Berehala eman zidan arreta hainbeste jende adi-adi ikusteak. Normalean beti egoten da jendetza Corte Ingleseko sarrera inguruan, top-manta eta fularren aurretik pasatzen, erosten edo ihesean besterik gabe, baina atzo metrotik ateratakoan beste zerbaitekin egin nuen topo.

Hasieran pentsatu nuen gabonak bene-benetan aurreratu eta Cortilandiaren panpin mugikorren bat izango zela, baina ez, han ez zegoen umerik, eta gainera, urriaren 6a goizegi begitandu zitzaidan horrelakoekin hasteko, baita Corte Inglesentzat berarentzat ere. Hurreratu egin nintzen erakuslehio aurreko taldetxora eta orduan asetu nuen nire jakinmina.

Festival de los Complementos. Erakustaldi praktikoa giza-maniki batekin.

Neska altu bat zen, zango amaiezinak dauzkaten horietariko bat. Modeloa-edo. Neska puska, duda barik (neuk, aukeran, txikitxoagoak eta munditiarragoak nahiago ditut, dena den). Hantxe zegoen, kristalaren beste aldeko kaiolan dotore-dotore desfilatzen, pinturazko irribarre bat ahoan, teatro merkea eginez. Konplementu sorta osoa janzteko prozesuan zegoen: txano bat, bufanda, narruzko guanteak, txakur-itxurako bota iletsuak… eta bitartean oinezkoak erne, batzuk ikusten ari zirenarekin erdi barrezka, beste batzuk zur eta lur, eta beste batzuk txaloka, ondoan neukan gorbatadun bat kasu.

Neskak konplementu ia guztiak soinean zeuzkanean alde egin nuen behin-behineko zoologiko horretatik, argazki-makina konpontzen utzi behar nuela eta, horrelakoetan unea inmortalizatzeko izaten dudan suerte txarragatik kexuka, nire kolkorako .

Beste batzuek zuhurrago ibili dira, eta Irudienerako aprobetxatu ahal izan dut.

zoo