuten IEC-eko kideek, Internet Society-ren ordezkaritza katalana eta Kataluniako Irrati eta Telebista Elkarteak eta 2001. urtean kanpaina zabala abian jarri zen. 60000 sinadura lortu zituzten, inoiz horren moduko kanpaina batean lortu den handiena. Generalitateak ere aldeko jarrera izan du, eta ez Generalitateak bakarrik, izan ere, .cat domeinuaren onespena Espaniako Industria Ministerioak eta Andorrako Gobernuak ICANNi bidalitako gutunei esker lortu da. Kasu bakarra munduan.

Domeinu honek ez du kokapen fisikorik izango, kultura edo hizkuntza katalanarekin zerikusia duen edonork eskatu dezake, antipodetan egonda ere. Horretan mugak jartzea zaila dela agerikoa da, eta horretarako “jakintsuen batzorde” bat eta erakunde berri bat sortuko dute eskabideak onartu edo atzera botatzeko. Vicent Partalek (puntcat plataformaren bozeroalea da Vilaweben sortzailea) zerbait interesgarria esan du lorpen honen harira: .cat domeinua “Cibercatalunyaren” adierazpena izango dela. Kontzeptu hau Mercè Molist kazetariak asmatu zuen eta Sarean katalanez eta ikuspegi katalan batetik dagoen guztia hartzen du barne, folkloretik haraindi, sardanak, catellersak eta literatoak baino harago.

Onespen honek noski beste batzuontzako bidea zabaltzen du; Galizian hasiak dira dagoeneko .gal eskatzeko urratsak ematen. “ZPk separatistekin dituen tratuen ordaina”, esango dute batzuek (nahiko isil dabiltza honengatik, portzierto), eta beharbada horrela da, separatismoaren garaipen bat. Tira, horrek ez dauka bestelako garrantzirik Interneteri begira, baina bai hizkuntz bateko internauten komunitateak egin dezakeen lanari begira. Izpiritu eta ahalmen baten erakusgarria da. Seguru nago aurreko lan gogorra eta zuhurtasunik gabe eurek gu bezala ibiliko zirela, ezer ezean. Eta ez dabiltza, ez horixe, Cibercatalunyak ozenago egingo du berba hemendik aurrera.

Bitartean euskaldunok galtza motzetan… Inoiz egingo ote du berba Cibereuskalherriak?
Diñot nikSeptember 8, 2005 7:53 pm
Gaur lotsa sentitu dut.

Euskaraz inoren jarrera edo ekintzengatik sentitzen den lotsari “auzo lotsa” deritzo. Hasieran uste izan dut horixe zela nire lotsaren izena. Baina ez, ez da hori izan, zeren Hondarribiko alardearen irudiak ikusten nenbilela beldur arraro bat ere nabaritu dut. Euskal Herriko herri normal eta polit batean ari zen gertatzen telebistakoa, eta burutik pasatu zait horrelakorik beste edozein herritan gerta litekeela. Orduan konturatu naiz nirea ez zela auzo lotsa, ezpada horren eta norberaren lotsaren artean dagoen izenik gabeko beste kontzeptu bat. Ez naiz ausartzen izenik ematera, baina gaurkoan ederto sentitu dut.

Herri honetan (eta beste askotan honetan baino gehiago) ohituegi gaude irainak jasotzen eskubideak praktikan jartzeagatik, ez da gauza berria. Hala ere, Irungo edo Hondarribiko alardeen kasua niri mingarriagoa egiten zait. Mingarria egiten zait hango emakume askoren ahotik irteten duena, beste emakume batzuen kontra. Mingarria egiten zait gero emakume eta gizon horiek herri musulmanetan emakumeak zapi batekin joaten direlako sutan jarriko direlako, seguru, euren antzera dabiltzala onartu (edo ohartu) barik. Hondarribia eta Irun gainetik baino ez ditut ezagutzen, turista baten modura, eta badakit herri batean horrelako gauzak oso korapilotsuak direna. Hangoek, gai honetaz berbetan hasiz gero ziur aski esango lidakete: “zu egon isilik. Ez zara hemengoa, ez dakizu ezer. Hau gurea da”. Eta hamaika argudio hutsal botako lizkidakete tradizioa gora eta behera. Tradizioa. Tira, tradizioak horrelako kontuak ditu -esate baterako abertzale petoak Hondarribira Conde Duque de Olivares laguntzera etorri izana frantses gaiztoak garaitzeko, baina horrelako saltsetan hasiz gero akabo kontua. Bai, ederto, tradizioa hortxe dago, baina ezin dugu ahaztu tradizioa onargarria da gizakion eskubide zibilak ukatzen ez duen bitartean. Hondarribian eta Irunen batzuek, tradizioren aitzakiarekin, beste hiritar batzuen eskubideak kolokan jarri nahi dituzte. Azkenean ezin izan dute, eta plastiko beltz batean euren ezintasuna islatu dute.

