Egun argiko beroa ihesean dabil, presa baleuka bezala, arrakalaz josiriko landen haragoko zeruertzean ostentzen den eguzkiarekin bat. Amaia soinean luze jantzita daroan txilaban bildu da une batez, haimara itzultzeko nagitasun puntu batekin. Gustura dago benetako basamortua hasten den leku horretan, azken palmondoaren azpian. Beroaren atzetik hotza dator bidean ia konturatzeko paradarik eman barik. Ez da hotz arrunta, ostera, Afrikan baino ezin sentitu daitekeen sentsazio bat da, gure hotzetik hur dago baina beste izan bat beharko luke, ziur aski. Amaiak ebatzi du Azizi galdetuko diola gerotxoago zelan esaten zaion gauez dagoen sentsazioari, eta horrela esango diola aurrerantzean, hotz normaletik bereizteko.
Altxatu egin da, horrela, zutunik, eguzkiak alde egin baino lehenagoko azken unean egiten duen argizko marrari azken begirada bat botatzeko. Orduan, mundu nabar horri bizkarra eman eta palmondoen azpiko haiman murgildu da atzera ere, berotasunaren bila. Tearen usain gozoak egin dio harrera. Haimako zorua alfonbra handi batek estaltzen du. Erdi-erdian mahaitxo bat dago, eta bazterretan diban batzuk eta kuxin ugari. Fatma, Azizen ama, tea prestatzen dabil mahaiaren ondoan belauniko. Zerbait esan dio Amaiari, ea tea gura duen, edo agian ea hotzagatik –edo beste izen bateko horregatik- sartu ote den haimara. Ez dio ulertu, hiru egunetan zaila da-eta hizkuntza bat ikastea, baina hotzari buruz galdetzen diolakoan “Bai, hotza edo, gauez hemen hotz handia duzue eta!” erantzun dio. Azizek barre egin duenean jakin du Amaiak hotz konturik ez zegoela amaren itaunean, eta te-kikara seinalatuz baiezko keinu bat egin dio keinu baten zain dagoen andreari. Te beroa bota dio tazatxo batera.
Amaia kuxin biren gainean jarri da, erdi jesarrita, erdi etzanda, Azizen ondoan baina amaren aurrean maitasun keinurik egitera ausartu gabe. Gozoa da tea, Azizek Bilbon zeudenean prestatzen zionaren antzerakoa, are gozoagoa beharbada. Mutilak berbetan ibili da amarekin istant batez eta otzara txiki bat eskaini dio neskalagunari; “Hartu Amaia, hauek munduko gozokirik goxoenak dira”. Begi zuri handiekin esan dio eta neskak zeharo sinetsi du esandakoa: horiek dira munduko gauzarik goxoena, ez dagoelako beste aukerarik. Badira.
Gozokia jan ahala, behinolako oroitzapenak are lausoago bihurtzen zaizkio Amaiari, beste mundu batetik etorritako neskari. Orain tean, palmondoetan, landa ihartuetan eta Azizengan baino ez du pentsatzen, bai eta hango gauen hotz bereziaren balizko izenean ere. Itzuliko da inoiz iratzargailu ondora, umeen zalapartara, ikusiko du berriz ere bolloa mendi goietan, baina gordeko ditu egunok barruan, eta betiko izango ditu alboan, Azizen begi zurietan, haren azal ilunean marrazturik.
Lehengo egunean ere etorri zen roskoa etxera. Belu, armozua pasatu ostean, baina etorri zen. Arratsaldean hurreratu nintzaion, kutxilloa eskuan, altxorra neuk topatuko nuelakoan… baina ez, hantxe zegoen altxorra plateraren ondoan, topatua ordurako, plastikotxoan bildurik artean. Aurkitzaileari ez ei zitzaion iruditu nahikoa baliotsu eta jaramonik ere ez nion egin.
“Sigue buscando” esan zidan tximinoak bere triziklotik.
