Lehengo egunean ere etorri zen roskoa etxera. Belu, armozua pasatu ostean, baina etorri zen. Arratsaldean hurreratu nintzaion, kutxilloa eskuan, altxorra neuk topatuko nuelakoan… baina ez, hantxe zegoen altxorra plateraren ondoan, topatua ordurako, plastikotxoan bildurik artean. Aurkitzaileari ez ei zitzaion iruditu nahikoa baliotsu eta jaramonik ere ez nion egin.
“Sigue buscando” esan zidan tximinoak bere triziklotik.
Hasieran pentsatu nuen gabonak bene-benetan aurreratu eta Cortilandiaren panpin mugikorren bat izango zela, baina ez, han ez zegoen umerik, eta gainera, urriaren 6a goizegi begitandu zitzaidan horrelakoekin hasteko, baita Corte Inglesentzat berarentzat ere. Hurreratu egin nintzen erakuslehio aurreko taldetxora eta orduan asetu nuen nire jakinmina.
Festival de los Complementos. Erakustaldi praktikoa giza-maniki batekin.
Neska altu bat zen, zango amaiezinak dauzkaten horietariko bat. Modeloa-edo. Neska puska, duda barik (neuk, aukeran, txikitxoagoak eta munditiarragoak nahiago ditut, dena den). Hantxe zegoen, kristalaren beste aldeko kaiolan dotore-dotore desfilatzen, pinturazko irribarre bat ahoan, teatro merkea eginez. Konplementu sorta osoa janzteko prozesuan zegoen: txano bat, bufanda, narruzko guanteak, txakur-itxurako bota iletsuak… eta bitartean oinezkoak erne, batzuk ikusten ari zirenarekin erdi barrezka, beste batzuk zur eta lur, eta beste batzuk txaloka, ondoan neukan gorbatadun bat kasu.
Neskak konplementu ia guztiak soinean zeuzkanean alde egin nuen behin-behineko zoologiko horretatik, argazki-makina konpontzen utzi behar nuela eta, horrelakoetan unea inmortalizatzeko izaten dudan suerte txarragatik kexuka, nire kolkorako .
Beste batzuek zuhurrago ibili dira, eta Irudienerako aprobetxatu ahal izan dut.
Konturatu orduko beste argi bat dago, iraila badoa, zapatek ihintz freskoa edaten dute goizetan, sandaliak armairuaren txoko batean sartuta dauzkat eta bihar-etzitan hasiko dira gabonetako argi hortera horiek hirietan eskegitzen, mortalok zeozer erosi behar dugula ahaztu ez dezagun.
Berandu baino lehen, beraz, Jordaniako zenbait izpi eta begi.
Blogean idazten hasi nintzenetik inoiz ez diot ekarpenik egin ohiko lekuetatik kanpo (etxea, lana…), eta horregatik ilusio berezia egiten dit urruneko txoko galdu (niretzat sikieran, gaur egun leku galduak bi izango badira ere, gehienez) honetan ordenadore aurrean jarri eta hangotzat neukan nire aterpe horretan zerbait idaztea, eta konprobatzea aterpea inongoa eta leku guztietakoa delako, unean gura dudan leku horretakoa, izan litekeela jordaniarra, euskalduna edo txinoa. Gaurko mundu puta honen marabillak.
Ilusioa egingo zidan, seguru, blogari azken egunotan kameraz atzeman ditudan bitxietako bat ere eskaintzea, begietan pilatuz joan naizen sentsazioak modu errazago batean aurkeztearren beharbada.
Baina natorren harira. Kalean sua dela esan dut. Sua, inoiz jipoitu nauen berorik zakarrena, surtzuloak eta eztarria kupida barik sikatzen dituen horietarikoa. Akaban nago, Itsaso Gorriaren ertzean, Jordanian, eta hemen beroa ezin liteke basamortutik etorri, handik natorrelako, han beroa bero zelako eta ez su kiskalia. Ez naiz kexatzen hala ere, gustura nago, sentsazio berezia da deshidratazioaren laztana hain modu efektibo eta bizkorrean igartzea. Nork esango zidan niri berozale bihurtuko nintzela.
