Deustuan (edo Deustun, edo Deuston, bezeroaren arabera) aparkatu nuen eta berriz ere poltsikoko txanpon galduen bila hasi nintzen, TAOko teklatudun makina elikatze aldera. Gose zen eta erruki barik irentsi zituen. Kotxeak makina horiei gustatu behar zaizkie derrigor. Lasai joan nintzen unibertsitateraino, han eginbehar batzuk bete nituen eta ondoren 10a hartu nuen (Bilbobusa, noski) Indautxurantza joateko. Adi jarri nintzen kristal atzetik begira eta ez nuen beste edozein egunekin alderik igarri, kotxeak eta kotxeak, ilararik ez baina trafiko normala, eta kale nagusiak zabalik. Autobus barruan ere betiko moduan, estuasunik ez. Geldirik geratu zen Deustuko zubia igaro ostean eta tarte horretan ume txiki bat Zubiarteri “aguuuu Suiateeee” esaten aritu zen, algaraka. Ondoren, ondoko kotxe guztietako gidariei esan zien “aguuuu” eskuaz eta ahoaz. Bidaiari bakartion ezpainetan irri samur bat azaldu zen, ze, badakizue, umeen ahalmen bereziak dauzkate. Eta orduan pentsatu nuen suertea izan zuela umeak, noiz eta Kotxe Bako Egunean autobusaren ondoan hainbeste kotxe topatu zituelako bere agurtzeko grina asetzeko.
Artean egun argia zela egin nuen alde Bilbotik, Deustutik Euskalduna zubia pasatuz eta Sabino Aranatik ihesean, kotxe artean, batzuetan geldi, besteetan astiro. Irratian Julia Madrazo berbetan zebilen Kotxe Bako Egunaren arrakastaz-eta. “Oso ondo joan da dena eta Bilbobusean inoiz baino jende gehiago ibili da.” Ai ze pozik! Jada ez nintzen hain errudun sentitzen, ze kotxea eroan arren garraio publikoan ere, zu, ibili nintzen, eta gainera beste dozenaka kotxeen elkartasuna neukan Bihotz Sakratuko rotonda barruan ezin irtenda. Ez nintzen gaizkile bakarra. Ze polita den Kotxe Bako Eguna!
“Zirkuitorik ez” plataformako baten ahotsa atera kotxeko bozgorailuetatik Balmasedako irteera hartzen nuen unean. “Hipokresia hutsa da Udalak alde batetik Kotxe Bako Eguna sustatzea eta bestetik horren aurkakorik aurkakoena den World Series zirkuitoa Bilbon antolatzea. Ez dauka zentzurik.”. Kastrexanako gainetik ikusten den bailara estua ikusiaz batera Supersurraren biadukto erraldoien balizko irudiak kolpatu ninduen kopeta.
Goizean lagun batek esan zidan, derrepentean: “E, gaur Egun Bako Kotxea da, ezta?”. Kotzeptua berez zaila da ulertzeko, inposiblea, baina han Alonsotegin pilaketan sartuta Kotxe Bako Eguna baino sinesgarriagoa bihurtu zitzaidan, batez ere agintean dauden batzuen hipokrisia ikusita.
