Uste dut betidanik egin diodala jaramon gehiago -edo behintzat parekoa- zelai berdearen inguruko paisaiari belar gaineko jokoari baino. Azkenaldian, halabeharrez-edo, are sarriago ibiltzen naiz horrela nire jesarleku gorritik,
San Mamesera joaten naiz giza-paisaia ikuskatzera, aurpegiak, keinuak, erreakzioak jasotzera, interpretatzera. Aitortzen dut sasoi batean normalagoa nintzela eta futbolaren sukarrak hartzen ninduela, eta orduan nerbioak jota edo neurri bako poztasunak jota ematen nituen partiduak, beharrezkoa bazen arbitroari bereak eta bi esanez. Kuriosoa da gizakion bat-bateko aldaketa simiotikoa. Baina aspaldi baretu zitzaidan gaixotasun hori eta orain domeka
arratsalde futboldunak beste modu batera bizi ditut, bizitzaren beste ikuspegi bat neureganatu dudalako beharbada. Eta eskerrak, bazterrak ez dabiltza eta nerbioetarako.
Atzo horretan nenbilen, lasai-lasai Alaves gure
Athletic sainduari egitean ari zitzaion
triskantza ikuskatzen, ikusle aseptiko baten paperean sartu gurean-edo, azken partiduetan bezala. Egoerak ez zeukan festa aurpegirik, ez horixe, eta jendeak, ikusleek, ezer gutxi esan edo egiten zuten. Partiduak aurrera egin ahala, gainera, halako behelaino trinko bat barreiatu zen harmailetan eta zaleak isilik geratu ziren, gehienak mutututa, animo-oihu isolatu bat edota kexa ozenen bat gorabehera. Itxura antzekoa zeukaten aurpegiek. Ia beti gertatzen da horrela sentimendu bat kolektibo bihurtzen denean: poza denean negusi, jendearen aurpegietara begiratu eta irudituko zaizu denak direla senideartekoak, poz kolektiboak bisaiak berdintzen dituelako; eta haserre kolektiboak berdin, eta desesperantza kolektiboak beste horrenbeste. Atzokoa desesperantza zen, edo hori ez bazen orain burura (edo atzamarretara) ez datorkidan eremu bereko sentimenduren bat. A bai,
etsipena, horixe zen. Aurpegi eta buruetatik gorakoak ere bazeukan berea: partidu hasieran aireak astintzen zituen bandaratzar zurigorriak geldirik zeuden, izozturik, eta fanfarre bien musika alaiak
kontraste patetikoaz jantzen zuen dekoratua. Ustezko protagonistak, praka laburrekoak, ezinean, zaleak kao, eta fanfarreak etengabe “Antero Txaparrotia” eta “A por ellos, oe”. Absurdoaren jaia.
Orduantxe erdi patetikoa erdi barregarria zen antzezlan horretako batzuek
hijo de puta esan zidaten. Tira, niri bakarrik ez, ezpada tribunetan jesarrita geunden guztioi, antza. Hasieran arraroa egin zitzaidan, baina gero argi heldu zitzaizkidan gaztelaniazko berba politok. Tribuneros hijos de puta. Ni más ni menos. Garrasilariak haserre ei zeuden “tribunakoek” ez zutelako animatzen, batek baino gehiagok alde egin zuelako Yestek penaltia huts egin zuenean, eta txistu bakanen bat dedikatu zitzaiolako taldeari. Ez zitzaidan gertatu bereziki mingarria, ez, are gehiago, orduan nintzen
ikusle teorikoki aseptikoari elementu polita begitandu zitzaion dekoraturako, oraindik absurdoagoa, zaleak zaleari
irainka.
Dena den,
dekoratu kafkiarrarako halakoa begitandu arren -polita- uste dut, egia esan, irainaz erratu egin zirela, tribunakoak ez gara-eta putakumeak. Batzuk izango dira, baina kontrakoa demostratzen ez den bitartean, bego horretan.
Ergelak, ostera, bagara, seguru aski bai. Ergelak gara irainka jardun zutenak bezalaxe, denok zirku horretako partaide aktiboak garen neurrian; eta, pentsatzen hasita, eurak baino gutxitxoago. Aurpegietan igarri nien atzokoan ergeltasun kolektiboaren errege horiei.
Partidu ostean lagun batekin hartu nituen zerbeza bi Pozasen, eta barreak egin genizkion kontu honi guztioni. Biok ikasita daukagu, tamalez edo zorionez, zer den bizitza honetan merezi duena eta zer ez.