Hainbat eta hainbat plastiko beltz jarri dezakete begien aurrean emakume batzuen eskubideei muzin egiteko, eta denetarik esango diete (ez ditzagun ahaztu Irunen entzundako “feas”eta “lesbianas”. Mailako irainak), baina alferrik ibiliko dira euren eskema mental zaharkitu eta atzerakoiei eutsi nahian, plastikoaren atzean bizia dagoelako, eta beste gauza inportanteago bat: duintasuna.

Pentsamendu horrek lotsaren efektuak baretu dizkit. Tristurarenak oraindik puri-purian ditut.

Diñot nikSeptember 5, 2005 5:32 pm
Egunokaz, oso jai berezia ospatu dute Otsagi aldean: Orhipean jaialdia. Han, duela ehun urteko bizimodua berreskuratu eta antzeztu dute, orduko modan jantziz, lehengo ogibideak erakutsiz edota ohiturak gogora ekarriz. Kiko Veneno ere handik ibili da; duela ehun urteko zaraitzuarren gustuko kantaria ez dakit izango ote zen, baina nik neuk gustura ikusiko nuke bere kontzertua baita horrelako jai baten harira ere. Jaiaren filosofia eta asmoa oso polita begitandu zait, bai kanpoko jendearentzat erakargarria delako, bai mendi inguruetan dauden herri eta eskualdeen arteko batasuna eta auzolana bultzatzen duelako. Baita iragan hurbileko kontuak zehaztasunez ezagutzeko aukera eman dezakeelako ere, jakina.

Otsagin euren jaialdia ospatzen zuten bitartean, Euskal Far Westeko bazter galdu honetan beste jai bat burutzen zen: Artziniegako Antzinako Azoka. Aurten zortzigarren urtez ospatu da, eta aurrekoetan lez, jende piloa hurbildu da postuak, koblakariak, kale-antzerkia, dantzak, perkusio taldeak (lotura ez dabil, baina zirikatuko ditut laster ibili dadin), abereak eta azokan dagoen guztia ikustera, jatera eta edatera. Batez ere jatera, esango nuke. Ikuskizun polita da bere motakoen artean, herrikook erdi aroko jantziak eroaten ditugulako, parte hartzen dugulako eta Artziniegako alde zaharra oso egokia delako horrelako ekitaldi bat egiteko, nik ikusi ditudan beste asko baino askoz egokiagoa. Hala ere, niri Erdi Aroko azoken kontuak ez nau gehiegi erakartzen, ez nau konbentzitzen. Azoka hauen filosofia bera iruditzen zait eskasa. Erdi Aroan girotutako azoka bat polita izan daiteke, ikusgarria, baina nik ikusi ditudan gehienak itxura hutsa baino ez dira, zuztarrik gabeko ikuskizunak, eta gehienak merkantilismo hutsean jausi dira konponbide barik. Azoka hauetan ikusitako gauza gehienak zerikusi gutxi, oso gutxi dute Erdi Aroarekin. Artziniegakoa egiteko ideia sortu zenean -1998an, Euskal Herrian bigarrena izan zen, Erriberrikoaren ostean- etnografia elkartekoek ahalik eta ganorarik handiena izan zezan saiatu ziren, bai jantziei zegokienez bai egingo ziren ekitaldiei zegokienez ere. Asmatu egin zuten eta, neurri batean behintzat, azokak, herriak eta antolatzaileek jakin izan dute izpiritu horri eusten. Gorabeherak izan dira, zeren urte batzuetan postuen kontua deskontrolatu zen zeharo, eta antolatzaileek eurek egoera konpontzen saiatu behar izan zuten Artziniegakoak beste azoka gehienek agerian zituzten gaitzak izan ez zitzan. Azken urteotan ematen du alde horretatik azoka sendotu egin dela eta osasuntsu dabilela Gaurko Gararen udako gehiagarrian (sarean irakurgai ez dauden horietariko batean) Joseba Vivancok hauxe bera nabarmentzen du, eta arrazoia du, nongoa den larregi igartzen zaio (irakurtzen baduzu, barkatu Joseba) baina arrazoia du.