Ez daukat luzaroan jarduteko astirik, berandu delako, nekatuta nagoelako eta harrerako morroiari beste dinar bi ordaintzeko gogorik ez daukadalako. Jatorra da, baina ez beste dinar bi oparitzeko beste. Beraz, ez naiz astuna izango, eta berba pare bat (edo pare batzuk) besterik ez ditut tekleatuko ikusi eta gozatu berri ditudan lekuetaz, Jordaniako iparraldetik hegoalderantz egindako bidaia express hau deskribatzeko-edo.
Aireportura abiatu baino lehenago esan zidan norbaitek leku ezezagun eta berri batera bidaiatzen duzunean denborak beste osagai batzuk bereganatu eta modu ezberdinean pasatzen dela, eta gertatzen dela zuretzat igual hilabete igarotzea eta etxean gelditu direnentzat bost edo sei egun. Oraindik ez naiz etxera itzuli, baina susmatzen dut oraingoan ere denbora bihurri portatuko dela eta horrelako jokoekin barreak botako dituela gure kontura. Izan ere, nik duela aste bi inguru utzi nuen atzean Bilboko euri freskoa, egutegiaren arabera bost egun eskas pasatu diren arren, eta Ammaneko gotorlekutik entzun genuen ilunabar islamiko-kaotikoa aspaldi gertatu zela. Petran ere errealitateak dinoen baino denbora gehiago egon naiz hango mendi eta zintzurretan ateak, eskulturak eta tenpluak deskubrituz, eta Wadi Rumen gau ederrak bizi ditudala izarrei begira. Baieztatuko dut etxeratutakoan, baina uste dut kontua hortik ibiliko dela eta denborak nirekin, gurekin, jolastuko duela.
Ederto jolastu gainera.
Ederra delako Jordania. Ederra da hondar gorria eta bero kiskalia, eta basamortuan galdutako hiri arrosak. Ederra da egun batzuetan behintzat atzeko kezka, aje eta kaka guztia atzean uztea eta beste zerbait ezagutzea, beste zerbait, beste norbait izatea.
Uste dut ohituko nintzatekeela hilabete batzuk honela ematen eta lantzean behin nire sareko aterpe errarian zerbait idazten.
Egun batean hori guztia amaitu egin zen, bat-batean, instant batean, amenjesus batean, eta olatu erraldoi horietako batzuek ez zuten itsaso azalera itzultzeko astirik izan. Hantxe diraute gaurdaino, tinko, zutunik, harrigarri.
Bada, oraindik ere, olatuok berpiztuko diren beldur denik, eta egurrezko hesiaren atzean ostentzen denik, hesi makal hori olatuek nekatu barik birrinduko luketen arren.
Harrizko hormak sutan jartzen dizkit oinak, eta hatz-puntak.
Beroak ikusmena lausotzen duela ematen du, asfalto kiskaliaren gainean egoten den airea bezalaxe. Bero honek zarata ateratzen du, kilk-klik eginez-edo arteen hostoetan eta kiskalitako galsoroetan.
Bada Euskal Herririk baserriz jositako landa berdeez haraindi. Banekien, baina hemendik goitik argiago ikusten dut.

Zeruan, laino bat ere ez dut ikusi. Hala ere, ematen zuen iluntzea barik egunsentia zela, eta orduantxe ari zirela esnatzen bizidunak eta bizigabeak, gaurik luzeena eta hotzena baino jasanezinagoa izan den egun errearen ostean. Dena dela, gauaren ahaleginak gorabehera, hantxe jarraitzen zuen beroak, tinko, “Kostako zaizu ni botatzea, gero”, entzun diot esaten, harro.
