Jaialdiak eta “autentikotasuna”
Otsagin euren jaialdia ospatzen zuten bitartean, Euskal Far Westeko bazter galdu honetan beste jai bat burutzen zen: Artziniegako Antzinako Azoka. Aurten zortzigarren urtez ospatu da, eta aurrekoetan lez, jende piloa hurbildu da postuak, koblakariak, kale-antzerkia, dantzak, perkusio taldeak (lotura ez dabil, baina zirikatuko ditut laster ibili dadin), abereak eta azokan dagoen guztia ikustera, jatera eta edatera. Batez ere jatera, esango nuke. Ikuskizun polita da bere motakoen artean, herrikook erdi aroko jantziak eroaten ditugulako, parte hartzen dugulako eta Artziniegako alde zaharra oso egokia delako horrelako ekitaldi bat egiteko, nik ikusi ditudan beste asko baino askoz egokiagoa. Hala ere, niri Erdi Aroko azoken kontuak ez nau gehiegi erakartzen, ez nau konbentzitzen. Azoka hauen filosofia bera iruditzen zait eskasa. Erdi Aroan girotutako azoka bat polita izan daiteke, ikusgarria, baina nik ikusi ditudan gehienak itxura hutsa baino ez dira, zuztarrik gabeko ikuskizunak, eta gehienak merkantilismo hutsean jausi dira konponbide barik. Azoka hauetan ikusitako gauza gehienak zerikusi gutxi, oso gutxi dute Erdi Aroarekin. Artziniegakoa egiteko ideia sortu zenean -1998an, Euskal Herrian bigarrena izan zen, Erriberrikoaren ostean- etnografia elkartekoek ahalik eta ganorarik handiena izan zezan saiatu ziren, bai jantziei zegokienez bai egingo ziren ekitaldiei zegokienez ere. Asmatu egin zuten eta, neurri batean behintzat, azokak, herriak eta antolatzaileek jakin izan dute izpiritu horri eusten. Gorabeherak izan dira, zeren urte batzuetan postuen kontua deskontrolatu zen zeharo, eta antolatzaileek eurek egoera konpontzen saiatu behar izan zuten Artziniegakoak beste azoka gehienek agerian zituzten gaitzak izan ez zitzan. Azken urteotan ematen du alde horretatik azoka sendotu egin dela eta osasuntsu dabilela Gaurko Gararen udako gehiagarrian (sarean irakurgai ez dauden horietariko batean) Joseba Vivancok hauxe bera nabarmentzen du, eta arrazoia du, nongoa den larregi igartzen zaio (irakurtzen baduzu, barkatu Joseba) baina arrazoia du.
Baina hala eta guztiz ere konbentzitu barik segitzen dut. Otsagiko jaialdiaren berri izan nuenean ezin izan nuen irrifarre txiki bat gorde, duela urte batzuk senide batekin izan nuen solasaldi bat gogoratzean. Esaten genuen, eta nahiko bat etorri gainera, ea ez ote zen politagoa izango herrietan egiten ziren lehengo ferien moduko zerbait egitea, gure iragan hurbilean izan den bizimodua gogoratzeko, egun batez ehun urte atzera eginez. Duela gutxi galdu den mundu hori oraindino bizirik dago gure zaharrenen buruetan, azken hamarkadetan burutu diren ikerketa sakonetan eta ohitura eta hitz askotan. Betiko galdu da, zalantzarik ez, baina halako berreskuratze saiakera bat egitea “autentikoagoa” iruditzen zitzaigun, aberasgarriagoa. Horretan geratu zen dena, afalosteko solasaldi horretan, eta geroztik poz-pozik parte hartzen izan dut Artziniegako Antzinako Azokan, aurten Saharako jaima eta guzti.
Zaraitzuarrek ere berdin-berdin pentsatu zuten, nonbait. Eta ez bakarrik pentsatu, baita egin ere. Zorionak.