azoka

Baina hala eta guztiz ere konbentzitu barik segitzen dut. Otsagiko jaialdiaren berri izan nuenean ezin izan nuen irrifarre txiki bat gorde, duela urte batzuk senide batekin izan nuen solasaldi bat gogoratzean. Esaten genuen, eta nahiko bat etorri gainera, ea ez ote zen politagoa izango herrietan egiten ziren lehengo ferien moduko zerbait egitea, gure iragan hurbilean izan den bizimodua gogoratzeko, egun batez ehun urte atzera eginez. Duela gutxi galdu den mundu hori oraindino bizirik dago gure zaharrenen buruetan, azken hamarkadetan burutu diren ikerketa sakonetan eta ohitura eta hitz askotan. Betiko galdu da, zalantzarik ez, baina halako berreskuratze saiakera bat egitea “autentikoagoa” iruditzen zitzaigun, aberasgarriagoa. Horretan geratu zen dena, afalosteko solasaldi horretan, eta geroztik poz-pozik parte hartzen izan dut Artziniegako Antzinako Azokan, aurten Saharako jaima eta guzti.

Zaraitzuarrek ere berdin-berdin pentsatu zuten, nonbait. Eta ez bakarrik pentsatu, baita egin ere. Zorionak.

Munduko bazter batenSeptember 2, 2005 10:09 am
Urte batzuk pasa dira Artziniegako Udal Gorenak kartelak, afixak edo dena delakoak jartzeko egurrezko panel batzuk ipini zituenetik. Ohartu ei zen, azkenik, zuhaitzak bandoak jartzeko lekurik onenak ez zirela eta panelok herrian (barkatu, (h)urian) sakabanaturik ezarri zituzten, leku estrategikoetan. Udaletxe aurrean ere ipinita zeukaten lehenagotik beste panel handiago bat, zuri-zuria eta argiztatua gauez ere ikus zedin, baina herri honetan beste gauza asko bezala, hura ere utzikeriaren lekuko bihurtu zen hilabete gutxiren buruan. Egurrezko panelek, ostera, martxari eusten diote, berriemaile sutsu bihurtuta, eta jende gehienak berdin-berdin jarraitzen badu ere -jarritako paperei jaramon handirik egin barik, esan gura dut- ipini beharreko zerbitzu bat zen eta, zu, fenomeno. Chapeau. Hala ere, zuhaitz batzuek ez dituzte oraindino frogatu panelen abantaila agerikoak, bando eta abisu munizipalen erasoa saihestu arren, eta askok azalean duten grapa-geruza jasanezina bihurtzear dago hainbeste eskela eta eskelaondoren erruz.