Gero, etxera heldu naiz. Zalantzatan ibili naiz, ez pentsa, zeren kanpotik beste etxe bat begitandu zait, hutsik dagoen etxe bat edo, inor bizi ez dena, pertsianak beheraino jaitsita dituena. Baina ez, konturatu naiz nirea dela, eta atea ere kolpe bakarrarekin itxita dagoela, giltzari bueltak eman barik, neuk ia beti uzten dudan moduan. Fresko egon da barruan, ilun, jaitsitako pertsianei esker. Eskertu ere egin dut barrura sartzea, une batez. Baina berehala beste hotz batekin egin dut topo ezkaratzeko ate ertzean jarri eta baldosen zuriari so geratutakoan.
Banekien berarekin topo egingo nuena, aurrez-aurre: bakardadearen hotza sartu zait sudurtzuloetatik -batetik bestetik baino gehitxoago, hori bai- eta logelara etorri naiz, eskailerak pausu arinez igota, binaka. Atea itxi dut, nire bakardadearen espazioa txikitxoagoa izan dadin, eta atzamarrak teklen gainean pausatu ditut, tramankulu grisaren ON botoiari sakatu ondoren.
Burua hustu, baretu, eta idazten hasi naiz.
Uda. Oraina. Unekoa. Dena delako hau definitzeko esaldirik aukeratu beharko banu, seguru aski momentu hau margoztuko nuke. Hitzez eta keinuz.
Hala ere, eguraldi ona dagoen egunetan ere kontuak aldatuz doaz urteekin batera. Gogoan dut duela urte gutxi kuadrilla handia batzen ginela kanpoko landan toailekin, aldizkariak eroaten genituela, edo libururen bat, edo diskmana, eta orduak ematen genituela han, udan beste zereginik ez zegoelako-edo, edo behintzat beste zereginik ez geneukan asko geundelako. Baina horren arrastoa besterik ez da geratzen aurten, eta iaz ere, berdintsu. Badakit arrazoia agerikoa dena: urteak. Kuadrillako gehienok atzean uzten ari gara hamabost urteetatik hogeita bostetera doan hamarkada magikoa, eta bizitzaren legea da lehengo gauzak egiteari uztea, eta beste batzuk egitea, eta beste erantzukizun edo zaletasunak eukitzea.
Pena apur bat ematen du horrelako momentuei nostalgiaz begiratzeak. Zer egingo diogu, beharbada sirimiriarena da errua, eta eguzkia irtendakoan arrapaladan batuko gara toaila gainean. Ez dut uste, baina ni neu pistinara noa, ia sokorristak zer kontatzen didan.
Hori kontuan hartzen ez bada, irudian ikusten dena Odoriaga mendia dela esan daiteke. Hantxe, gure Jaurlatxirla maiteak parke eoliko luze bat ipini gura du, Gorbeiaganeko gurutzetik 3 kilometrora eta parke natural baten barruan.
Zelako ideia mundialak dauzkan gure Jaulatxirlak.
Esan nezake zeozer asteburuan pairatu dudan beroaren gainean, eta garagardo litroak edan arren mozkortu ez naizela.
Esan nezake nire lagun batek jembé bat erosi zuela goizeko hiruretan, eta jendea batzen zitzaigula hura jotzeko.
Esan nezake kebab, patata frijituez eta zerbezaz elikatu naizela, eta nire urdailak nahiko ondo aguantatu duela erronka.
Esan nezake gotikoen rolloa ulertzeko gai ez naizela izan, saiatu naizen arren, eta nire lagunek ere antzera ibili direla, teoriarik eraiki ezinean.
Esan nezake Urtziren liburua ez dudala amaitu, eta ez hori bakarrik, baita ere parrafo bi baino ez ditudala irakurri, eta ez oso ondo, gainera.
Esan nezake dutxak nire gorputzari zerion ur beltza irentsi zuela, eta batzuek 3 orduko ilara egin zutela 2 minutuko dutxa bat hartzeko.
Esan nezake kotxe bat 5 metrotik behera zelan botatzen zuten ikusi nuela, eta ez zidala batere penarik eman.
Esan nezake txosna bateko barran ondoan egokitu zitzaidan giputz batekin bat etorri nintzela erabat, eta neuk ere eskasa baino gehiago malamuertekue iritzi niola hango zerbitzuari.