Ni neu, noizbehinkako kartel-jartzaile naizen aldetik, sano pozik nago panelak daudenetik. Batez ere horrela jarri behar ditudan kartelak ondo zenbatuta eroaten ditudalako: hamabost, ez gutxiago ez gehiago, herri osoan dauden panelak gehi beste bospasei tabernetarako. Kito. Eta ez horregatik bakarrik, baita ere kartel, pegatina, ohar eta bando irakurle amorratua naizelako; arreta ematen dit edozein hormatan paratutako edozerk. Zaletasun horren zergatiaz hausnartzen hasten naizenean honako ondorio honetara heltzen ohi naiz: herri batean dagoen biziaren termometro ezin hobea direla kaleko horma eta abarretan jarritakoak, giza-komunitate baten mugimenduaren lekuko, azken batean; suposatzen dut horregatik garatu dudala zaletasun berezi hori. Edonora noala ere kartelei begiratzea besterik ez dut egin behar han mugitzen den saltsari gutxi gora beherako neurri bat hartzeko. Jakina, metodoak huts egin lezake, kartelez betetako herri hilak eta kartel bako herri izugarri biziak egon daitezkeelako, baina tira, ideia orokor bat hartzeko nahiko zehatza suertatzen da. Herriez nabil berbetan, jakina, hiri handiek beste neurri bat daukate eta beste metodo baten beharra.

Kontua da udan arreta gutxi eskaini diedala nire panel maiteei nahiko ausentea ibili naizelako herri-kontuetan –herri-kontuez nazkatuta ere esan nezake-, baina lehengo egunean, nire opor jadanik agortuetako azken egunen orduak pasatzen uzten nenbilela, kalera irten eta ia konturatu barik panel batera hurbildu nintzen. Nahiko betea zegoen, abuztuan normala den bezala: Arabako kale-antzerki jaialdia, inoiz egingo ez den paint-ball txapelketa, Kobatako San Vitores jaia, zahartutako bando pare bat, “se vende caserío” bat… gaur bertan hasiko diren jaien arrastorik ez, ostera, antza kartelak aurten inprimategian ahaztu dituzte. Baina utzi dezadan gai hori momentuz. Panelaren erdi-erdian bando handi bat zegoen, Dina auskalozenbatekoa, euskeraz eta gaztelaniaz: “Arau Subsidiarioen berrikuspena”. Aitortzen dut ustekabe handi samarra hartu nuela, ez nuelako espero gai horren inguruko ezer ikustea. Bere garaian, berrikuspena egiteko epea bete ei zenean Artziniegan burutuko zen triskantza urbanistikoari oztopoak jartzeko itxaropena erabat galdu nuen. Horrelako gai garrantzitsu batean daukagun pasotismoak galduarazo zidan, herri baten geroaz horrelako ardurarik eza izateak azken batean.

Azalduko dut labur-labur Arau Subsidiarioen izpiritua eta asmoa, nire berbekin eta guztiok ulertzeko moduan: 300 adosatu, 14 rotonda eta industrialde berri bat egitea eta Artziniega logela erraldoi bihurtzea. Sinesgaitza? Ez pentsa, aditu zer dinoen udalak galdera hauen aurrean jenderik ez dagoenean*:

- Perdón señor Ayuntamiento, ¿me puede responder a unas preguntitas?
- Si claro, claro, dígame, pero sea escueto.
- Por supuesto, más escueto no se puede ser: Empiezo. ¿Se harán viviendas sociales.?
- ¿Qué es eso?
- Bueno, es igual, y ¿qué me dice de un Plan de revitalización del casco antiguo?
- Juai juai!
- Se han planteado gestionar mejor el polígono industrial actual en vez de hacer otro?
- ¿Pero qué dice?
- ¿No creen que convendría hacer un estudio serio sobre el impacto ambiental?
- No
- ¿Cómo es posible que no se prevea una adecuación de los servicios básicos al crecimiento poblacional?
- No hace falta, la gente solo vendrá a dormir. Al fin y al cabo esto es para que el ayuntamiento chupe dinero fácil.
- Muchas gracias. Esto es todo.

Huraxe da filosofia, herria beste zeozer bihurtzea, herria eta herritarren aldeko benetako apusturik ez egitea. Ez nuke planfetarista erraza izan gura, baina udal horretan jende berria, ezberdina, gauzak egiteko bestelako moduak daudela sinesten duen jendea, sartzen ez den bitartean Artziniegak jai dauka. Eta ez nabil gaur gaueko txupinazoaz berbetan.

Sarritan kartel irakurle izateak honelako kontuak ditu, aspalditxoan bidean utzitako motibazioak berriz pizten dizkizula.

*Elkarrizketa honetan agertzen diren pertsonaiak asmatutakoak dira.