Esan nezake pena hartu nuela maskarilla bat ez eroateagatik, eta gaur goizean ere hautsa kendu dudala belarri barrutik.
Hori guztia esan nezake, batez ere hautsarena.
Baina utziko diot eguzkiari hitz egiten, burua ez daukat-eta berbaldi potoloetarako.
Agian norbaitek, aurreiritzi matxistaz beterik, esan lezake neskato bik jarritako erritmoari jarraitzeko ez dela beste munduko hankarik behar, baina zu, ez gabiltza edozelako neskatoren gainean berbetan, hauek kastako txirrundulariak dira, eta beraien entrenamendu lasai bateko erritmoari eutsi ahal izateak, aurten egin ditudan kilometro gutxi horiek kontuan hartuta, niretzat behintzat meritua dauka, ze demontre. Berba egiteari utzi barik joateak ere akaso lagunduko zuen kilometroen luzera gutxitzen. Ez dut uste irakurriko dutenik, baina… Naiara eta Maitane, fenomeno!
Gauza bat argi badago lasterketa honen filosofiaren barruan, hori da irabazlerik ez dagoela, sailkapenik ez dagoela, parte hartzen duen guztiak irabazten duela, neurri berberean. Bat nator, zeharo, baina dena dela, nik ipiniko nuke irabazleren bat atzokoa ikusita. Ez naiz nitaz ari, harrokeria puntu batekin egin nezakeen arren, oso gustura geratu nintzelako. Baina ez, beste pertsona bi nabarmenduko nituzke.Herriko plaza jadanik txirrindulari barik eta traste guztiak batuta zeudenean agertu ziren, gainera.
Gutxien espero genuenean hara non agertzen diren bata bestearen atzetik “Irabazle” izena (edo abizena) merezi zuten bakarrak:
- Lehenengo irabazlea ezkerretakoa duzue, eta bai, atzean agertzen den bizkleta erdi marziano hori berea da. Tipoa holandarra zen - kilometro bateko distantziatik ere “holandarra naiz!” oihukatzen zuen ahoa zabaldu barik- Pertsona bitxia zela esaten badut labur geratzen naiz. Tipoak, antza, hiru aste zeramatzan Bilbon ez dakit non lanean, ez nion ulertu, dakidan gauza bakarra da Diputaziotik hurbil zegoela lekua, eta handik kasulitate hutsez kartel bat ikusi eta atzo bizikleta izugarri horretan etorri zen Artziniegaraino. Bueno, kontua da ibiltzen hasi eta nahiko atzean zebilenez, lasterketa Artzentalesetik pasatu zenean Sopuertako bidea hartu beharrean Karrantzara egin zuela. Galdu egin zen, eta azkenean bide zuzenari heldu zion arren, berandu egin zitzaion.
Atzo bertan itzuli behar zuen Holandara. Txorizo apur bat jan eta bizkleta hartuta joan zen berriro Bilboraino. Beharbada baten batek ikusiko zuen arratsaldean Biriatuko muga zeharkatzen, nik edozer sinistuko nuke. Horregatik izendatu dut irabazle, eta betaurrekoengatik.
- Bigarren irabazleak ez dauka, holandarrak bezala, betaurreko biseradunik (beti harritu izan naute betaurreko horiek), baina hala ere, ezin nezake sari barik utzi bizkleta gainean hain kementsu eta alai dabilen laurogei urte inguruko gizon hori. Gasteizkoa zen, eta uste dut Jesus Ibisate zuela izena. Bera ere galdu egin zen, Sopuertan Umarango kaminoa hartu ordez Muskizekoa hartu eta hondartzaraino iritsi zen; hantxe buelta eman eta apurka apurka joan zen Artziniegaraino. Irribarre batekin agurtu gintuen frontoian holandarrarekin berbetan geundenongana hurreratu ahala.
Susmoa dut ilusioa egiten ziola itsasoa ikusteak.
